Idoia ERASO
BAIONA

Gaur abiatuko da Xilaba, bertsolariak taldeka jarriko dituen molde berrian

Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherea elkartzen dituen Xilaba bertso txapelketa bertso afari batekin abiatuko da, Gamereko ostatuan. Taldekako formatua hautatu izanaren arrazoia gazteak taularatzeko urratsa erraztea da, eta xedea lortu dela erran daiteke, 44 bertsolarik hartuko baitute parte. Hala ere, 2020an banakakoa izanen da norgehiagoka, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako hiru hautagaiak aukeratzeko.

Bertsularien Lagunak elkartetik aurten abian eman duten antolaketari esker, parte hartzaileen kopuruak argiki egin du gora. 2008an, Xilaba lehen aldiz antolatu zenean, 16 bertsolarik hartu zuten parte, eta 2016ko edizioan 15 izan ziren. Urteekin parte hartzeak ez zuela gora egiten ikusita, antolatzaileek ekitaldia egokitzeko beharra ikusi zuten. Horrela sortu zen taldeka egiteko ideia, eta horri esker aurten 44 bertsolari izanen dira lehian.

«Guretzat bertsolarien partehartze kopuruek aldaketaren beharra erakusten zuten», baieztatu du Xumai Murua Berra Bertsularien Elkarteko lehendakariak. Egindako bideaz gaineratu du: «Orain arte eragitea lortu dugu, 2.000 lagun izan genituen entzuleen artean, zaleengan mugimendua ikusi da, baina ez hainbeste bertsolariak ausartzeko momentuan. Bertso eskoletan ari diren helduak taula gainera erakartzea da gure oraingo helburua».

2016koa izan zen azken edizioa, iaz ez baitzen lehiaketarik izan. Tarte horretan Euskal Herrian zehar egiten diren beste ekimen batzuk ezagutzera hurbiltzeko desmartxa egin zuten Bertsularien elkartetik. Horrela ikusi dute aurtengo Xilabak hartuko duen norabidea beste lurraldeetako lehiaketetan ere egiten dela: Taldekakoa Bizkaian, Herriartekoa Gipuzkoan, Bardoak Nafarroan eta Kuadrillen Artekoa Araban.

Taldekoa izateak sortzen duen giroak txapelketari lehia kutsua kendu eta lagunarte giroa nabarmentzea ere badu xede: «Bertsolariek taldean giro goxoan kantatzea nahi dugu, ez da hainbeste jendea biltzea». Hori dela-eta, saioak gaztetxe eta ostatuetan antolatu dituzte. Finala bera ere, aurrekoetan ez bezala, Baigorriko Plaza Xoko gelan jokatuko da. Abenduaren 1ean eginen da, eta ondoren afaria izanen da.

Taldeek, bertsotan aritzeaz gain, saioa antolatzeko ardura ere izanen dute beren gain, baita gai-emaile eta epaileenak ere. Herrietako bertsozaleez inguratuta, bertsolaritza dinamika hedatu, eta parte hartzea ahalik eta gehien hedatzea ere bada xede. Hori dela eta, epaile lanetan, dagokion taldea aritzeaz gain, ikusleek ere hartuko dute parte. Hiru boto izanen dira: bi, taldeetako kideena, eta hirugarrena, ikusleek emandakoa. Azken hau pertsona bakar batek eman dezake, baina batek baino gehiagok egin nahiko balute, bost kidera arteko taldeak ere egin dezake, boto bakar hori denen artean deliberatuz.

Hamaika talde

Txapelketan parte hartzeko pausoa eman duten taldeen gehiengoa Lapurdi aldekoa, eta bereziki hegoaldekoa, bada ere, Ipar Euskal Herri osoa dago ordezkatuta. Zozketa bidez hiru multzotan banatu dira taldeak.

Lehen multzoan Maule eta Zuberoa osoko kideak dituen Kantinersak taldea, Hendaia eta Urruñako Ostatu Batuak, Hiriburuko Ezkorbrutak eta Hendaiako Kosta ala Kostak hartuko dute parte; bigarrenean, Amikuzeko Eskukula, Donibane Garaziko Otsoaren 7 umeak, Azkaine eta Sarako Kontrabandak, eta Azkaine eta Sarako Mattinsalto daude. Azken multzoan, Makea eta Hazparneko Dilindan, Hendaia eta Ziburuko Sasi Bertsolariak eta azkenik, Baigorri eta Itsasuko Tirrit taldea ariko dira. Ligaxka, gaur hasita, hamaika saioz osatuta egongo da: biharkoa, urriaren 19 eta 26koak, azaroaren 3, 9, 16 eta 17koak. Finalaurrekoak azaroaren 23 eta 24an izanen dira, eta finala, abenduaren 1ean.

Taldekako antolaketarekin eta ikusleei epaile izateko aukera emanda, aurtengo parte hartzea handitu, dinamika aberastu eta hurrengo urteetarako hazia ereitea espero du Murua Berrak: «Etorkizunari begira gugana hurbilduko direnak». Horrela, beharbada, bakarkako Xilaba egiten denean jende gehiagok emanen du izena, eta epaile berriek ere beren burua proposatu dezakete.