Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Beldurrezko Zinema Asteak Mary Shelleyren Frankenstein du ardatz

Mary Shelley idazle britainiarraren «Frankenstein», beldurrezko generoko klasikoa eta zientzia-fikzioa zedarritu zuen obra literarioa, izango du ardatz aurten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Asteak. Jaialdiaren 29. edizioa urriaren 27tik azaroaren 2ra izango da eta, sail nagusian 23 film emango dira, horien artean emankizunak irekiko dituen «Overlord», Julius Averyren filma. Atariko gisa, Bang Bang saioa izango da bihar, Antzoki Zaharrean.

Mary Shelley eta honek sortutako Frankenstein pertsonaia izango ditu ardatz urriaren 27an abiatuko den Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen 29. edizioak. Idazle britainiarrak 1818. urtean argitaratu zuen “Frankenstein” eleberria, gerora generoko klasiko bilakatuko zen obra, eta literaturan zein zineman bertsio gehien izan dituen lanetariko bat. Hala, Shelley eta honek beldurrezko generoari egindako ekarpena dira Zinema Asteko protagonista, karteleko iruditik bertatik hasita, eta jaialdian leku berezia beteko dute: “Mary Shelleyren ondarea” zikloan, Frankenstein pertsonaiaren inguruan eraikitako bederatzi film emango dira; besteak beste, oinarrizkoa eredu hartuta eraikitako “Bride of Frankestein” (James Whalek 1935ean filmatua), “The Curse of Frankenstein” (Terence Fisher, 1957) eta “Flesh for Frankenstein” (Paul Morrissey, 1973). Jaialdiaren arduradun Josemi Beltran-ek nabarmendu zuenez, ziklo honetan beste zenbait film interesgarri ikusteko aukera ere izango da; esaterako, Frankenstein sortzeko ideia nola sortu zen agertzen duen Ken Russellen “Gothic” (1986) eta “Mary Shelley” (2017), idazlearen gaineko biopica, Haifaa Al-Mansour-ek zuzendua. «Luxu bat izango da film hauek ikusi ahal izatea», ziurtatu zuen Beltranek.

Sail ofizialari dagokionez, 29. edizio honetan 23 film emango dira. Julius Averyren “Overlord” (2018) filmak irekiko ditu emankizunak, urriaren 27an, Antzoki Zaharrean (19.30). Filmak, Bigarren Mundu Gerran girotua, nazioek egindako esperimentuak ditu oinarri. Inaugurazio ekitaldiaren aurretik, baina, “Mary Shelley laborategia” izendatu duten familia tailerrak izango dira Bulebarreko kioskoan: makillajea, esperimentuak eta pailazo hiltzaileen kalejira izango dira Parte Zaharra girotzen, besteak beste.

Gainerakoan, Ali Abbasiren “Gräns”, Lars von Trier-en “The House Tha Jack Built”, Shinsuke Sato japoniarraren “Inuyashiki”, Huh Jong-ho korearraren “Monstrum”, Alejandro Fadel argentinarraren “Muere, monstruo, muere”, Nicolas Pesce estatubatuarraren “Piercing”, Emma Tammiren “The Wind”... denetariko jatorri eta gaitako filmak ikusi ahalko dira eta sail ofiziala Quinn Lasheren “He’s Out There” filmaren emanaldiak itxiko du, azaroaren 2an eta lehiaketaz kanpo. Bertan, oporretara laku baten ertzera doazen ama eta bi alabek urtetan zelatatu dituzten gizonak euren aurrean agertzea erabakitzen dutenean biziko duten amesgaiztoa kontatzen da.

Beltranek gaineratu zuenez, film laburren zirkuituan hamasei pelikula ikusi ahalko dira, tartean animaziozko lau film, «oso estilo ezberdinekoak eta maila altukoak».

Ekitaldi paraleloak

Urriaren 27a iritsi aurretik, baina, asteburu honetan bertan izango da jaialdiarekin lotutako ekitaldirik Donostian. Bihar, Bang Bang saio berezia izango da Antzoki Zaharrean (19.30) eta bi film ikusi ahalko dira: Paul Verhoevenen “Total Recall” (1990) eta William Friedkinen “The Exorcist” (1973).

Jaialdian zehar Antzoki Zaharrean egiten diren emanaldiez gainera, beste zenbait aretotan ere ikusi ahalko dira beldurrezko eta fantasiazko filmak, tartean Kresala zineklubean edota Kontadores-en, eta haurrentzako emanaldiak ere izango dira. Eta Donostiatik kanpora ere hedatuko da jaialdia: Irungo CBA kulturgunean Bryan Bertinoren “The Monster” (2016), Colin Minihanen “It Stains the Sands Red” (2016) eta Oz Perkinsen “February” (2015) emango dituzte; Zumarragako Zelai Aristin Justin P. Langeren “The Dark” (2018) eta Colin Minihanen “What Keeps You Alive” (2018); eta Oiartzungo Udaleko ekitaldi aretoan Paul Urkijoren “Errementari” (2018) (egitarau osoa www.sansebastianhorrorfestival.eus gunean).

Zinemaz gainera, bestelako ekimenak ere barneratuko ditu, ohi bezala, Beldurrezko Asteak. Horien artean nabarmenenak Donostiako gune ezberdinetan egongo diren erakusketak dira, baina tailerrak, beldurrezko generoaren gaineko hitzaldiak, film komentatuak eta errealitate birtualeko saio bereziak (jaialdiaren informazio puntuan) ere egongo dira.

Programa osoa Beldurrezko Zinema Astearen webgunean dago ikusgai.