Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JO PUNTUA

Etxerik gabeko jendea...

Eta jenderik gabeko etxeak egoteari lotsagarria zeritzon Kataluniako kantari batek film baterako sortutako abestian. Berriki Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman ditu EAEko Etxebizitza Legeari buruzko artikulu gehienak, eta horrek etxebizitza eskubidearen gaineko eztabaida berpiztu du. Legeak onartzen du eskubide subjektiboa dela. Ondorioz, egoera jakin batzuetan Jaurlaritzari erreklamatu ahal izango zaio, eta epaitegietara ere jo ahal izango da. Horrela bada ere, oraindik zail egiten zaigu etxebizitza eskubide osotzat hartzea; urrun dago hezkuntza eskubideak edo osasun eskubideak duten gizarte babesetik.

Dudarik gabe, oinarrizko eskubide hori bermatzeko ezinbestekoak dira epe luzeko inbertsio publiko handiak. Baina zer gertatzen da bermatzen ez bada? Bada herritarron bizi-kalitatea eta osasun fisiko zein mentala okertu egiten direla, gizarte eragin nabarmenekin; besteak beste, emantzipatzeko adinaren atzerapena eta jaiotza-tasaren eragin negatiboa. Laburbilduz, bizitoki baldintza egokiak ez izateak gainerako gizarte eskubideak indargabetu edo ahultzen ditu.

Etxebizitza eskubidea bermatzen dela esateko bizileku bizigarria eskaini beharra dago, eta tamaina zein bestelako ezaugarri egokiak bermatu, pertsona edo familia jakin batentzat. Beraz, ezin ahaztu eraikinen eta etxeen birgaitzeak duen garrantzia, ezta azken honek energia gastuan duen eragina ere. Are gehiago, legeak ingurua ere duina eta egokia izan behar dela dio. Ba al dituzte gure auzoek berdegune eta ekipamendu nahiko?

Gaia konplexua da, eta interes kontrajarri ugari daude tartean; merkatuak duen pisua nabaria da. Azken batean, etxebizitza eskubidea bermatzeko egitekoa handia da eta premiazkoa, halaber, nekez ematen den politiken arteko koherentzia. Horren adibide etxebizitza, zerga zein hirigintza politikak dira. Azkenaldian, etxebizitza hutsak desjabetzeko aukeran arreta jarri da. Dena den, muturreko egoeretan soilik erabili ahal den neurri horretan sakontzea baino, eztabaida etxebizitzaren funtzio sozialean ardaztuko nuke: bizi-baldintzak hobetzeko eta gizarte-bazterketa saihesteko tresna gisa.