Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Arestiren oihartzun garaikidea ikertu du Asier Amezagak

Bilboko Udalaren Unanumo Saiakera Sariaren iazko edizioa irabazteak ireki dio Asier Amezagari «Inor ez delako profeta bere mendean. Gabriel Aresti egunean» (Erein) saiakera idazteko atea. Bere olerkien bidez Aresti egun «nola gorpuzten den» ikertu nahi izan du.

«Inor ez da / profeta / bere mendean» utzi zuen idatzia Gabriel Arestik, eta poema labur huraxe baliatu du Asier Amezaga soziologoak Bilboko Udalaren Unamuno XVIII. Saiakera Saria irabazita idatzi ahal izan duen saiakera osatzeko. Idazle eta poeta bilbotarraren irudira eta obrara begirada garaikidetik hurreratzen den lana da “Inor ez delako profeta bere mendean. Gabriel Aresti egunean” (Erein). «Liburua ariketa bat da, nolabaiteko jolas bat. Aresti eta bere poemen bila aritu naiz eta euskal gizartearen gaur egungo ikuspegi bat ematen ahalegindu naiz», ziurtatu zuen Amezagak liburuaren aurkezpenean.

Zehazki, bost ataletan banatuta, bere poemen bidez Arestik gaur egun duen proiekzioa dago lanaren oinarrian, «madarikatua, espainolista eta komunista izatetik totemiko bilakatzera» nola iritsi den agertzeko. Horretarako, poeta bilbotarrak eta bere obrak egun espazio publikoan betetzen duten lekua hartu du ikerketaren abiaburutzat. Esaterako, saiakerari hasiera Bilboko Arriaga antzokian Arestiren omenez egin zen ikuskizun batek ematen dio eta amaiera, aldiz, Bilboko Aste Nagusiko txupinazoan Kirmen Uribe idazle ondarroarrak “Egun da Santi Mamiña” oinarri hartuta egin zuen bertsioarekin.

Denboran atzera eta aurrera eginez, Amezagak zenbait gertakari garaikide eta Arestiren irudia edota obra nola harilkatu diren eta espazioaren eta denboraren arabera hartu dituen esanahiak aztertu ditu. Besteren artean, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrena, “Euskaldunon Egunkaria”-ren itxiera, Guggenheim museoaren sorrera eta Euskaltzaindiaren Arantzazuko Batzarra hartu ditu ikerketagai, baita Euskal Rock Erradikala deituan Arestik bete zuen lekua ere. Adibiderik ere jarri zuen: «‘Nire aitaren etxea’ errepikatu izan da hainbatetan, baina segun noiz eta nola eman den, esanahi bat edo beste izan zezakeen. Nik poemak nola gorpuzten diren, nola biziarazten den Aresti ikertu nahi izan dut», nabarmendu zuen soziologoak.

Zentzu horretan, Arestiren obrarekiko «leialtasuna» ere izan zuen hizpide: «Totema den neurrian, leialtasunaren zera hori konplexua da. Zein da ‘Nire aitaren etxea’-ren interpretazio leiala? Errepikatu ahala hartzen ditu zentzu berriak. Guztiz letrara egokituko bagina, ez genuke Arestiz hitz egingo».

Orain Aresti goratzen duten askok aurretik «egurtu» egin zutela ere ekarri zuen gogora, eta ildo beretik hitz egin zuen Erein-eko editore Iñaki Aldekoak ere (Arestiren gaineko tesia egin zuen berak ere): «Oso presente ditugu egurkada haiek eta egun badago garai hartakoak biguntzeko joera. Totem-a izateko, hala behar du. Urteak aldatu ahala ezinbestean diskurtsoak ere aldatu egiten dira. ‘Harri eta herri’-ko ‘Nire aitaren etxea’-n denak kabitzen ginen, baina Euskal Herrian ez genekien oso ondo zeintzuk kabitzen ginen eta zeintzuk ez. Lubaki batean denak antifrankistak ginen, baina gerra txikietan denok ez ginen bando berekoak».