Ariane KAMIO
DONOSTIA

Ni baten ahalduntzea

Haurtzaro min batetik bigarren haurtzaro min bateraino zirkuluan doa Idurre Eskisabel «Goseak janak» liburuan. Bere lehenengo poema bilduma publikoa du; publikoa, aitor delako beti izan duela kazetaritzako arrazoiketatik at doan beste lerro paralelo poetiko bat.

Idazketa izan du bide Idurre Eskisabelek (Beasain, 1970) bere ibilbide profesionalean, kazetari eta artikulugile gisa. Arrazoiketatik, beti. Bere burua defendatzeko modu erosoagoa alderdi arrazionaletik aritzea ere badela aitortu du. Baina aspaldi zabaldutako bide paralelo bat argitara eraman du orain, Susa argitaletxearekin, poesia forman. «Liburu honetan agertzen diren poema asko aspalditik datoz, nahiz eta orain hartu duten itxura eta forma hau». “Goseak janak” lau ataletan banatutako poema sorta da, pertsonala, erraietakoa, barrura begira egindako ariketa bat. «Nire burua estu ikusi dut hainbatetan azkenaldian galdetu izan didatenean zeri buruz idatzi dudan. Kezkak, grinak, penak, minak... erantzuten nuen. Baina nork ez du poesian bere sentipenez idazten?».

“Bezpera”, “Hemen naukazue”, “Beila”, “Goizean”. Lau atal, ibilbide zirkularra hasi eta buka. «‘Bezpera’ da liburuan oso presente dagoen hitz bat. Bezperaren bilaketa bat dago, bezpera min bat. Baina zeren mina? Haurtzaro min bat. Pudorea ematen dit nire burua haurtzaro minez aitortzea. Haurtzaro min horrek presentzia handia du, baina inozentziaren galera den heinean». Haurtzaro mina, munduari begiratzeko maneretan ere. «Mundua begi garbiz, aurrejuzgurik gabe ikusteko gaitasunaren galera ere bada».

«Ni» poetiko bat oinarri, haurtzaroko inozentziaren galera abiapuntutzat hartu eta ibilbide zirkularraren trazua egiten du Eskisabelek “Goseak janak” poema bilduman, gurasotasunak eramanda bigarren inozentzia galera batean eginez azken puntua, denboraren igaro lineal bati men eginez.

Bidean, literatura fisikoa. Gosea. Gosea, bizi bulkada oinarrizkoena bezala. Bizi emailea. «Baina goseak neurriak ditu eta bezpera goseti handiak garelakoan nago. Gosea hain da handia, gero eta handiagoa dela, gu geu jateraino».

Adiera desberdin horien artean dabil ni poetikoa, bestea topatuz etengabe. «Beraz, badaude adiskidetasuna, kidetasuna, bat egitea, bakardadearen hotza, etena, amorrua...». Eraikitzen eta deseraikitzen doan ni bat, emakumezko ni bat. «Ni horrek gorputza erdian jarri behar du ni unibertsalera gerturatu ahal izateko».

Amaieran, ondorioa. «Bizitzan aurrera egitea da haurtzaro min primigenio horri aurre egiteko modu bakarra. Eta bizitzaren dimentsio osoaz jabetzeko, naturari erreparatzea, hor baino ez baitugu topatuko gure gose autofagozitatua asetzeko modua».