Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Donostiako EAJk eta EH Bilduk azaroaren 18ko herri galdeketa babestu dute

EAJ eta EH Bilduko udal taldeek, adierazpen bateratu batean, babesa adierazi diote Gure Esku Dagok hilaren 18an Donostian egingo duen herri galdeketari eta donostiarrei parte hartzeko deia egin diete.

Jon Insausti eta Amaia Almirall Donostiako EAJ eta EH Bilduko udal taldeetako eledunek izenpetu zuten atzo hilaren 18an Donostian egitekoa den herri galdeketari babesa agertzeko adierazpen bateratua.

Bi alderdiek «begi onez» ikusten dute Donostia Galdeketa dinamikak, Donostiako Gure Esku Dagoren enbor beretik sortuak, antolatu duen galdeketa. Are gehiago, dei egin zieten «donostiar guztiei» bertan «parte hartzera eta iritzia ematera», alderdien arabera, «herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta herritarron garaia delako».

EAJ eta EH Biduko udal taldeek nabarmendu zutenez, «guztion parte-hartzea ezinbesteko baldintza da erabakitze ariketa bat aurrera eramateko» eta, ildo horretan, gaineratu zuten hurrengo azaroaren 18koa «erabaki nahiaren espresio» eta «ezberdinen arteko topagune» izango dela.

Bestalde, «Europan martxan dabilen trena Euskal Herriko geltokira, baita Donostiara ere» iritsi dela baieztatu eta «bertara igotzeko gonbita» egin zieten «herritar guztioi», hurrengo galderaren inguruan iritzia emateko gonbita, hain zuzen: «Nahi al duzu gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?».

Donostia izango da Gure Esku Dagoren galdeketara deitutako Euskal Herriko lehenengo hiriburua. Horrek «gaitasun tekniko, ekonomiko eta kolektibo izugarria» eskatuko dio antolakuntzari, baina, hautetsontzien aurkezpenean adierazi zutenez, galdeketa «pauso eraginkorra» izango da aurrerago «sor daitezkeen agertokiei begira». Izan ere, 37 hautesleku zabalduko dituzte hiriko 14 auzotan banatuta. Gainera, azaroaren 18an botoa eman ezin izango dutenentzat, boto aurreratua emateko aukera dago Donostiako Euskal Herria kalean plataformak jarri duen bozkalekuan.

Bilera Irungo alkatearekin

Donostiakoaz gain, Zallan, Alonsotegin, Balmasedan eta Irunen ere hautetsontziekin zita daukate hilaren 18an. Hitzordu horren harira, Irungo galdeketa lanetan ari den Hartu Hitza plataformak bilera egin zuen astelehenean Jose Antonio Santano alkatearekin (PSE). Batzar horretan, galdeketak dauzkan bermeak jasotzen dituen protokoloa eman zioten Irungo alkateari. Gainera, bai Donostiakoak bai Irungo herri galdeketen aldeko ekimenak gehiengoa jaso zuen atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan.