Lander GARRO
Idazlea

Pornopolitika

Ez dakit zuei gertatzen zaizuen, baina telebistari soinua kentzen diodanean ez ditut futbolariak, telebista izarrak eta politikariak bereizten. Denak dira gazteak, denek daukate ilea gominaz betea, denak dira iragarkietako gizasemeen tankera gihartsukoak. Dena da ilusioa, eta ilusionista izateko, ororen aurretik, eder izan behar duzu. Politika eta erotismoa gurutzatzen diren lekuan gaude, derrigor. Lehendakaria Jaurlaritzako korridorean barna ikusten dut une honetan, bere jantzi beltz plantxatuegian tente, eta ez dakit zinez ez ote naizen Eguberrietako lurrin iragarki bat ikusten ari. Ez dakit botoa eman behar diodan, edota zapatak miazkatzera belaunikatu behar ote nukeen, amets erotiko perbertsoenetan bezala. Macron, Macri, Casado, Arrimadas: denak atera dira maniki faktoria beretik, eta ez dute zertan gizatasunik erakutsi. Aitzitik, hotzak eta urrunekoak izan behar dute euren perlazko irribarre zuri itsugarrietan. Garai bateko erregeen gisara, odolak bereizten ditu, leinuak: Jainkoaren bedeinkazioa eta zilegitasuna dute, eta edozer egiteko kapaz dira. Haien oinpean geratuko gara mitxelinez betetako izaki bizidun arruntok, berdin Parisen, Carabanchelen edo Altsasun. Ez kexa zu zapaltzera etortzen badira, Jainkoaren oina da zure bizkar gainean dagoena. Ongi etorri pornopolitikara, showa hasi da, eta gaizki amaituko da.