Jon ORMAZABAL
Interview
JOKIN ALTUNA
ASPEKO PILOTARIA

«Finalean pasatzen dena pasatzen dela, oso harro nago egindakoaz»

22 urterekin ia dena irabaztera ohitu den pilotaria da Jokin Altuna; buruz buruko azken bi txapelak berak irabazi ditu, baina asko omen dauka oraindik pilotaz ikasteko. Etengabeko prozesu horretan aurten lesioak eta minak kudeatzea egokitu zaio eta ikasgai hori ere gainditu duelakoan dago, horregatik, igandeko finalean egote hutsari txapelari besteko balioa, edo gehiago, ematen dio.

Loading player...

Amezketako udaletxeko batzar aretoa ia bere bulego pertsonala bihurtu du Altunak azken urteetan. Hirugarren aldiz jarraian, bertan hartu gaitu.

Hirugarren urtea finalean, ohitura bihurtzen ari da?

Inola ere ez, oso zaila da. Denak era desberdinean ikusten dituzu; aurreneko txapelketan finalera sartzerakoan sentsazioa ikaragarri berria egiten zaizu eta gero pixka bat lasaiago edo beste era batera bizitzen duzu. Hala ere, nik orain arte jokatutako finaletan ilusio gehien egin didana azkenekoa izan da, niretzat txapelketarik zailena izan da izan ditudan hiruretan, ze ez nintzen batere ondo sentitzen partidetan eta balio handia eman diot horri.

Lehenak baino ilusio handiagoa egin dizu honek?

Handiagoa ez dakit, desberdina da, eta agian aurrenekoan inola ere ez nuen espero finalera sartuko nintzenik, baina txapelketa honetan oraindik zailagoa ikusten nuen finalean sartzea, lesio handi samarra izan nuelako eta ez nintzelako batere eroso sentitzen partidetan eta esango nuke ilusio gehiago egin didala. Txapelketa bat ondo prestatzen duzunean baino askoz zailagoa da iristea orain prestatu dudan bezala, eta horrek kristoren ilusioa egin dit.

Parte hartzeari uko egiteko aukera gertu izan zen?

Oso gertu, nire enpresako teknikari batzuek uste zuten agian ez nuela jokatuko eta, egia esan, lehen partida astelehenean nuen eta ostiralera arte ez nuen entrenamendu bakarra ere egin. Astearte horretan pixka bat aritu nintzen eta beldurragatik eta besoan batere indarrik ez nuelako, hasi eta hamar minutura entrenamendua utzi egin nuen. Ostegun horretan erresonantzia bat egin nuen eta zorionez dena ondo neukala irten zen, hortik aurrerako kontuak minarenak baino beldurrarenak izan ziren.

Zenbaitek aholkatu zizuten txapelketan ez jokatzeko?

Batek baino gehiagok, askok. Ez nuen halako lesiorik izan inoiz, besoko mina berria zen, eta errespetu handia ematen zizun, besoan indar dezente galdu nuela ere nabaritu nuelako eta horrek beldurra ematen dizu. Baina buelta ondo eman nion eta askotan kanpotik beti errazagoa da gauza bat edo beste egin, baina pilotariak, barruan denean, kezka asko izaten ditu, buruari buelta asko ematen dizkio. Zorionez niri ondo atera zait eta gustura.

Enpresaren aldetik presiorik izaten da? Zu txapelduna zara.

Erabakia guztiz nirea izan zen, enpresak inongo momentutan ez zidan presiorik sartu, eurekin kontaktuan izan nintzen une oro, baina esan zidaten, azkenean, ni estatus edo posizio onean nagoen pilotari bat naizela eta ez zutela nahi arriskatzea, gero denbora gehiago geldirik egoteko. Baina esandakoa, nik jokatu egin nahi nuen, minik gabe ikusi arte ez nekien zer egingo nuen eta azkenean hiru egun lehenago hartu nuen jokatzeko erabakia.

Beste pilotariren batekin hitz egin zenuen erabaki aurretik?

Beste pilotariekin hitz egin nuen, bai. Juanek, adibidez –Irujok, harekin ere harreman ona daukat-eta–, deitu egin zidan astebete edo hamar bat egun lehenago eta esan zidan erresonantzia egiteko jokatzera atera aurretik, ikusteko zer moduz nintzen, eta eskertzen da aholkua. Azkenean zuk baino esperientzia gehiago duen pilotari baten ikuspuntua da. Juanek bakarrik ez, beste pilotari askok ere galdetu zidaten zer moduz nintzen baina azkenean erabakia zurea izaten da.

Orain agian damututa egongo da emandako aholkuaz?

Bueno, ea damutzen den. Donostian Ezkurdiaren aurka galdu nuenean esan nion: «ojalá te pille en la final» [barrez]. Badakit final oso zaila izango dela, bera merezita heldu da finalera, txapelketako pilotaririk onena izan da eta partida oso zaila dudala badakit.

Aimar Olaizolaren aurkako lehen partida hark asko indartuko zintuen, ezta?

Asko, nahiz eta bigarrena galdu, puntu horrek balio izan zidan azkenekora bizirik heltzeko. Esaten da bigarrena eta hirugarrena direla garrantzitsuenak baina nik uste lehena galdu banu, ez nukeela aukerarik izango, ze bigarrenean ikusi zen Joseba gainetik pasa zela eta hirugarrenera bizirik heldu nintzen eta, partida oso ona egin gabe irabazi nuen, baina askotan 22ra heltze horrek lasaitasun handia ematen dizu.

Aimarrez ari garela, kaiolako bere azken partida ikusi dugula esango zenuke?

Ez dakit, nik Aimarrengatik esango nukeena da azken pare bat urtetan edo jendeak askotan lurperatu duela eta inolaz ere ez dela horrela. Berak erabakiko du zer egin, nahikoa demostratu du baina nik uste dut Aimarrek oraindik pilotan arratsalde ederrak emango dizkigula. Binakakoa dator orain, eta nik argi daukat berriz ere lau onenen artean izango dela, ez dakit zenbat urtez segidan. Ziur nago lau onenen artean izango dela, eta arrisku ederra berriro ere finalerako. Azken urteetan Imazekin eta Untoriarekin hortxe egon dela finalerako, tanto gutxi batzuen faltan. Askotan jendeak gauza horiek ahaztu egiten ditu, baina esandakoa, bera ere txapelketak ez zuen unerik onenean hartu, udan partida asko jokatu ditu berak ere eta zaila da beti ondo egotea. Harrigarriena egiten dena da berak urte pilo bat daramatzala beti ondo egoten, eta pixka bat jaisten hasten denean jendea harritu egiten da, baina pertsonak gara.

Zu ere ari zara nabaritzen urte guztian zehar ondo egote hori zein zaila den...

Berarekin horretaz asko hitz egin dut, harreman oso ona daukat eta aldagelan tokatu izan garenean, bere esperientziatik eta ikuspuntutik hitz egin izan dit eta berak hori esaten du, oso zaila dela urte askoan hor goi mailan egotea. Azkenean beti dituzu eskuko minak, gorputzeko molestiak edo gaixo zaudela, bat edo beste. Jendea gauza horietaz ez da ohartzen, baina oso zaila da goi mailan egotea.

Eta esandakoa, nik ere nabaritu dut, uda bukaeran aurten nekatuago ibili nintzen, gehiago kosta zitzaidan eta Lau eta Erdikoan ere, aurrekora arte partida oso-oso onik ere ez dut egin, baina askotan hain ondo egon gabe irabazteak poz handia ematen dizu.

Txapelketa guztiak omen dira ikaste prozesu bat, zer ikasi duzu honetan?

Egia esan, beldurrik ez dut izan txapelketa honetan. Nire zalantzak ikustean partidetara kezkarekin joan arren ez naiz galtzeko beldurrez joan, lasaixeago aritu naiz. Lehengoan ere, finalerdian, nahiz eta 2-9 galtzen joan, lasai egon nintzen eta neure buruari esan nion gauzak ez ditudala errazak izan, eta txapelketan ez banintzen finalera heltzen ez zela ezer pasatzen. Nahi nuena zen dena ematea eta txapelketa honetan, finalean pasatzen dena pasatuta ere, neure buruarekin oso harro egongo naiz, ze oso zaila izan dut jokatzea.

Lehen urtea duzu gorriz jantzita, horrek ere presioa sortzen du?

Ez dakit, niri, txapelduna izan edo ez, kantxara irtendakoan beti gustatzen zait irabaztea, eta irabazten ez dudanean etxera ez naiz sekula gustura joaten. Irabazte horrek asko motibatzen nau baina txapelduna zarenean zeure buruari jarritako presioa baino gehiago nabaritzen duzu prentsaren eta jendearen ahotan gehiago zaudela.

Akordatzen naiz hiru partida galduta joan nintzela San Mateoetara eta Gipuzkoako emakume batekin topo egin eta esan zidala «Atuna ez zabiltza batere ondo e?», eta «ez, ez nabil ondo» erantzun niola. Gero aldageletara joan nintzen eta handik entzuten nuen emakumea: «Altunarekin egon naiz eta esan diot ez dabilela ondo eta esan dit buelta emango diola eta ez dakit zer». Askotan ikusten duzu beste leku batean zaudenean hiru partida galtzen dituzula eta ez da ezer pasatzen, ez da prentsan agertzen eta jendea ez da ohartu ere egiten galdu egin duzula, baino hiru edo lau partida galdu eta prentsan jarri egiten dute, jendea ere konturatu egiten da eta zu ere horri bueltaka hasten zara. Irabazi egin nahi duzu eta askotan gauza horiek gertatzen dira, baina ez diot presio berezirik jarri neure buruari.

Ezkurdiarengan nabaria da buruak zenbaterainoko garrantzia duen, orain beste pilotari bat da...

Hori da, aurrera egin du asko, lehen ez zuen hainbeste egiten. Orain sake ona egiten duen bezalaxe prest dago airez sartzeko, presio handia jartzen du eta pilotari sartzen dion abiadura hori hartzen duenean, pilotari ikaragarri arriskutsua da. Gero defendatu ere asko egiten du eta oraintxe bertan konfiantza handiarekin dago.

 

«Pilotaren mistikaren parte zen botileroa»

Botilerorik gabeko lehen finala izango da igandekoa eta amezketarra hasieratik egon da erabaki horren aurka eta ez du horren alde entzundako argudioek sortzen dioten ezinegona ezkutatzen.

Botilerorik ez da izango, zu hasieratik agertu zinen aurka...

Pilotari onak izan diren batzuek esan dute XXI. mendean gaudela eta pilotariek joan behar dugula psikologikoki hobetzen, pilotarientzat abantaila dela… baina beti esaten dut, zuk karrera bat amaitzen duzunean eta hortik ez duzunean jaten, pilotaria ez zarenean, errazago da beti hori esatea. Barruan zaudenean dena desberdin ikusten duzu. Nire ustez, pilotaren mistikaren parte handi bat zen botileroarena. Orain dela gutxi, Martin Ezkurra hil zenean, Julian Retegiren botileroa izandakoa, prentsan eta ikaragarrizko izena eman zitzaion, berak ondo irabazitakoa gainera, eta egun batetik bestera kentze hori pilotariei ez zitzaigun gustatu.

Aimarrek adibidez esan zuen berari ez ziola eragiten baina nik berari ere esan nion, «hik 38 urte dauzkak eta 22rekin ez diat uste gauza bera esango huenik», eta berak barre egiten zuen, berak ere bazekien, ulertzen du gazteena. Baina hori gertatu da eta horrekin jokatzen ikasi eta moldatzen ikasi behar. Ez dago bueltarik.J.O.