GARA
BILBO

Brouard eta Muguruza oroituz, PSOEri gatazka konpontzeko eskatuko diote

PSOEri mezu zuzena helaraziko dio Sortuk, hilaren 20an Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen urtemuga oroituz izango den manifestazioan. Alderdiak ardurak badituela eta orain Sanchezen gobernuak «gatazkari erabateko amaiera emateko aukera» duela uste du.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Nerea Guijarrubia Kontseilu Nazionaleko kideak Santi Brouard eta Josu Muguruzaren oroimenez astearterako (hilaren 20an) deitu duten manifestazioaren berri eman zuten atzo, eta testuinguru horretan, PSOEri bi hilketa hauetan duen ardura onartzeko eskatuko diotela azaldu zuten.

Pedro Sanchezen alderdiari horren «aitortza» egin dezala eskatu dio Sortuk. Baina, harago joz, hauxe erantsi zuen: «Gatazkari erabateko amaiera emateko aukera paregabea du Gobernuak, gatazka eragin zuten kausei erreparatuz –herri honen gehiengoak erabakitakoa modu demokratikoan onartu behar da– eta ondorioak konponduz –presoak, iheslariak, eragindako minaren aitortza...–».

Rodriguez eta Guijarrok gogoratu zutenez, «PSOE gobernuan zela hil zituzten ezker abertzaleko kide esanguratsu biak, helburu garbi batekin: herri honen aspirazio askatzaileak zapuztea, bai nazionalak bai sozialak», jakin bazekitelako «ezker abertzalearen eskaintza politikoak eraldaketa ekar zezakeela».

Mobilizazioa Arriaga plazatik abiatukoa da 19.30ean, ‘‘Etorkizun haziak’’&flexSpace;goiburupean.