Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren metrikak

Denok pentsa dezakegu izugarrizko gauzak ditugula esku artean. Denok pentsa dezakegu egin eta sortu ditugun gauzak bikainak direla. Denok irudika dezakegu buruan dugun ideia hori aparta dela. Keari kontrastea falta zaio eta, maiz, ez da su bilakatzen. Urrutiko hamalau intxaurrei antzekoa gertatzen zaie, gerturatu ondoren lau baino ez. Kea saltzeko, eroslea aurkitu behar lehenbizi. Sare sozialen eragina metrikarekin neurtzen da. Baina metrika estatistika bezala izan daiteke, erlatiboa, kea.

Sareko post on batek, sarrera on batek, alegia, ez du esan nahi funtzionatuko duenik. Informazioa transmititzea ezinbestekoa da, baina sare sozial desberdinak erabiltzen baditugu informazio berarekin elikatzeko, post-en jarraitzailea aldentzera bultza dezakegu.

Disko bat argitaratzen dugunean, eta sare sozialetan horren berri ematen dugunean, ba al du korrelazio esanguratsurik klik-en batuketak (CTR) diskoaren erosketa edo salmentarekin? Edo kontzertura joateko asmoarekin? Ez. Like bat sakatzea erraza da. Asmoa eta gertakizuna urruti daude elkarrengandik, urrutiko intxaurrak bezala. Metrika batek dio “clicky”-ak (intentzioetan geratzen diren erabiltzaileak) ez direla fidagarriak hausnarketa errealak egiteko eta adierazle faltsuak direla %90ean. Hamaika aldiz pentsatu dut taldeek funtzionatuko zutela eta gero dena ezerezean geratu da. Porrot gehiago, bete-betean asmatutakoak baino. Bikaina izango litzateke gogoak benetako portaera bilakatuko balira.