Joxean AGIRRE

Sua zerion gizona

Jaiotze data eta tokia: Zaldibia,1932ko irailaren 20a. > Ikasketak: Tolosako sakramentinoekin egin ostean, Erromako Unibertsitatera joan zen Teologia ikastera. > Lan ibilbidea: “Zeruko Argia” aldizkarian zuzentzaile, Eusko Kontseilu Nagusiko itzultzaile, “Egin” egunkariko euskara arduradun.&discReturn; > Idatzitako lanak: “Historia triste bat” (1964) eta “Beltza! Beltza!” (1990). Itzulpenak: Albert Camus-en “Les Justes” (Gizon zuzenak, 1967), Pedrolo-ren “Homes i no” (Gizonak eta ez, 1969), T. Zajarovaren “Lurraren kondaira” (Herri Gogoa, 1970), St. Exupery-ren “Printze txikia” (Plan, 1970) eta Gabriel Garcia Marquez-en “Crónica de una muerte anunciada” (Heriotza iragarritako baten kronika, 1982). Euskaltzain urgazle zela, 1968an Arantzazun euskara batuaren oinarriak ezartzeko egindako biltzarrean deklinabideari zegokion txostena aurkeztu zuen.AZKEN AGURRATolosako Oria Beilatokian hilbeila zabalik egongo da gaur arratsaldean, 16.00etatik 21.00etara, eta bihar, 9.00etatik 13.00etara. Hileta elizkizuna bihar egingo da Anoetako San Joan Bataiatzailearen elizan, 19.00etan.

Lanbideak bi opari, bi pribilegio, eman zizkidan: euskal kultura markatu duten pertsonak, hala nola Txillida, Oteiza, Laboa, Saizarbitoria, Amuriza, Egaña eta abar luze bat gertutik ezagutzeko aukera eta Xalbador Garmendia bezalako lankideen adiskidetasuna...

“Egin” egunkariaren sorreran ezagutu nuen, itzultzaile taldeko arduradun gisa lehenik, eta euskara zuzentzaile bezala ondoren, eta euskararekiko zuen harreman suharrak harritu ninduen. Ordurako izen bat zuen euskal kulturan. Euskaltzain urgazlea zen eta bagenekien itzulpen batzuk eginak zituela (Saint Exupery-ren “Printze txikia”, Camusen “Gizon zuzenak”, Zajarovaren “Lurraren kondaira” eta Garcia Marquezen “Heriotza iragarritako baten kronika”).

Bagenekien Eusko Kontseilu Nagusiko itzultzaile izana zela eta Euskal Estatuaren testua berak jarri zuela euskaraz, baina hori guztia ez zitzaigun askorik axola eta gazteagoa zenean idatzitako obra polemiko bati buruz galdetzen genion, Gabriel Arestik “Herri eta harri” kaleratu zuen urte berean, 1964an, “Historia triste bat” izeneko antzezlan batekin Ondarroako Lore Jokoetako saria irabazi baitzuen. Garaiko euskal kultura itxian harrabotsa sortu zuen lan horrek, seguru asko protagonista nagusia prostituta bat zelako, ez dakit seguru, baina lotsatu egiten zen pitin bat eta ez zigun ezer erantzuten.

Ordurako ezaguna zen euskara irakasle jardunean. Ikastoletako andereño taldeei, EUTGko ikasleei eta herrietako helduei ematen zizkien eskolak. Esango nuke bere benetako bokazioa horixe zela eta geroztik ikasle ohi asko ezagutu ditut Xalbadorri esker euskal aditzaren paradigmarekiko txundituta gelditu zirenak edo, hobeto esanda, Xalbadorrekin liluratu zirenak. “Tarima efektua”-ren eragina baino gehiago zen. Horrela liluratu zuen nonbait bere emaztea ere, artean andereño gazte bat zela.

Suhartasun horrekin lan egiten zuen erredakzioan ere. Egunkarira udan iristen ziren bekadunak izutu ere egiten zituen lehen egunetan, bere ondoan eserarazi eta idatzitako testuaren gainean euskal joskera hobetzeko errotulagailuarekin zirriborroak egiten hasten zitzaizkienean. Zalantzaren bat zuenean beteranoei hots egiten zigun. “Joxeantonio” deitzen zidan niri, nire amak bezala eta hori gustatu egiten zitzaidan eta beti galdera bera egiten zuen: «Nola esaten dik hau hire aitak?». Batzuetan zalantzak argitu gabe gelditzen ziren eta gauez, goiz aldera, lo txarrekoa baitzen, argitzen zituen eta bozkario puntu batekin agertzen zen biharamunean.

Ni literaturarekin maitemintzen hasita nengoen. Bolada hartan Joycerekin nenbilen eta, “konbertso” guztiak bezala, ingurukoak fede berrira erakartzen saiatzen nintzen. Xalbador izan zen sektara erakarri nuen bakarra. Egunero, geltokitik paparra bistan zuela iristen zen izerditan, janzten zituen abarketak, pizten zuen Ducados bat eta goizean irakurritako pasarteren bati buruzko komentarioak egiten zizkidan, egiten genizkion elkarri, eta harrigarria zela, Joyce hori harrigarria zela errepikatzen zidan hamar bat aldiz.

Musika maite zuen, klasikoa bereziki, eta zeruan egonaldi bat egin izan balu bezala hitz egiten zuen gero esperientzia horretaz. Pianoa jotzen zuen, organoren bat ere joko zuen, koruren bat zuzenduko zuen agian, baina autore kutunen obrak entzuteak bakarrik antzaldatzen zuen.

Baina Xalbador suharra eta beroa zen esperientzia txikienekin ere. Arrantzarako denboraldia ireki bezperan ez zuen lorik egiten. Kanabera eskuan zuela igotzen zituen Tolosa aldeko errekak mendi maldetan gora eta arratsaldean lanera etorritakoan sekulako abenturak kontatzen zituen; amuarrain txiki bat harrapatzen izandako kalapitak entzunda, balearen batekin borrokan ibili zela ematen zuen.

Bizitzan zehar asko gozatu zuen, baina zahartzaroak ez zion aukerarik eman. Duela bost urte Gipuzkoako Aldundiak “Egin”-i eta “Euskaldunon Egunkaria”-ri oroigarri bana eman zienean, bertan izan zen eta oso gertukoak baizik ez gintuen ezagutzen. Sua itzaltzen joan zitzaion.

Sarako maisuak zioena errepika dezakegu: «Joan zatzaizkigu lurretik, baina ez gogotik eta ez bihotzetik».