GARA
ARRASATE

Guardia Zibilak duela 40 urte tiroz hildako hiru lagunak gogoan, Arrasaten

Joxe Mari Iturriotz Zapa eta Roberto Aranburu Komando Autonomo Antikapitalistetako militanteak ziren; Emili Larrea, herritar soila. Hirurak tiroz hil zituen Guardia Zibilak duela 40 urte eta hirurak gogoratu zituen atzo EH Bilduk Arrasaten, lore sorta eta ekitaldi baten bitartez.

Franco hil ondorengo urte horietan ugariak dira polizia ezberdinek edo gerra zikinak eragindako hilketa argitu gabeak, eta horrelaxe gertatu da honekin ere. Iturriotz eta Aranbururekin batera zihoan kidea, Kike Zurutuza, larri zaurituta baina bizirik atera zen baina, hala ere, ez zen guardia zibilak epaitzeko inolako saiakerarik egin. Orduan herrian osatu zen batzordearen ikerketa bertan da, irakurri nahi duenarentzat, eta bertan argi ondorioztatzen da «enboskada» izan zela Munar inguruan gertaturikoa.

Urtemugak, inpunitatea salatzeko ez ezik, jazotakoaren inguruko oroimena berpizteko balio izan du. Hilketak gertatu osteko bideo-irudi labur batzuk ageri dira, esaterako, orain arte ezkutuan gordetzen zirenak. Eta hura gertutik bizi izan zutenen lekukotasunak entzun ziren atzo.

Arrasatearra zen Larrea, Garagartzakoa Aranburu eta Legorretan sortua Iturriotz.