Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Laranja mekanikoa», baina ez Stanley Kubrickena

Zinemarako Stanley Kubrick-ek egindako bertsioak egin zuen ezagun «Laranja mekanikoa», baina Anthony Burgess-en ideia izan zen gizakiaren berreziketaz hausnartzen duen eleberria idaztea. Meetok-ek argitaratu berri du euskaraz, Ion Olano Carlosen itzulpenarekin.

Stanley Kubrickek 1971n zinemara eraman zuen bertsioagatik da ezaguna “Laranja mekanikoa”, baina kontakizunaren atzean dagoen jatorrizko ideia ez da berea. Anthony Burgess, idazle izateaz gainera beste hainbat lanbide ere (konpositorea eta ingeles irakaslea ere izan zen, besteren artean) jorratu zituen pertsona, dago gizakiaren alde ilunena arakatzen duen eleberriaren atzean, eta nobela hori da Meetok-ek euskaraz argitaratu berri duena, Ion Olano Carlosen itzulpenarekin. Hitzaurrea eta epilogoa ere badaramatza testuak, lehena itzultzaileak idatzia, eta bigarrena, aldiz, Harkaitz Cano idazleak.

«Liburu atipikoa da. Lehendabizi pelikula ikusi nuen eta, estetika indartsua bazen ere, mezu aldetik ez nekien oso ondo zer esan nahi zidan. Ez zitzaidan gustatu, nahiko etsigarria egin zitzaidan», aitortu zuen Olanok liburuaren aurkezpenean. Etsipen hark akuilatu zuen jatorrizkoa bilatzera eta, hitzaurreak irakurri zale ez bada ere («spoiler-ak izaten dituzte»), esku artean zuen gaztelerazko bertsioari Burgessek berak idatzitakoa irakurri zuen: «Deskubritu nuen ez nuela filma ulertu».

Itzultzailearen hitzetan, Kubrickek zinemarako egin zuen moldaketa babestu bazuen ere gerora haserrea piztu zitzaion Burgessi, zinegileak «ez zuelako arduraz jokatu», eta horren atzean idazlearen biografia eta bere bizipenak narrazioan txertatu izana dagoela iradoki zuen Olanok: «Bada oso eszena bortitz bat. Alex eta bere lagunak bikote baten etxera doaz, jipoitu egiten dituzte eta emakumea bortxatu. Protagonista sadiko horiek disfrutatzen ikusten ditugu, ez dute ondorioetan pentsatu nahi. Berak antzeko zerbait pairatu zuen». Azaldu zuenez, Burgessen emaztea lau gizonen artean bortxatu zuten haurdun zela eta haurra galtzeaz gainera betirako orbain psikologikoak ere utzi zizkion. Hala, Burgessi buruan tumore bat zuela eta urtebeteko bizi itxaropena zuela esan ziotenean (diagnosia ez zela zuzena geroago jakingo zuen), urtebetean bost liburu idatzi zituen emazteari ahal beste diru uzteko, tartean “Laranja mekanikoa”.

Kontakizuneko idazlea ere autorea bera dela baieztatu zuen Olanok, filmean ageri ez bada ere liburuan “Laranja mekanikoa” idazten ari dela aipatzen baita eta amaiera ere «ezberdina» dela aurreratu zuen. «Gure ekintzen artean, ongiaren eta gaizkiaren artean erabakitzeko aukera bagenu, ez ginateke laranja mekanikoak izango. Eta filmaren izenburuaren azalpena ere ematen da liburuan: laranja mekanikoa da bizirik dagoena baina barrutik mekanikoa dena. Eta, bukaeran, Alexi aukeraketa egiteko abagunea ematen zaio».

Berreziketaren ezintasuna

Olanok epilogoaren egilea, Harkaitz Cano, izan zuen alboan liburuaren aurkezpenean. Gure apalategietara “Laranja mekanikoa” soilik iritsi bada ere, Burgess idazle emankorra izan zela ekarri zuen gogora Canok –50 liburutik gora argitaratu zituen, tartean 33 nobela, 25 saiakera eta bi liburu autobiografiko– eta haren literaturgintza ulertzeko haren biografia aztertzea inportantea dela esan zuen: «II. Mundu Gerra bizi izan zuen, armadan egon zen, gaixotasunarekin zuen harremana...».

“Laranja mekanikoa” berreziketaren ezintasunari buruzko liburua dela ere berretsi zuen idazle donostiarrak. «Betiko Hobbes eta Rousseauren dilema da: gaiztoak garen berez edo inguruak gaiztotzen ote gaituen. Pertsonaia nagusia, Alex, sadikoa da, baina sistema ere sadikoa da berarekin. Metodo konduktistak erabiltzen dituzte berarekin berreziketa horretarako», ekarri zuen gogora.

Kubrickek zinemarako egindako bertsioa pop ikono bihurtu bazen ere, filmek oro har eleberrietan bildutakoa eraldatu egiten dutela ere nabarmendu zuen: «Zinemagintzak nobelak trituratu egiten ditu».

Nadsat: irakurlearen berreziketarako akuilu

Anthony Burgess-en «Laranja mekanikoa» itzultzeko orduan zailtasun nabarmenena egileak asmatu zuen hizkuntzan aurkitu duela esan zuen Ion Olano Carlosek. «Nadsat hizkuntza, hori izan da zailena, baina baita baliorik handiena duena ere». Meetok-ekin argitaratu duen itzulpenaren amaieran hiztegi bat gehitu dute, eleberrian zehar errepikatzen diren nadsat hizkuntzako 250 hitzekin eta, Olanok nabarmendu zuenez, hori da eleberria berezi egiten duen elementuetako bat.

«Liburuaren gaietako bat buru garbiketa da, eta Burgessek hain zuzen hori egiten du irakurlearekin. Lehenengo paragrafoa bera erotzeko modukoa da: irakurketarekin jarraitu nahi baduzu ohitu egin behar duzu hitz horietara», azaldu zuen. Horrek bat egingo luke traman planteatzen den gizakiaren berreziketaren dilemarekin.

«Irakurleari esan nahi nioke lasai egoteko, ez duela dena ulertuko, baina saiatzeak merezi duela», nabarmendu zuen.A.A.