GARA
BILBO

DSBEra 48 milioi gehiago bideratzeari «huskeria» deritzote pentsiodunek

Pentsiodunek ez dute atzera egin euren aldarrietan, Madrilgo eta Lakuako Gobernuen pentsioen igoerak «huskeriak» direla iritzita. Abenduaren 15ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan aurreikusita dauden manifestazioetan parte hartzeko dei egin zuten atzo.

Bilbon milaka pentsiodun elkartu ziren atzo udaletxearen aurrean, Lakuaren azken proposamena «nahikoa ez dela» iritzita eta haserre. Datorren urteko aurrekontuen negoziazioen abaroan, 48 milioi euro diru sarrerak bermatzeko errentara (DSBE) bideratzea proposatu dio EH Bilduri. Neurri honek eragina izango luke pentsioak osatzeko DSBEa jasotzen duten pentsiodunengan, baina Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko Jon Fano bozeramaileak esan zuenez, Lakuaren proposamena «huskeria» bat da.

Fanok esan zuen 48tik «soilik 12 milioi» bideratuko liratekeela pentsioak hobetzera, eta EAJrena proposamen «ulertezina» iruditu zitzaion, kontuan izanda Lakuak aurreikusi baino «700 milioi euro gehiago» bildu dituela. Diru horrekin «arazorik gabe igo ditzakete pentsioak 1.080 eurora», esan zuen.

Madrilgo Gobernuaren inguruan esan zuen pentsioak osatzeko partidak bideratu ditzakeela «dekretuen bidez».

Egoerari aterabideak emateko asmoz, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako pentsiodunen plataformek Lakuarekin eta EAEko Legebiltzarreko taldeekin biltzea eskatu dute gutun bidez. Era berean, pentsiodunek hilaren 29an egingo duten bileran Madrilgo Gobernuari antzeko eskaera egitea aztertuko dute.

Beste hainbat udalerritan ere ehunka pentsiodunek kalera atera zituzten aldarriak. Soraluzen, kasurako, 180 pertsona elkartu ziren atzo eguerdian. Gasteizen, Armando Aulestiarte Arabako Pentsiodunen bozeramaileak ohartarazi zuen EAEko diru bilketa fiskalaren hazkundea %8koa izanagatik ere, partidak «berriro ere negozio pribatuetara igarotzen direla dependentzia eta bestelako gizarte zerbitzuen alorrean», eta galdegin zuen pentsioak 1.080 euroraino osatzeko partida bat sartzea aurrekontu proiektuan.

Aurrekontuak

Maddalen Iriarte Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramaileak Euskadi Irratian esan zuen EAJk proposatutako 48 milioiak baino «askoz diru gehiago behar dela», eta koalizioak «420 milioi» proposatu ditu. Bestalde, Lakuarekin negoziatzen jarraitzeko prestutasuna agertu zuen.

Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko Ogasun ministroak, berriz, atzo esan zuen Espainiako aurrekontu orokorrak adosten ez badira «dekretu bidez» igoko direla pentsioak. KPIak %1,8an edo %1,9an amaitzen badu urte bukaeran, pentsiodunek balio horren eta pentsioen azken igoeraren (%1,6) arteko aldea jasoko dute ordainetan, hau da, %0,2 edo%0,3ko igoera. Bestalde, baietsi zuen pentsio baxuenak KPIaren gainetik igoko direla.