GARA
TBILISSI

Surrealismo kaukasiarra agerian, Georgiako bozetan

Georgiarrak presidentea aukeratzekotan ziren atzo, bigarren itzulian. Benetako erronka baten aurrean daude.

Alde batetik, Bidzina Ivanichvili magnatea dago, Salome Zurabichvili Pariseko enbaxadore ohiaren hautagaitza babesten duena. Bestetik, Mijail Saajachvili presidente ohia; eta honek bere etorkizun pertsonala du kolokan. Izan ere, iruzur salaketak zirela eta Ukrainatik ihes egin ostean, Amsterdamen bizi da erbestean. Georgiara ere ezin da itzuli, zuzenean kartzelatuko bailukete, hainbat ustelkeria auzitan zigortu dutelako.

Saajachviliren hautagaiak, Grigol Vashadzek, puntu bategatik galdu zuen lehenengo itzulian Salome Zurabichvili-ren aurrean (%37,74 eta %38,64). Zurabichviliren Georgiar Ametsa taldeak –Ivanichvili magnatearenak–, bozen %50etik gora espero zuen lehen itzulian eta jipoi handia hartu zuen 2012az geroztik boterean egon ostean.

Beste 10 alderdi politikoren babesa duen Vashadze aurretik zihoan atzo arte inkestetan. Gainera, lehen itzulian bozen %11 lortu zuen hautagaiaren Georgia Europarra alderdiak babesa eskaini dio bigarren itzulirako.

Zorren barkamena

Lehia geopolitikoa baino pertsonala bihurtu da. Pertsonala, ekonomikoa delako. Ivanichvili magnateak, 4.600 milioi dolarreko ondasuna duenak (Georgiako barne produktu gordinaren herena), zera agindu du, 600.000 georgiarri berea den bankuan dituzten zorrak barkatuko dizkiela.

Oposizioak eta hainbat gobernuz kanpoko erakundek hauteskunde iruzurra eta bozen salerosketa salatu dute. Bi hautagaitzek, ordea, mehatxuak leporatu dizkiote elkarri.