Jon GARMENDIA
Idazlea

Agur eta ohore

Banekien nor zen baina ez nuen Frantxua Garat ezagutzen, eta badira zuzenki ezagutu gabe preziatzen dituzun pertsonak, maite duzun izaera dutelako bainoago maite dituzun gauzak egin dituztelako. Hala zen gaixotasun luzearen ondoren zendu berri den Hazparneko apaiza.

Bake prozesuarekin engaiatu zen urteotan, eta hitz egiten denbora pasa ordez denbora bera ahal duten hori egiten pasatzen dutenak ditut estimutan. Tristura sumatu dut hemen, harritzen nauena da zein harrabots gutti sortu duen bere heriotzak Hegoaldean.

Euskal seme-alaba handiak behar bezala ohoratu eta aldarrikatzeko zailtasuna dugu oraino gure lurraren luze-zabalean, zatiketa eta urruntasunaren ondorio latzena horra. Aguxtin Alkhat musikariari ebatsi dizkiot hitzok Garaten berri lau haizetara emateko.«Ateoa naiz zangoetatik bururaino baina Frantxoa, apeza, nire burasoen lagun mina zenez, harekin ordu frango pasa ditut haurtzaroan. Errefuxiatu askorekin harreman estuak zituzten eta laguntza ugari eskaini zieten, beste askok bezala garai hartan. Preso sartu zuten 10 urte nituelarik, bere atea ideki zuelako ihesean zebiltzanei. Gogoratzen naiz aitak erran zigula oheratzean ‘jendarmak heldu badira, lasai egon eta ez nigarrik egin’, baina ez ziren gure etxera nehoiz etorri. Herri hunen alde, isilean, itzalean aritu den gizon xume horietako bat zen Frantxoa. Agur eta ohore!». Eta betirako argia.