Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Elkano hobeto ezagutzeko ekimena, mundu biraren 500. urteurrenean

Munduari bira ematea lortu zuen lehen espedizioa 1519an abiatu zen. Juan Sebastian Elkano getariarrak lortu zuen mugarri historiko hau amaitzea, lurrari buruz gizakiak zuen pertzepzioa aldatuz eta merkataritza bide berriak zabalduz. Halere, marinela ez da beharko lukeen bezain ezaguna, eta horregatik, bere figura ikertu eta zabalduko dute.

Juan Sebastian Elkanoren figura ezagutarazteko ekimen anitz abiaraziko dituzte 2019. urtetik aurrera, marinel getariarraren espedizioaren 500. urteurrenean. Munduari bira eman zion lehen marinel talde hartako kapitaina izan zen Elkano, Magallaes bide erdian hil zenetik, baina hala ere euskaldunaren izena ez da portugesarena bezain ezaguna, ez Euskal Herrian bertan ez atzerrian.

Arrazoi hori dela eta, Lakuako Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Uroka Kostako Udal Elkarteak eta Getariako Udalak sustatuta Elkano Fundazioa martxan jarriko da 2019-2022 epean. Hiru urtean, hain justu itsas espedizio historikoak iraun zuen denbora tartean, Elkanoren bizitza eta gertaera bera ikertuko dute, eta lortutako informazioa zabaltzeko tresnak prestatuko dituzte, atzo Donostiako San Telmo museoan egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez.

Nika Lertxundik, Getariako alkateak, hartu zuen hitza lehenik. Honek aipatu zuen 1519an 200 marinel baino gehiago abiatu zirela, «Getariako seme baten gidaripean» –lehenik Magallaes izan zen kapitain; getariarra ondoren, eta honek lortu zuen bidaia amaitzea–. Bidaia hark munduaren pertzepzioa aldatu zuen, honela frogatu baitzuten lurra biribila zela, eta ez laua, ordura arte uste zen bezala. Honela, merkataritzako bide berriak zabaldu zituzten, globalizaziorako lehen pausoak emanez. «Mugarri historiko bat da, baina arriskua dago aurretik izan zirenak ez aintzat hartzeko», aipatu zuen. Hortaz, bosgarren mendeurrenean «munduari buelta, aurrekariak eta ondorioak» aztertuko dituzte.

«Ontzigintza eta Getariako gizon baten ausardia bildu eta munduari bira eman zion Elkanok. Gure xedea da XXI. mendeko euskaldunak elkartzea munduari bira emateko», esan zuen alkateak.

Orain eman nahi duten bira hori figuratiboa da. Alegia, euskaldunok geure gaiak ikertzea nahi dute, baina baita atzerritarrek gu aztertzea ere. Horregatik, Markel Olano diputatu nagusiak iragarri zuenez, Kanadako Notre Dame unibertsitatean Elkanoren inguruko katedra bat jarriko dute martxan.

«Elkanori buruz informazio eskasa dugu. Fundazioak uste du horretan sakontzeko erantzukizuna duela», aipatu zuen ikerketa lan akademiko bat ere abiaraziko dutela iragarriz. Izan ere, uste dute oraindik dokumentuak bildu ditzaketela, eta historialariek dituzten hipotesi anitz argitu ahalko dituztela. Gainera, nazioarteko bilkurak egingo dituzte espedizioarekin harremana izan zuten herrialdeetan sare bat eraikitzeko. Baina uste dute informazioa lantzea bezain garrantzitsua dela lortutako datu horiek zabaltzea eta gizarteratzea. Diputatu nagusiak kontatu zuenez, Aldundiaren eraikinean Elkanori erreferentzia ugari daude, duela 130 urte bertan jarritakoak. «Horrek esan nahi du egin zuenarentzat Elkano gipuzkoar garrantzitsuena zela. Baina egungo ikasle batek ez daki nor den», esan zuen.

Ekonomian isla

Arantxa Tapia Lakuako Garapen Ekonomikorako sailburuak bere arloan jarri zuen begirada, alegia, Elkanoren espedizioak Euskal Herriko ekonomiari egin zion ekarpenean. Tapiaren hitzetan, XVI. mendeko euskaldunak eta gaur egungoak desberdinak badira ere, badute zerbait amankomuna: itsasoarekiko harremana.

Hala, aipatu zuen ontzigintza eta arrantza egungo EAEn ekonomiaren parte handi bat dela. Gainera, baieztatu zuen garai hartako marinelen itsasontziak onenak izan zitezen garatu zela siderurgia eta honek industrializazioa bultzatu zuela gerora.

Bestalde, Elkanoren bidaiaren arrazoia espeziak ekarri eta horiekin merkatu berri bat zabaltzea zela gogoratuz, marinelak ekintzaileak izateaz gain, euskal gastronomian eragin zutela azpimarratu zuen. Honekin batera, sagardoari balioa eman nahi dio, egun pil-pilean dagoen merkatu bat, euskal marinelek bidaia luzeetara eramaten zutelako (ura usteldu egiten zen, eta euskaldunek beti zuten zer edan sagardoa primeran mantentzen zelako kupeletan. Gainera, sagardoaren bitaminek marinelak eskorbuto gaitzetik babesten zituzten).

Amaitzeko, Ion Irurzun Fundazioko zuzendariak hartu zuen hitza aipatzeko elkarketa hau behin-behinekoa izatea «osasuntsua» dela, tarte honetan ahalik eta gauza gehien egingo dituztelako, gerora mantentzeko xedea izango dutenak. Irurzunek lankidetza nabarmendu zuen Fundazioaren balio nagusi gisa, eta aipatu zuen sareak sortzea dela asmoa behinena.