GARA
IRUÑEA

Nafarroako Euskararen Legea aldatzeko deia egin dute 32. urteurrenean ere

Bihar beteko dira 32 urte Nafarroan Euskararen Legea (Ley del Vascuence delakoa erdaraz) onartu zenetik, eta urteurren hori baliatu du Kontseiluak aldatzeko beharraz berriz ere ohartarazteko.

Legealdiak aurrera egiten duela-eta, kezka agertu zuen Paul Bilbao idazkari nagusiak Iruñean eginiko agerraldian, 2015eko iraulia gertatu zenean Kontseiluak lege horren aldaketa gauzatuko zela aurreikusten zuela esanez.

Geroztik, Kontseiluak «arduraz» jokatu duela nabarmendu zuen Bilbaok. Aldaketa politikoa sustatzen duten lau indarren artean gai honetan adostasunik ez dela jabeturik, beraien arteko desadostasunak gainditzeko jokatu dutela erantsi zuen.

Iaz, azkenik Nafarroako Legebiltzarrean Euskararen Legearen balizko aldaketari buruzko batzorde berezia sortu zela ekarri zuen gogora Paul Bilbaok. Halere, «sei hilabeteren bueltan» proposamena kaleratu behar zuela oroitarazi zuen, baina gaur bertan «ez dakigu zer ari den gertatzen bertan», salatu zuen.

Hizkuntza eskubideak betetzen hasteko ordua badela berretsi zuen Bilbaok, izan ere, Euskararen Lege honek jada 32 urte egin ditu.