Andoni ARABAOLAZA
MENDI

Hego Koreara joan da «Mendi»-ren sari nagusia

«Becoming who I was» hautatu dute film onena Bilbao Mendi Film Festivalen. Kurt Diemberger-ek eta Juanjo San Sebastianek aitortza bana jaso dute.

Bilbao Mendi Film Festival hamarkada berrian sartu da, indartsu sartu ere. Hamaikagarren aldia izan du; hilaren 7tik atzo arte. Normala denez, hasiera ekitaldian mendiari buruzko euskal zinemaldiko zuzendari Jabi Baraiazarra urduri zegoen. Baina berehala uxatu zituen urduritasun guztiak; besteak beste, jaialdia abiatzeko aukeratu zuten pelikulak aretoa txiki utzi zuelako. Denera, 1.600 ikusle erakarri zituen “The Dawn Wall”-ek; hots, Euskalduna jauregia bete egin zen.

Beraz, irakur daitekeenez, hamar eguneko jaialdi hau motorrak oso ondo prestatuta hasi zen. Ohi den bezala, Sail Ofizialean lehiatu diren zintek protagonismo berezia izan dute. Baina ez dira bakarrak izan.

Larunbat iluntzean saritutako film guztien berri eman zuten. Ekitaldi horretan, denera, hamaika saritu igo ziren oholtzara. Aldo Audisio, Emi Ueyama, Jim Herrington, Suzan Beraza eta Juanjo San Sebastianek osatutako epaimahaiak Moon Chang-Yong eta Jin Jeon zuzendari hego korearren “Becoming Who I Was”-i eman zion sari nagusia. Hots, hori izan da pelikula onena.

Beste hamar

Aitortza nagusi hori ezagutu ondoren, atzo amaitu zen hamaikagarren edizioko beste hamar sarituen izenak eman zituzten. Zuzendari onenaren saria Arunas Matelisek eraman zuen; hain zuzen ere, “Wonderful losers” pelikularengatik. Gidoi onenaren saria, berriz, Lukasz Borowskiren “Runners”-ek jaso du.

Argazkilaritza onenaren sariak ez du inor ezustean harrapatu, beste zenbait mendi zinemalditan ere jaso baitu aitortzarik. Elisabeth Chai eta Jimmy Chin zuzendarien “Free solo” film entzutesua da hori. Hori bera gertatu zaio beste film bati: Josh Lowell eta Peter Mortimer-en “The Dawn Wall”-i. Epaimahaiaren saria irabazi du.

Jean-Michel Jordaren “Everest green” filmak mendiko saria jaso du. Eskaladako pelikula onena, berriz, Karel Vlcek-en “Lezeni na pisku-Sand Climbing-The Seventies” izan da. Pablo Vidalek eta Aner Etxeberriak zuzendutako “Bayandalai-Lord of the taiga” zintak mendiko kulturari eta naturari buruzko pelikula onenaren saria irabazi du.

Beste hainbeste lortu du Michael Brown-en “The Weight of Water”-ek, baina kirol eta abentura sailean. Sari nagusien artean, azken bi aipamen egin behar ditugu. Lehena, film laburrarena. Bada, zinta onena Ignasi Lopezen “Viacruxis” izan da. Eta bigarrena: euskarazko film onena. Eta ohore hori eraman duena Eukeni Arriortuaren “Pastoreak” izan da.

Lehiaketa nagusitik kanpo, beste sari bat banatu zen: Mendishort. Hots, zuzendari amateurrei zuzenduta dagoena. Eta irabazlea Iñaki Atxaren “Hartz eta otsoekin lotan” izan da.

Horiek dira, beraz, saritu guztiak. Eta pelikula horiek guztiak atzo pantailaratu ziren etenik gabe eginiko saioan.

Euskal mendi zinemaldi hau orrialdeotan aurkeztu genuenean, aipatu genizuen egitarau oparoa zuela. Eta halaxe izan da, lehiaketaz gain, hitzaldiak, erakusketak eta abar izan dira. Eta, gainera, izen handiko zuzendariak eta mendiko kirolariak pasatu dira Bilbotik; Nico Favresse, Sean Vilanueva, David Lama, Peter Mortimer, Michael Brown, besteak beste.

Amaitu berri den jaialdi honetan beste bi mendizalek protagonismo berezia izan dute. Kurt Diemberger eta Juanjo San Sebastiani buruz ari gatzaizkizue. Lehenak, IAMF saria jaso zuen; hots, nazioarteko mendiko zinema jaialdien erakundeak ematen duena. Euskal mendizaleari, berriz, Wop Fundazioaren saria egokitu zitzaion.