GARA
GASTEIZ

IG lizentzia gehiago onartzea «ia ezinezko» ikusten du Arantxa Tapiak

2019. urte bukaerarako sektorearen jarduna egituratuko duen legedia jarri nahi du martxan Lakuak eta atzo aurrenekoz batu ziren taxilarien eta IG lizentzien ordezkariak. Lehen hiruhilekoa igarota, lizentzia duten gidaridun autoek pegatina berdea eramatea adostu dute.

Taxiaren sektorea, ibilgailu gidaridunen (IG) lizentzien ordezkariak eta Lakua atzo bildu ziren bi zerbitzu ereduen elkarbizitza zehazteko. Hori horrela, Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak ondorioztatu zuen «ia ezinezkoa» dela EAEn IG lizentzia gehiago onartzea. Egun 95 lizentziadun ibilgailu daude eta Araba eta Bizkaian 215 IG eskakizun daude tramitean –Gipuzkoan bat ere ez–.

EAEn egin den taxilari eta IG lizentzien arteko aurreneko bilera izan zen atzokoa eta sektorea erregulatuko duen araudiaren puntu bat hitzartu zuten. 2019ko aurreneko hiruhilekoan jarriko da martxan eta hortik aurrera gidaridun autoek berde koloreko pegatina bat eraman beharko dute automobilaren haizetakoan eta atzeko kristalean. Horiek sektorearen kontrol eta ikuskapenerako lagungarri izango direla aurreikusten dute eta aldundi bakoitzaren esku jarriko dute horien banaketa.

Neurri hau «aurreneko urrats» bezala ikusten dute hiru aldeek; izan ere, 2019. urtearen amaierarako martxan jarriko den araudiaren aurrekaria izango da. Legedi hori EAEko «errealitatearen» araberakoa izango dela iragarri zuen Tapiak, «hemen bi jarduerek elkar ulertzen dute eta ez daude Madrilen edo Bartzelonan dauden arazoak».

Taxien eta IG lizentzien jarduera erregulatuko duen araudiak horiek eskain ditzaketen zerbitzuak, ibilgailu gidaridunek aurrez kontratatzeko epeak, gutxieneko ibilbideak, tarifak, ikuskapenak eta zigorrak zehaztuko ditu, besteak beste.

Uber eta Cabify

Bileraren ondoren Tapiak iragarri zuen «antzeko baldintzetan lan egitea bermatzeko borondatea» erakutsi dutela bi aldeek, «kontrol eta betebehar parametro berberak exijituz, eta horrek EAE barruan elkarbizitza harmonizaturako esparrua definitzeko aukera emango du».

2.137 taxi daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan; hau da, 23 taxiko IG lizentziadun ibilgailu bat dago hiru herrialde hauetan. Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak ezarritako tasa, aldiz, 1/30ekoa da. Ondorioz, Tapiaren iritziz, «oso zaila da Uber edo Cabify bezalako enpresek hemen lur hartzea». Bi horiek jada eskatu diote Lakuari hitzordu bat, baina Gobernuak aurreratu zuen ez duela beraiekin biltzeko asmorik eremu legal bat ez dagoen bitartean.

Borja Musons Taxien Euskal Federazioko presidenteak aitortu zuen Uber eta Cabifyren «mamua» hor dagoela, taxilariek baino «finantza-muskulu» handiagoa dutelako eta «pastel guztia bereganatu nahi izaten dutelako». Hala ere, nahiko baikor agertu zen EAEn «egunero VTC autoen kopurua murrizten doalako» eta ia 20 urte dituen taxien euskal legediaren hutsuneei konponbidea emateko borondatea ikusten duelako.