Maite UBIRIA BEAUMONT

PARIS ZEIN BAIONAKO GELTOKITIK GIZARTEAREN TRENA ABIAN

BAIONA-SANTESPIRITUKO TREN GELTOKIA ABIAPUNTU IZAN ZUEN MANIFESTAZIOAN BILDU ZIREN HERRITAR ASKOK GOGOAN ZUTEN URTEBETE LEHENAGO PARIS-MONTPARNASSEN HASI ZEN MARTXA. EKIMEN HARK TRENA ERRAILETAN JARRI BAZUEN ATZOKOAK KONBOIA AZKEN GELTOKIRA ERAMATEKO LAGUNDU BEHAR LUKE.

2017ko abenduaren 9an Parisko etorbideetan murgildu zen presoen eskubideen aldeko manifestazioaren irudiak iltzatuta daude gizartearen memorian. Baionako Errepublika plaza abiapuntu izan zuen atzoko mobilizaziora lotu ziren eragile anitzen hitzetan ekimen hark utzitako arrastoa agerikoa zen.

Martxa bi horien arteko lehenengo hari sinbolikoa abiapuntuan bertan atzeman zitekeen. Parisko karriketara Euskal Herri osotik heldutako hamar mila eta gehiago herritar eraman zituen martxa Montparnasse tren geltokiaren inguruetatik atera zen. Bederatzi mila herritar bildu zuen Orain Presoak ekimenak Baionako tren geltokia kokatzen den Santespiritu auzoan izan zuen hasiera.

Lapurdiko hiriburuan Tram’Bus martxan jartzeko arramoldatze lanek behartu zuten ibilbide berria bilatzera, eta horren ondorioz, gizarteak gidatzen duen trena paraje berrietatik igaro zen. Bide batez, sinbolo berriak eskainiz, Aturri ibaiaren gainetik zubia zeharkatu baitzuen. «Musikari ezagunekin batera Parisko manifestazioan giroa jartzea egokitu zitzaidan eta han zabaldu zen esperantza behar dela egikaritu esatera etorri naiz Baionara», aitortu zigun Fermin Muguruza musikariak. «Frantses Gobernuak konpromisoa hartu zuen eta gogoa sentitu dut esateko aski dela, badela garaia emandako hitza betetzeko», gehitu zuen. Eider Rodriguez idazleak, bere aldetik, «Ipar Euskal Herriak sustatu duen elkarlanaren» balioa nabarmendu zuen, «hegoaldeko hemisferioari» begira eredugarria izan daitekeelakoan.

Kultur eragileei egokitu zitzaien, hain zuzen, manifestazioak zabaldu zuen oihal zabala eramatea. Peio Ospital kantaria, Marko marrazkigilea, Jon Maia eta Amets Arzalluz bertsolariak... beraiek bildu zituzten zubiaren espaloiak betetzen zituzten herritarren lehenengo txalo zaparradak. 17.30ean abian jarri zen gizartearen trenari bidea zabalduz Baiona, Uztaritze, Hazparne eta Hendaiako joaldunak. Egiari zor, joaldunen joan-jinak pixka bat lehenago hasi ziren, nola ez, sinbolismoz beteriko bertze leku batean. Hain zuzen, Baionako espetxeko atarian, hitzordua emana baitzuten Iparraldeko gazte eragileek.

Gazteak eta joaldunak

Azia elkartea, Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibala, ELB gazteria eta Aitzina antolakundearekin batera hamabi gaztetxek deialdi berezia egin zuten. Kartzelatik abian jarri zen gazte blokea joaldunen konpainian tren geltokira gerturatu zen. «Gazteen ondoan beroketa egiteko parada ederra ukan dugu», aitortu zigun joaldun gisara jardun zuen Gillermo Etxebarriak, Baionako Bernat Etxepare lizeoko zuzendari ohiak.

Bulunben eta txalo hotsen artean, kulturgileen gibelean Parisko Justizia Ministerioarekin elkarrizketak zabaldu zituzten euskal delegazioko kideak jarri ziren, eta beraiek babestuz hamarnaka eta hamarnaka hautetsi. Orotara 270 hautetsik dei egin zuten atzoko manifestaziora joateko, horien artean 102 auzapezek. Hautetsien Biltzarreko buruak, Lucien Betbederrek, «gizartearen ondoan hautetsiek harturiko engaiamendua» goraipatu zion GARAri.

Parisko martxari begira buru duen erakundeak onartu zuen deliberoa gogoratuz, «berriz ere hemen gara, Parisen zabaldu zen bidea behar dela aitzinera eraman errateko», azaldu zuen.

Auzapezak bezala, Euskal Elkargoko zuzendaritzak bat egin zuen euskal delegazioko burua den Jean-Rene Etchegarayren desmartxa babesteko orduan. 25 kidetik 20k izenpetu zuten manifestaziora deitzeko agiria. Etchegarayk berak, Parisen zabalduriko elkarrizketa gaur-gaurkoz blokeatuta dagoela deitoratu ostean, atzoko manifestazioaren atarian Nicole Belloubet Justizia ministroak eginiko adierazpenari erantzuna eman zion. «Gu ere prest gaude berriro hitz egiteko baina gauza bat argi utzi nahi dugu, seinaleak espero ditugu hurbilketekin, zeren eta bidearen erdia egin badugu ere bide guztia ez dugu osatu», nabarmendu zuen.

Koloreak eta leloak

Baionako auzapezaren ondoan, banderola atxikiz, Vincent Bru diputatua zegoen. Elkarrizketa prozesuak bizi duen izotzaldiaren erantzule den gobernuaren gehiengoaren partaide da Kanboko auzapeza, baita hautetsien segizioan izan zen Denise Saint-Pe senataria ere. «Hemen nago uste dudalako bakearen alde, gizatasunaren alde, denok behar dugula gure ekarpena egin», aitortu zion egunkari honi. Saint-Pek itxaropenez hartu zituen Justizia ministroaren hitzak. «Ateak zabalik daudela erakusten dute», ondorioztatu zuen senatari zentristak.

Bourbon jauregian oposizioko hautetsi den Les Republicains-eko Max Brisson senatariak «batasuna etengabe biziberritzearen premia» azpimarratu zuen. Presoen afera dela-eta lorturiko aitzinamenduak balioan jarri ondoren, azaldu zuen aurrera segitzeko konpromisoa nabarmentzera etorri zela Baionara. «Beti ados egon ez arren, denok dugu bakearen helburua», gaineratu zuen hautetsi biarriztarrak.

Politikarien atzean, senideen banderola eta zapiak azaldu ziren, eta beraiekin batera presoak etxera ekartzea agintzen zuten leloek martxaren tonua igo zuten. Milaka eta milaka herritar Bouflers etorbidetik Baiona Ttipirako sarrerara hurbiltzen hasiak ziren. Manifestazioaren burua azkeneko geltokira, Roland Barthes zabalgunera, heldu zenean, seiak jotzeko zorian zirela, azkeneko manifestariek zubia zeharkatzeari ekin zioten.

Oholtzan, lehenik, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez sozialista eta Euskal Elkargoko lehen lehendakariordeak eta Leonie Agergarai Muskildiko auzapezak hartu zuten hitza, ezberdinen arteko elkarlana eta gizartearen sostengua goraipatuz.

Anaiz Funosas eta Mixel Berhokoirigoin delegazioko kideek «eskubideak guztientzat behar direla izan» gogoratu zuten, Parisi begira. «Presoak eta biktimak gatazkaren muinean izan diren heinean konponbidean ere behar direla izan» gaineratu zuten, Laboaren “Txoriak txori” kantaren doinupean ekitaldia amaitu aitzin.