Andoni ARABAOLAZA
pakistán

Kiris Peak-eko hormatzarra zabaldu dute italiarrek

Iragan urteko udan, Massimo Falettik eta Maurizio Giordanik «Water World» bidea sortu zuten. 1.250 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: 7a/A2, 65º eta M3. Igo gabe zegoen mendi horren gailurra zapaltzeko sei eguneko lana behar izan zuten.

Maurizio Giordani italiarra eskarmentu handia duen hormatzarretako eskalatzailea zein alpinista da. Eta joan den udan argi utzi zuen big walletan ondo baino hobeto moldatzen dela. Massimo Faletti kidearekin batera Pakistanera bidaiatu zuen. Igo gabe zegoen mendi bat, Kiris Peak (5.428 m), zain zuten. Edo zehazkiago esanda, zain zuten mendi horrek bere baitan gordetzen duen hormatzar estetiko eta erakargarria.

Eta sei eguneko lan eskergaren ondoren, bi italiarrok gai izan ziren 1.250 metroko marra bat eskalatzeko. Sortu duten bideari “Water World” deitu diote. Argazkian ikusten den bezala, marra berriak dituen zailtasun nagusiak granitozko horma horretan bildu ziren: 7a/A2. Ondoren, gailurrera heltzeko, elurrezko aldatsak eta mistoko pasarte errazak (65° eta M3) gainditu zituzten.

Horiek dira italiarrok Kiris Peak-en egin zuten jardunaren lerroburu nagusiak. Hurrengo lerrootan, berriz, Giordanik berak azalpen zabalagoak eskainiko dizkigu.

«Water World»

«Iraganean esploratu gabe zeuden makina bat haran eta mendi bisitatu ditut. Igo gabe dauden mendiak eta eskalada zailak dira espedizio batetik gehien erakartzen nauten ezaugarriak. Eta, jakina, eskarmentu berriak bizitzeko espediziokide egokienak bilatzen ditut.

»Ghulam Muhammad Pakistango lagun zaharra dut. Baltistanera egin ditudan bidaia asko berak antolatu dizkit. Mendian ditudan helburuak ondo baino hobeto ezagutzen ditu, eta gris koloreko granitozko hormatzar ezezagun baten argazkia bidali zidan. Pareta hori neure buruan kokatu ahal izateko, Google Hearth-en sartu nintzen. Karakorumeko inguru geografiko infinitu horretan bilatu nuen. Dolomitekin antz handia du, eta haren formak erabat erakarri ninduen. Ghulamek Kiris Peak deitzen dio, eta behin eta berriz azpimarratu zidan igo gabe zegoela.

»Etxetik aztertuta, mendi horretara heltzeko bidea nahiko atsegina iruditu zitzaidan; besteak beste, ondoan glaziar handirik ez duelako. Gainera, arazo logistikoek arinak ziruditen. Manrico Dell´Agnola kideari proposamena egin nion, baina Riglosen istripu bat izan zuen, eta ezbehar horrek espedizioa atzeratzea eragin zuen.

»Ondoren, Manricorekin Jordanian eskalatzen egon nintzen, eta talde horretan Luca Schiera zegoen. Lucak kontatu zigun Pakistanen amaitu berri zuen espedizio batean murru erraldoi bati argazkia atera ziola. Erakutsi egin zigun eta Ghulamek bidalitako horma bera zen. Beraz, hormatzar hori ez zen hain ezezaguna, baina, hala ere, esploratzeko dudan grina ez zen batere apaldu.

»Espedizio hau egiteko izan nuen lehen traba baimena lortzea izan zen. Eskualde horretan India eta Pakistanen arteko borrokak daude, eta militarrek eragozpen ugari jartzen dituzte.

»Bidaia honetan, azkenean, beste lagun batzuk batu zaizkigu. Baina argi eta garbi neukan igo gabe zegoen mendi eta hormatzar hori Manrico eta Massimo Falettirekin eskalatuko nuela.

»Kanpaleku nagusia atondu bezain laster, girora egokitzen hasi ginen. Nire emazte Nancyrekin oso atsegina eta erraza den 4.900 metroko mendi bat igo genuen. Mendi horri Besenello izena jarri genion. Ondoren, 5.500 metroko garaiera duen beste mendi bat igo genuen. Haran horretan dagoen mendi altuena da, eta tontorra zapaltzeko zortzi orduko ibilbidea egin genuen.

»Nancyk eta biok oinarrizko kanpalekura iristeko egin genuen hurbilketa bidea ederra da oso. Urte batzuk lehenago Spantik mendia igo genuen, baina espedizio honetan kontrako bidea hartu eta benetan ederrak diren hainbat zazpimilako ikusteko aukera paregabea izan genuen. Han ziren: Ogro, Latok...

»Hau guztia esan eta gero, badirudi Kiris mendia eta haren ingurumarian dauden guztiak beste gauza bat izango zirela; hots, txikiagoak izanda, ez zirela hain erakargarriak izango. Baina horrelako interpretazioa egin nahi duena oker dago.

»Nire kideak kanpaleku nagusira heldu baino lehen, Kiris mendiaren horma hori ondo baino hobeto aztertu nuen. Aklimatazioaren fasea bukatu zenez, eskaladakoari ekiteko pronto ginen.

»Eguraldi nahasiak tregoa eman zigun. Pixkaka-pixkaka eguraldia egonkortzen hasi zen, eta harekin batera bazirudien edertasuna ere egonkortzen hasi zela. Paretaren sarrerara heldu eta lehen bi luzeak eskalatu genituen. Hori egin eta gero, neure burua egoera berrian kokatu zen. Horrekin esan nahi dut hormatzarrak dituen neurrietara egokitzeko lana ez zela batere erraza izango. Murru handi baten aurrean ginen, 700 metrotik gorako garaierakoa.

»Granito gogorra, bertikala, trinkoa, oso zaila eskalatzeko... Eta, gainera, inguratzen gintuzten makina bat ur-jauzi genituen. Kontuan hartu behar da gailurrak elur asko pilatzen duela. Hori gutxi ez, eta egunaren erdiko orduetan bero handia egin zuen. Murrua, bestalde, ipar-ekialdera begira dago eta eguerdira arte eguzkiaren izpiak jasotzen ditu. Hasieran elur horretatik tantak erortzen ziren, baina orduek aurrera egin ahala tanta horiek ur-jauzi bilakatzen ziren. Turrusta horiek edonondik erori eta den-dena busti-bustia uzten zuten: diedroak, artesiak...

»Uste dut aukeratu genuen bidea agerikoena zela. Berez, balizko arroka erorikoengatik babestua zegoen, baina goialdean zain genuena erabat ezezaguna zen. Bueno, behekoa ere bai.

»Behin betiko saioaren aurretik egun bateko atsedena beharrezkoa zaigu. Egunsentia baino lehen, Massimo, Enrico eta hirurok eskalatzen hasi ginen. Geure helburua ahalik eta metro gehien igotzea zen. Soka finko batzuk eraman genituen, batez ere hasierako sekzioetan jartzeko. Paretaren lehen zati horretan ez dago bibak erosorik.

»Beste egun bat eskalatzen jardun genuen, eta erabaki ere paretaren oinarrira jaitsiko ginela atseden hartzera. Biharamunean, Manrico buruko minez esnatu zen; girora ez zegoen ondo egokituta.

»Astebetez eguraldia egonkortu zen, eta, azkenean, Massimo eta biok paretan sartu ginen. Bi bibak egin eta gero, arrokazko paretaren goialdeari ekin genion. Zeharkaldi luze bat, mistoko luze batzuk, 60°-tik gora elurretan makina bat luze... Eta tontorra zapaldu genuen. Igo gabe zegoen mendi bat lortu dugu. 5.428 metro ditu, eta zailtasun gogorrak gainditu behar izan genituen.

»Tontorra, berez, erdibitua dago; horrekin esan nahi dut bi gailur dituela. Bata bestearengandik ehun metrora. Ikuspegia bakarra eta zirraragarria da. Eguna garbi-garbia zenez, aurrez aurre Nanga Parbat, K2, Broad Peak, Masherbrum, K6, K7 eta izenik ez duten ehunka mendi ditugu. Azken horiek ez dute historia alpinistikorik. Balizko xede txiki eta handiak dira. Eta horiek dira gu harrapatzen gaituztenak. Era horretan sortu dugu ‘Water World’ bidea; gure azken eskarmentu handia».