GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako onkologia antolatuko duen organoa eratu da

Gipuzkoan Osakidetzaren arreta onkologikoa antolatu eta kudeatuko duen organo gidaria eratu zuten atzo. Onkologikoa Osakidetzaren sisteman sartu ondoren hartu da erabakia hau, minbiziaren diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko helburuarekin.

Iñigo Urkullu Lakuako lehendakariak sinatu zuen Onkologikoa Osakidetzaren barnean sartzeko agindua abenduan eta atzo organo gidariak lehen bilera egin zuen. Bertan, Jon Darpon Osasun sailburuak, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Ande Aizpurua Kutxa Banku Fundazioko zuzendari nagusiak hartu zuten parte. Han izan ziren halaber Manuel Isidoro Beraza Onkologikoa Fundazioko patronatuko presidentearen ordezkari gisa eta Natalia Garcia Onkologikoa Fundazioko patronatuko kidea.

Atzo lehenengo bilera egin zuen organo gidari hau izango da alderdi klinikoak eta profesionalak jaso dituen ekintza plana onesteko arduraduna, betiere 2018-2023 Plan Onkologikoaren esparruan.