Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Euskal Herriko musika funtsen mapa osatuko du Eresbilek

Iazko balantzea egin eta aurtengo erronkak marrazteko unea da urtarrila eta Eresbilek ere egin ditu etxeko lanak: 2018ak emandakoak zerrendatzeaz batera, 2019an euskal musika funtsen eta bildumen mapa digitala osatzen pauso berriak emango dituela iragarri zuen.

2018ak emandakoaren errepasoa egin eta 2019an Eresbilek izango dituen erronkak zerrendatu zituen atzo erakundeko zuzendari Jon Bagues-ek, hedabideen aurrean egindako ekitaldian. Erronken artean, gorriz azpimarratu zuen Baguesek Euskal Herrian dauden funts eta bilduma musikalen mapa digitala osatzearena. «Musika banden funtsekin hasi ginen eta Euskal Herriko abesbatza adierazgarrienenak, txistu bandenak eta musika artxibategi erlijiosoetakoak ere bildu nahi ditugu aurten», iragarri zuen. Mapa digital honen bidez, gaineratu zuenez, Euskal Herrian dagoen ondare musikala bildu eta edonoren esku jarri nahi du Eresbilek.

Horrez gainera, aurten dute amaitzekoa Arantzazuko musika eskuizkribuen katalogazioa: 488 obra dituzte katalogatuta, eta katalogazioarekin amaitzean «1835ean monasterioa erre aurretik XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako mila obratik gora dituen online katalogoa kontsultatzeko aukera egongo da».

Azkenik, Eresbilek Aedom (Madril) eta Musika Liburutegien Nazioarteko Elkartearen kongresuan (Polonia) parte hartuko duela eta Musikaste 47k Joaquin Oxinaga «barrokoaren irudia» izango duela oinarri esan zuen: «Kutsu bizkaitarra izango du aurtengo edizioak».

2018ak utzitakoari begira, Musikasten Maria Luisa Ozaitari eta harekin batera emakume konpositoreei egin zitzaien omenaldia nabarmendu zuen Baguesek. Ekimenari esker, emakume musikagileen 47 obra berri barneratu zituen Eresbilek bere katalogoan, tartean Briguet Idiartborderen zortzi obra. Horiekin, eta urtean zehar bildutako beste hainbatekin –690 partitura berri eta dohaintzan jasotako lau funts azpimarratu zituen; horien artean Tomas Garbizu musikagilearena–, Eresbilek dokumentatuta dituen dokumentuak 259.952ko kopurura heldu dira.

Horrez gainera, Jose Luis Ansorena artxiboaren sortzaileari 90 urte bete zituela-eta egindako eskertza –Errenteriako Musika Plazari “Jose Luis Ansorena Musika Plaza” izena eman zitzaion– eta EHU eta Musikenerekin batera kaleratutako “El teatro musical de Pablo Sorozabal” agerkaria nabarmendu zituen Baguesek.