Amaia U. LASAGABASTER
Futbola

«Presioa baino gehiago ilusioa sentitzen dugu»

Idoia Agirreren golen laguntzarekin, igoerako play-offaren borrokari gogoz ekin dio Eibarrek.

Aurreko urtea amaitu zen bezala hasi da 2019a Bigarren Mailan. Alavesek eta Eibarrek euren partidak irabazi eta sailkapenaren buruan jarraitzen dute. Hor eman dute denboraldi osoa eta, antza denez, ez dute beste alde batera joateko asmorik. Play-offaren borroka inoiz baino beroagoa egongo da aurten.

Gasteiztarrei lidergoa ematen diena gol aldea bada ere, multzoko golegile nagusiak kamiseta gorri-urdina janzten du. Iaz bigarren postuan amaitu ondoren, aurten bai sailkapenean bai Pitxitxian, bietan hobetu nahi du Idoia Agirrek. Eta asmoa bideratuta, behinik behin, badauka: 21 gol sartu ditu dagoeneko –aurreko denboraldian 25 egin zituen guztira, Ane Azkona zuri-gorriak baino lau gutxiago– eta Eibarrek eskuan dauka play-offa... Alavesek ez badu oztoporik jartzen.

«Ez gara bakarrik Alavesez arduratu behar –azpimarratu du legazpiarrak–. Osasuna sei puntura dago (baita Athletic ere, baina zuri-gorriek ezin dute play-offa jokatu), baina oso talde indartsua da eta oraindik bigarren itzulia ia osoa jokatu behar dugula kontuan hartuta, gauza asko gerta daitezke. Ez nuke borroka bi aurkarira bakarrik mugatuko». Eta gauza bera dio aurkari zuzenen arteko neurketei buruz. Garrantzi itzela izango dute, «baina garrantzi itzela izan dezaten, gainontzeko partidak ere aurrera atera behar ditugu. Alaves, Osasuna eta Athleticen bakarrik pentsatzen badugu, oharkabetu egingo gara eta agur denboraldiari».

Exijentzia

Ez da topiko bat. Sailkapenak II. multzo honetan bi abiadura desberdin daudela agerian uzten badu ere, Agirrek ez du aurkari txikirik topatu. «Partida guztiak dira klabeak eta guztiak dira zailak. Guk ere ikusi dugu. Gure emaitzak ikusita (12 garaipen, bi berdinketa, porrotik ez) baten batek erraz irabazten dugula pentsa dezake, baina partida batzuk ateratzea asko kosta zaigu. Oiartzunen kontra, Aurrerarekin berdindu genuen, aste honetan bertan Bizkerreren aurka... Argi daukagu denak direla garrantzitsuak eta zailak, denek exijitzen dutela gure arreta eta ahalegin handiena».

Asteroko exijentziak eta huts egin ezinak sor dezaketen presioa bigarren itzuli honetan ere kontuan hartu beharreko faktorea da. Agirrek badaki, baina oraingoz ez dago arduratuta, taldea «ilusionatuta eta mentalizatuta» ikusten baitu. «Presioa, berez, ez da txarra. Gainera, kasu honetan, seinale ona da presioa sentitzea, oso helburu garrantzitsu eta polit baten bila ari garelako lanean eta hortik baitator presioa», azaldu du jokalari gorri-urdinak. Baina «neurtu behar da, kontrolatu, larregizko presioa oso kaltegarria delako. Burua berotzen bazaizu, gehiago nekatuko zara, okerrago jokatuko duzu, urduriago... Hori saihestu behar dugu, pena izango litzateke denboraldia horregatik okertzea».

Erremedioa argi du Agirrek: «Presioa baino, ilusioa sentitzen dugu. Eta bide horri jarraitu behar diogu. Modu positiboan hartu, pentsatu ze denboraldi polita egiten ari garen, disfrutatu zer eta nola egiten ari garen, disfrutatu futbolarekin, ilusioa eduki eta ahal bezain ondoen lan egin hori guztia orain arte bezala mantentzeko».

Sariak ahalegina merezi du. Agirrek, hainbeste taldekidek bezala, badaki zer den Lehen Mailan jokatzea –bost denboraldi eman zituen Realean Ameriketako Estatu Batuetara joan aurretik– eta ez du ezkutatzen asko gustatuko litzaiokeela esperientzia errepikatzea. «Argi dago. Klubak egin duen apustua aurrera ateratzen lehen interesatuak gu gara. Eta Lehen Mailara igotzeak, edo gutxienez play-offa jokatzeak nori ez dio egingo ilusioa? Dagoeneko egon garenoi badakigulako zer den eta bueltatu nahi dugulako, eta zorte hori eduki ez dutenei, probatu nahi dutelako, noski. Denon helburua eta ilusioa da, ea orain arteko bidetik jarraitzen dugun».

Laburrean

Golak. Malagan sartutakoei esker, golegileen zerrendaren bigarren postura igo da Nahikari Garcia. 12 sartu ditu dagoeneko Realeko jokalariak, Charlyn Corralek (Levante) baino bat gutxiago.

Zelaiak. Iaz 21.000tik gora zale bildu ondoren, Realak Anoeta zabalduko du berriro Athleticen kontrako partida hartzeko. Kasu honetan Ligakoa, hain zuzen ere otsailaren 9 edo 10ean jokatuko den 20. jardunaldiko neurketa. Lau aste beranduago, Atleticok eta Bartzelonak Wanda Metropolitanon jokatuko dute eta azken-aurreko jardunaldian, RCDE Stadiumen jasoko du Espanyolek Atleticoren bisita.

Nazioartekoa. Mariasun Quiñones, Nahikari (Real), Irene Paredes (PSG) eta Lucia Garcia (Athletic) Espainiako selekzioarekin kontzentratuta daude, hurrengo egunetan Belgikaren eta Estatu Batuen aurkako lagunartekoak jokatzeko. Bestetik, Oihane Hernandez, Nerea Nevado (Athletic), Nerea Eizagirre eta Carla Bautista (Real) deitu dituzte, datorren astean Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin entrenatzeko.

Merkatua. Madrilek azken denboraldia Charlestonen eman duen Laura Ortega fitxatu du. Granadillak, bestetik, Tatiana Metveeva aurrelari georgiarra eta Raissa Feudijo erdilari kamerundarra fitxatu eta Paloma Lazaroren eta Ayano Dozonoren irteerak adostu ditu.

Aitzindari. Milagros Martinez Fundacion Albaceteko entrenatzaile eta koordinatzaile ohia, Japoniako gizonezkoen talde bat entrenatzen duen lehen emakumea bilakatu da. Mantxakoa JFL-ko (Japoniako laugarren maila) Suzuki Unlimited taldearen aulkian jarriko da.

Sariak. Alex Morgan izendatu dute Concacaf-eko Urteko Jokalaria. Munduko Txapelketa lehen aldiz jokatuko duen Jamaikako selekzioari, Jarduera Nabariaren saria eman diote.

Ingalaterra. Arsenal - Manchester United eta Chelsea - Manchester City dira otsaileko lehen astean jokatuko diren Continental Cupeko finalerdiko norgehiagokak.