GARA
BILBO

Bizkaiko metalgintza sektorean kolokan dago hitzarmena berritzea

Patronalak ultimatuma eman zuen asteartean sindikatuekin edukitako bileran, eta otsailaren 15eko bileran adostasunik ezean, negoziazioa eteteko asmoa agertu zuen. Bi urte beteko dira negoziazioa hasi zenetik.

Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmena berritzeko negoziazioaren egoera jasanezina dela kexatu ziren LAB eta CCOO sindikatuak eta patronalak 2018. urtea akordiotik kanpo uzteko mehatxua egin duela jakinarazi zuten. Asteartean egin zuten mahai negoziatzailearen azken bilera eta ELA, CCOO eta UGTk uko egin zioten Metaleko Lantegien Bizkaiko Federazioak eginiko proposamenari. Iazko ekainean LABek mahaia uztea erabaki zuen, «ez zegoelako benetako negoziaziorik».

Ordutik egoerak atzerapausoa eman duelakoan dago LAB, azken proposamenetan sektorea «gehiago» estatalizatzea nahi dutelako. «Argi diosku Espainiako Estatuko legeek diotena jaso nahiko lukeela», adierazi zuen.

CCOOk ohartarazi zuen 2011n hitzarmena bukatu zenetik orain arte galdutako erosahalmena errekuperatzetik oso urrun dagoela proposamena, nahiz eta patronalak ziurtatzen duen KPIa gehi %1,75eko igoera proposatzen duela 2018rako, eta KPIaren gainetik 2019. eta 2020. urteetarako.

Bestalde, azpikontrataturiko enpresentzat subrogazio klausula ezarri gabe jarraitu nahi duela aurpegiratzen dio CCOOk, hala nola sektoreko lan istripu hilgarrien aurrean neurririk ez eskaintzea. «Lanaren egonkortasuna ziurtatzeko ez du konpromisorik erakusten, ezta berdintasunaren aferan ere, CCOOk aurreko bileretan exijitu legez», ohartarazi zuen.

LABek adierazi zuenez, federazioak, «proposamen hutsalak» eskaintzeaz gain, azken hilabeteetan egindako mobilizazioengatik salatu egin ditu: «Oraindik ez dugu epaiketa datarik, ezta salaketari buruzko informaziorik ere, baina jakin badakigu epaituak izango garela hitzarmen duina aldarrikatzeagatik».

Salaketaren aurrean ez direla kikilduko argitu zuen sindikatu abertzaleak eta mobilizatzen jarraituko dutela iragarri zuten. Otsailaren 15aren aurretik –mahaiak bi urte betetzen dituenean– adostasunik lortu ezean 2018. urteko negoziazioa bukatutzat emango du patronalak. Horregatik, sindikatuen arteko aliantza indartzeko «eskua luzatu» zuen LABek, ELA, CCOO eta UGTri dei eginez.

Urteko balantzea

Metaleko Lantegien Bizkaiko Federazioak, bestalde, urteko balorazioa aurkeztu zuen, enpresa bazkideen %27ren erantzunekin osatua. Nabarmendu zuten 2018ko aurreikuspen guztiak ez direla guztiz bete eta aktibitatea aurreko urtearen parekoa izan dela, hazkundea gelditzen ari den seinale.

Aldiz, Gizarte Segurantzan 1.148 afiliazio berri izan ziren eta 2019rako EAEko aktibitateak %2,3ko igoera izango du.

Aurten 1.000 lanpostu sortuko dituztela aurreikusteaz gain, soldatetan ere igoerak izango direlakoan daude lantegiak. 2019a irabaziekin bukatzea espero dute inkesta erantzun duten enpresen %79k.