GARA
ASTIGARRAGA

Olatz Arrieta kazetariak ireki du txotx denboraldi berria Astigarragan

«Gure sagardo berria» oihu eginda, Olatz Arrieta kazetariak 2019ko txotx bolada ireki du Astigarragako Gartziategi sagardotegian, 26. Sagardo Berriaren Egunean. Sagarrondo berri bat ere landatu du.

26. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunaren ekitaldia eguerdian hasi zen Astigarragako Sagardoetxean. Han izan ziren Zorione Etxezarraga alkatea, Bittor Oroz Lakuako Nekazaritza sailburuordea, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, Ainhoa Aizpuru Ekonomia sustapeneko diputatua, Harkaitz Millan Basquetour-eko zuzendaria, Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko kudeatzailea, Joxe Angel Goñi sagardogileen bozeramailea eta Olatz Arrieta kazetaria.

Arrietak sagarrondo berri bat landatu zuen Sagardoetxeko sagastian eta ondoren, unerik garrantzitsuena iritsi zen: Astigarragako Gartziategi sagardotegian «Gure sagardo berria» esanda, Olatz Arrietak lehen upela ireki zuen eta hala, sagardo denboraldi berria abian jarri zen. 2018ko uztarekin 11,78 milioi litro sagardo ekoitzi dira Euskal Herrian. 1.500.000 litro sagardo bertako sagarrarekin egindakoak eta Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenekoak dira. Guztira 50 sagardotegik egin dute Euskal Sagardora bideratutako sagardoa: Gipuzkoako 43k, Bizkaiko bostek eta Arabako bik.

Begien bistara, txinparta biziko eta lasto koloreko sagardoak dira; usaimenean, sakontasun aromatiko handikoak, fruta usainekin; eta ahoan, gorputz handikoak eta sendotasunaren eta freskotasunaren orekari eusten diotenak.