A.A.
PILOTA

Urriza gaur sartuko da Masterraren lehian

Javier Urriza, azken urteotan erremonteko buruz buruko lehiaketak dominatu dituen aurrelaria, gaur sartuko da lehian Master-UTS Komunikazioa torneoan. Iruindarrak Endikaren aurka neurtuko ditu indarrak lehen finalerdian eta bera izango da faborito argia. Azken urteotan irabazi dituen txapelez gain, ezin da ahaztu aurreko udan bertan bi aldiz jokatu zutela elkarren aurka buruz buru, eta bietan Urriza izan zela garaile: batean 30-24koa izan zen emaitza, baina bestean 30-12koa. Are gehiago, torneo desberdinak kontuan izanda, bost aldiz jokatu dute bakarka elkarren aurka eta denetan Urriza izan da garaile.

Laso, Urrutiren ordez

Baiko Pilota enpresak astearte arratsean jakinarazi zuenez, Mikel Urrutikoetxeak ez du jokatuko bihar Mungian, eta haren lekua Unai Laso gazteak hartuko du. Antza denez, Zaratamokoak ezker eskua minduta du eta horregatik utziko dio bere lekua aurrelari nafarrari.

Bigarren partida izango da Lasorentzat aurtengo Binakako Txapelketan. Seigarren jardunaldian Artolaren ordez jokatu zuen Mariezkurrenarekin eta, neurketa polita egin arren, ezin izan zuen garaipena lortu Elezkano eta Rezustaren aurka.