GARA
GASTEIZ

Euskal kultura bere osotasunean hartuko lukeen legea sustatu du EH Bilduk

EH Bildu akordio batera heldu da Lakuarekin Kultura Ondarearen Legea onartzeko eta hasierako lege proiektuak zituen hutsuneak zuzentzeko.

«Egungo marko administratiboaren ondorioz, legeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako neurriak eta tresnak jasoko ditu, baina kulturak ez du zatiketa administratiboez ulertzen. EH Bilduren helburu nagusia euskal kultura erdigunean kokatzea izan da eta, gure ekarpen horri esker, Legebiltzarrak onartuko duen legea hainbat puntutan euskal kultura ondareaz arituko da, zentzurik zabalenean. Izan ere, Nafarroa, Ipar Euskal Herria eta Diasporaren hainbat ondare kultural euskal kulturaren parte dira eta lege berriak horri ere erreparatuko dio», argitu zuen Josu Estarrona parlamentariak.

Horrez gain, lege proiektuan ondare immaterialaren tratamenduari dagokionez «hutsune handiak» antzeman dituzte, eta horiek moldatzea eskatu dute. Era berean, ondare kultural baten testuingurua «degradatzen duten elementuak» debekatzea ere lortu du EH Bilduren proposamenak. Berritutako legearen arabera, ondare kulturalean «inbasiboak diren elementuak» pixkanaka kendu edo gutxitzeko politikak diseinatu beharko dituzte hiru urteko epean.