Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EUROLIGA

Milanen aurka, Garino eta Voigtmann bueltan dira

Nedovic gabe, italiarren jokalari arriskutsuenak Mike James antolatzailea eta Vladimir Micov hegalekoadira; biak ere Euroligako bost saskiratzaile onenen artean daude. Milanen 93-90 irabazi zuten italiarrek.

Hamabi jardunaldi falta dira Euroligako Fase Erregularra amaitzeko; horietatik zortzi etxean jokatuko ditu Kirolbet Baskoniak, aurrenekoa gaur bertan, 21.00etatik aurrera, Armani Milanoren aurka. Irabaztea lortuko balu, talde gasteiztarrak Euroligako zortzi talde onenen artean duen lekua finkatuko luke, eta bide batez, aurkari zuzen bat atzean laga.

Joan zen asteko Euroligako lana bikain atera zitzaion Velimir Perasovicen taldeari. Nahiz eta gripearen eraginez Johannes Voigtmann galdu, lan bikaina eginda irabazi zion Kanaria Handiari, eta gainontzeko partidetako emaitzek lagunduta, aipatu Top 8an kokatzea erdietsi zuen, lehenengo aldiz Euroligako aurreneko jardunaldiaz geroztik. Bada, asteon erizaindegia ere husten hasi zaio talde gasteiztarrari. Voigtmannek ez du sukarrik eta jokatuko du. Patricio Garino, berriz, bi hilabetez kantxetatik at egon ostean, jokatzeko moduan izango du Perasovicek. Bestetik, atzo bertan egin zioten ebakuntza Grangerri –hiruzpalau hilabetez kantxetatik at egonen da– eta Shengeliaren belauneko lesioaren zenbaterainokoa datorren astean jakingo da, ziurrenik.

«Ez da final bat»

Kirol kazetaritzak makina bat aje ditu. Horietako bat hiperbolea nola darabilen da. Ez dira gutxi gaur gauean Kirolbet Baskoniak jokatu behar duen partida «finala» dela diotenak. «Ez da final bat», izan zen atzoko prentsaurrekoan Perasovicek emandako arrapostua.

«Irabazten badugu, ez dugu ezer ere ziurtatuko. Galduz gero, ez gara sailkatzeko aukerarik gabe geratuko. Partida garrantzitsua da, bai, aurkari zuzen bat etorriko zaigulako Gasteiza, baina ez da final bat, oraindik asko falta delako Fase Erregularra amaitzeko, eta oraindik zernahi gerta liteke», gogorarazi zien kroaziarrak kazetariei.

Italiarrek 93-90 irabazi zieten gasteiztarrei aurreneko itzuliko neurketan. Alabaina, Armani Milano zortzi onenen artetik at geratu zen joan zen astean, etxean Bartzelonaren aurka galdu eta gero. Beste behin, Nemanja Nedovic serbiarra galdu dute eta ikusteko dago azken bizpahiru asteetan erakutsitako gainbeherak bere horretan iraungo ote duen.

Ezin, ordea, inola ere fio Lombardiako taldearekin, ez bere baitan Euroligako bost saskiratzaile onenen artean dauden bi jokalari egonda, biak ere behinola Saski Baskonian aritutakoak: Mike James eta Vladimir Micov, hain zuzen.

Antolatzaile estatubatuarra da Euroligako saskiratzaile onena, partidako ia 20 puntu lortuta. Hala ere, bere portzentajeak ez dira onegiak, hiruko jaurtiketetan batik bat, %33 baino eskasagoa baita urruneko jaurtiketetan duen ehunekoa. Mike James da Armani Milanoko liderra eta kapaz da Zurbaon garaipena erdiesteko, baina Mike James bera oso arriskutsua izan liteke bere taldearentzat ere, baloia zeini eman aurkitu ezean.

Vladimir Micov da Mike Jamesen «lagunik onena». Serbiarrak partidako ia 15 puntu lortzen ditu eta defentsan, errebotean, baloia banatzerakoan... laguntzen du ere. Ez da Mike James bezain berekoia, nahiz eta agian ez duen estatubatuarrak adina talentu.

«Armani Milanok kanporaketak jokatzeko adinako talde ona dauka», ohartarazi zuen Perasovicek. Esaterako, barruko jokoa indartzeko Alen Omic pibot esloveniarra lotu dute. Arturas Gudaitis lituaniarrarekin batera, barruko joko benetan indartsua osatu du hala Armani Milanok; lehenaz gain, oso talde arriskutsua, ondorioz.