Amaia U. LASAGABASTER
Interview
IBAN FAGOAGA
VITORIAKO ENTRENATZAILEA

«Ilusioak egia bihurtzeko bide bakarra egunero gogor lan egitea da»

Ez daude Ipuruako etxea Iban Fagoagak baino hobeto ezagutzen duten asko. Bere 38 urteetatik 16 eman ditu Eibarren. Kapitainaren besokoarekin zortzi denboraldiko ibilbideari amaiera eman ondoren, lau urte beranduago itzuli zen, entrenatzaile agiriarekin, eta harrezkero armaginen harrobiaren eskaileratik igo da, aulkiz aulki. Filialaren erreakzioa gidatzea du hurrengo erronka.

Denboraldia Urkoren aulkian hasi zuen bigarren urtez jarraian, taldea iaz Ohorezko Erregional mailara igo ondoren. Baina Vitoriakoan amaituko du, Igor Gordobilen lekukoa hartuz, jaitsiera postuetan dagoen taldearen erreakzioa gidatzeko asmoz.

Puntu batekin hasi zara. Entrenatzaile berrien topikoa ez da bete, baina ontzat eman beharko dugu.

Denok nahi genuen irabaztea, baina ondo dago. Puntua lortzeaz gain, gauza onak ere ikusi genituen. Adibidez, ez genuen golik jaso; ez da asko gertatu orain arte eta garrantzitsua da. Irabazteko aukerak ere izan genituen. Gainera, kontzeptuak nahiko azkar hartu dituzte jokalariek eta horri garrantzi handia ematen diot.

Zoritxarrez, berdinketak baino gehiago beharko ditu taldeak mailari eusteko. 15. postutik lau puntura dago.

Horrela da, baina lasaitasuna behar dugu. Ez da bi eguneko erronka bat, ia bigarren itzuli osoa jokatu behar da oraindik. Ezin duguna da 19 jardunalditan lortu ez duguna orain bi jardunalditan lortu. Denbora behar da eta, batez ere, lana gogor egin behar da, baina lasaitasunez.

Lasaitasunez lan egin arren, une egokiena dirudi azeleragailua zapaltzeko. Hurrengo sei asteetan bost aurkari zuzenen kontra jokatuko duzue.

Bai, kasualitatez horrela datorkigu egutegia. Partida horietako puntuak beti dira nahigarriagoak eta argi dago irabazi nahi ditugula. Baina oinarria, lehenengo urratsa, egunerokoan gauzak ondo egitea da, lana ondo egitea, eta emaitzak horren ondorioa izango dira. Horretan oinarritu, aurrera irteteko. Eta epe luzera pentsatu baino, partidaz partida, lasaitasunez baina indarrez, pentsatu eta lan egin.

«Cholismoa»-ren jarraitzaileak hemen ere.

Fama hartu du azkenaldi honetan bai, baina beti erabili den mezua da. Eta egia osoa da. Hurrengo partidan pentsatu behar dugu eta egunerokoan oinarritu behar dugu, gauzak ondo eginez. Hori da emaitzak lortzeko bide bakarra.

Vitoriaren egoera ez da salbuespena. 1. mailako filialik ez dago 2. mailan eta 2.B mailan dauden 13 filialetatik lau daude jaitsiera postuetan eta bi besterik ez play-offetan. Zergatik kostatzen zaie hainbeste maila honetan lehiatzea? Gaztetasunagatik?

Faktoreetako bat da. Argi eduki behar dugu hemen 2.B maila oso gogorra eta lehiakorra dela, kalitatea eta esperientzia duten jokalariez beteta baitago. Filialetan jokalari onak egoten dira, baina askotan esperientzia falta zaie. Hala ere, ezin dugu aitzakiatzat hartu, aurretik ere badakigulako. Gurea ondo egiten saiatu behar dugu, adinari begiratu barik.

Nolako aldagela aurkitu duzu?

Jendeak lan egiteko gogo itzela dauka. Badakigu behian gaudela eta gogor lan egin behar dugula egoerari buelta emateko, baina garrantzitsuena ikasteko gogoa eta dena emanda entrenatzeko gogoa dutela da.

Eta beraiek nolako entrenatzailea aurkitu dute?

Nire taldea oso kontzentratuta izan behar da, oso langilea, solidarioa... Hori eskatzen diet. Eta lasaitasun puntu bat transmititu nahi diet daukaten onena eman dezaten.

Oso bestelako egoera batetik heldu zara; horrek haize freskoa ere sartuko du aldagelan.

Animoan eragina izatea espero dut. Nire esperientziaz ere hitz egiten diet, honelako egoeratan egon naizela, eta hortik irteteko ezagutzen dudan bide bakarra lana ondo egitea dela. Eta transmititu nahi diet lan hori sostengu bezala edukiz, bakoitzak onena eman dezala, beldurrik ez edukitzea, lotuta ez sentitzea, segurtasuna edukitzea...

Pertsonalki nola hartu duzu erronka? Ez da aulki batera heltzeko modu gustukoena baina bai urrats logikoa zure ibilbidean.

Bederatzi urte daramatzat entrenatzen, honelako uneetarako prestatzen. Inoiz ez duzu nahi taldekide baten egoera txarra aprobetxatu aukera izateko, baina mundu honetan tamalez askotan horrela izaten da. Erronka berri hau heldu zait eta ilusio handia daukat. Eta ilusio hori jokalariei ere transmititzea espero dut.

Pena puntu bat ere, Urkoren aulkia lagatzeagatik? Hain ondo sailkatuta, gainera?

Bai, proiektu berri bat izan zen eta oso erronka handia Preferentean entrenatzea. Zortea izan genuen talde on bat eratzen, lan asko egin genuen denon artean eta igoera ospatu ahal izan genuen. Aurten maila berriaren erronka berriari ekin diogu, gogotsu, eta egia da denboraldia oso ondo hasi dela berriro ere (liderra da Eibar, bi puntuko aldearekin). Baina esku onetan utzi dugu taldea eta ziur nago jokalarien erantzuna ere ona izango dela hemendik aurrera.

Kadetea, jubenila, Urko, Vitoria... Hurrengo urratsa zein da, lehen taldea?

Buenooo, orain nahikoa daukat erronka honekin. Gero futbolak ez dakit nora eramango nauen. Orain oso zentratuta nago taldean eta, hain zuzen ere, Tudelanoren aurkako partidan.

Data ipini barik bada ere, ilusio hori behintzat izango duzu.

Noski, baina nik beti pentsatu izan dut ilusioak egia bihurtzeko ez zarela pentsatzen, ametsetan, geratu behar, horrela ez baituzu ezer lortuko. Egin behar duzuna da egunero gogor lan egin, gero aukerak etortzeko. Orain daukadan erronkarekin pozik eta gogotsu nago.

Dudarik gabe, etxea zuk baino hobeto ezagutzen duenik ez lukete aurkituko.

Badago, badago. Baina bai, ondo ezagutzen dut, kanpotik eta barrutik. Eta abantaila da lanerako, baina baita ardura ere. Zenbat eta sentimendu handiagoa izan, ardura ere handiagoa da.

Ezin dut amaitu lehen taldeari buruz galdetu barik. Nola ikusten duzu?

Ondo. Beharbada emaitzak merezi izan dituenak baino okerragoak izan dira, baina ondo ikusten dut, lanean eta partidetan. Ideia garbi bat dago eta horretan egiten dute lan.