Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Nerabeen metamorfosia kontrolpean, «Käffka» antzezlanean

Gehitu LGTB elkarteak egindako enkargu baten ondoren sortu da «Käffka». 2049. urtean kokatutako gizartean nerabeak kontrolatzeko beharra sentitzen dute, eta horretarako eremu bereziak sortu dituzte. Testuinguru horretan ezagutuko dira istorioko bi neskatxa protagonistak, euren maitasunarekin inolako arazorik ez daukatenak... arazoa gizarteak berak dauka. Urtarrilaren 27an izango da nerabeei zuzendutako antzezlan honen estreinaldia, Pabiloi 6 aretoan.

Kamikaz Kolektiboak 2049. urtera eramaten gaituen “Käffka” antzezlana egin du. Etorkizun distopiko bat jartzen digu begien parean, non nerabezaroa kontrolatu beharreko etapa moduan ikusten den. Bitartean, helduak, planetaren baliabide naturalak agortu ostean, iraun ahal izateko lasterketa batean daude borrokan, botere egarria ezin aserik.

Kamikaz duela bost urte sortu zuten Miren Gaztañagak, Erika Olaizolak eta Amancay Gaztañagak. Uxue Alberdiren “Euli giro” liburuan oinarritutako antzezlana egin zuten lehenik, eta ordutik beste ideia batzuk garatu dituzte. «Duela bi urte ‘Zulo’ aurkeztu genuen Erikak eta nik, maitasun desberdin baten inguruko film labur bat. Hiru sari lortu zituen. Aurten saritua izan da ‘Agur eta dolore’, Miren Gaztañagak, Iraia Eliasek eta nik egindako pieza. Proiektu gehiago baditugu, baina oraindik gauzatu ez direnak», azaldu digu Amancay Gaztañagak.

Emakume hauek batzen dituena oholtzara eramateko era eta espresiorako kode desberdinak bilatu nahia da. Batez ere, generoaren inguruan «hausnarketa potente bat egitea» gustatzen zaie. Kamikazeren lan guztiak bide horretatik doaz.

Gaztañagak azaldutakoaren arabera, “Käffka” sortu zen Gehitu LGTB elkarteak lesbianismoaren inguruko 13-17 urte bitarteko nerabeentzako antzezlan bat egiteko enkargua egin zienean. Istorio hori etorkizuneko gizarte desberdin batean kokatzea erabaki zuten.

“Käffka” izenburuarekin hitz jokoa egitea erabaki zuten: «Nola nerabezaroa deskontrol etapa bat den, etorkizun horretan sortu dira ‘Käffka eremuak’, nerabezaroa pasatzeko instituzio handiak dira. Hortik ateratzen direnean, gizarte kontrolatu eta desberdin batera doaz. Gu Franz Kafkaren oso jarraitzaileak gara eta nerabezaroa ‘metamorfosi’ ikaragarria denez –idazlearen eleberri ospetsuari keinu bat eginez–, nik behintzat horrela bizi izan nuenez, hitz joko hori egitea erabaki genuen. Aparte, nahi genuen nerabeentzako instituzio horiek soinu fuertea izatea edo behintzat zorrotza ematea, eta ‘Käffkak’ hori ekartzen digu burura», argitu digu kolektiboko kideak.

Giro horretan ezagutuko dute elkar Lirian eta Orion neska gazteek, eta beraien artean harreman bat sortuko da. «Konfliktoa ez da beraien arteko maitasuna. Beraiek ez dute arazorik beste emakume bat maite dutelako, gizartea da arazoa duena», azpimarratzen du Gaztañagak.

Argumentu hori baliatuz, nerabeei zuzenean eragiten dieten bestelako gai batzuk ere jorratzen dituzte. «Gazteek sentitzen duten askatasun falta eta ez entzunak izatearen sentsazioa daude erdigunean. Nerabezaroa erabaki oso potoloak hartu behar dituzun garaia da, bizitzan zure bidea zein izango den erabaki behar duzu, eta aldi berean deskontrol handiko etapa bat da», aipatu du.

Ahaztuak

Artistaren ustez, «nerabeak ahaztu handiak dira, antzerkian ere bai». Izan ere, leku askotatik deitzen diete nerabeei zehazki zuzendutako ekoizpen gutxi dagoelako. «Haurrentzako eta helduentzako antzerkia badago, baina tartean daudenentzat ez. Garrantzitsua da etapa horri zuzentzen diogun begirada», iritzi dio. “Käffka”-ren aurkezpena urtarrilaren 27an izango da, Bilboko Pabiloi 6 aretoan, 19.00etan.

Ekoizpenari dagokionez, Gehituk, enkargua egin ostean, Ortzadar elkarteari parte hartzeko gonbita egin zion. Hala, Gaztañagak uste du antzezlanak hiru buru dituela: Kamikaz eremu artistikoa sortu duelako, eta Gehitu eta Ortzadar dirua lortzeaz arduratu direnak. Oholtza gainera igoko diren aktoreak Edurne Azkarate, Amaia Irazabal, Iraia Eliaz, Oier Guillan eta Mikel Ibarguren izango dira.

Bost aktoreren agendak batzea zaila denez, hurrengo emanaldiak pixkanaka ari dira lotzen, baina jada beste bi data badituzte: otsailaren 15ean, arratsaldean, Azpeitian; eta martxoaren 22an, Zumaian, goizean eskoletarako eta arratsaldean irekia. Eszenografia berezi xamarra duten arren, edozein antzeztokira moldatzeko gai izateko sortu dute.

Amancay Gaztañagak ere agenda topera du, “Käffka”-rekin buru-belarri egoteaz gain, Grises musika taldean dabil, “3txulo” haurrentzako programako pertsonaia baten paperean sartzen da eta antzezlan gehiago sortzen dabil une honetan. Gainera, duela bederatzi urte Zestoan sortu zuten arte eszenikoen eskolan zuzendaria da eta bertan ematen ditu ordu gehienak. «Ez nago klonatuta, edo behintzat ez dut uste», dio barrez, hainbeste gauza egiteko gai nola den galdetu ostean.