Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JO PUNTUA

Izena duenak izana du

Ia hilabete bat igaro da zutabe honi “Gezurra ari du” izenburua jarri genionetik eta, azken egunetan, bereziki Andaluziako aldaketa politikoaren harira, gezurra goitik behera dabilela esango nuke. Entzundakoen artean, indarkeriak generorik ez duela izan da errepikatuenetarikoa. Ondorioz, besteak beste, Genero Indarkeriaren aurka Osoko Babesa emateko Lege Organikoa indargabetzea proposatu du Voxek. Gaindituta zirudien eztabaida zabaldu da, berriz ere, eta, berarekin batera, terminologiaren borroka hasi.

Emakumeek sexu-genero harremanetan duten menpeko lekuaren ondorioz pairatzen duten indarkeriari hainbat izen eman zaizkio. Eta izendatze horrek ez du asmo teoriko hutsa, asmo politiko garbia baizik. Errealitate bat izendatzea, hein handi batean, errealitate bat sortzea da eta. Indarkeria horri izen bat jartzen diogunean, aldi berean, fenomenoa nola ikusten dugun definitzen ari gara. Hala, termino bakoitzak ñabardura jakin batzuk azpimarratuko ditu, norberarentzat garrantzitsua denaren arabera. Adibidez, “emakumeen aurkako indarkeria”-k indarkeriari aurre egiten dioten pertsonengan jartzen du arreta, kontzeptu deskribatzailea da. “Indarkeria matxista” erabiltzen badugu, ordea, harago goaz eta indarkeriaren arrazoiak nabarmentzen ari gara. Azkenaldian behar baino gehiagotan entzuten ari garen “etxeko indarkeria”, “familia barruko indarkeria” edo “bikote barruko indarkeria” terminoak erabiltzearen benetako helburua indarkeriaren egiturazko izaera ezkutatzea dela ondoriozta dezakegu.

Kontzeptuen anbiguotasun horren ondorio zuzena da indarkeria pairatu duten emakumeen kasuak ezin multzokatzea, izenari begira portaera ezberdinak iruditu ahal zaizkigulako. Finean, modu horretan ukatzen dena da indarkeria horien guztien lotura: egitura eta botere harreman bidegabeak ezartzen dituen sistema bera. Eztabaida faltsu honen atzean mugimendu feministak emandako aurrerapausoak daude; sistemaren erreakzioa baino ez da hau. Eta giza eskubideak negoziatzen ez direla aldarrikatzen dugun bezala, emakumeon eskubideak ere eztabaidaezinak direla ozenki oihukatzen jarraituko dugu.