Ibai AZPARREN
IRUÑEA

«Fontes Linguae Vasconum» aldizkariak 50 urte bete ditu

Nafarroako Gobernuak plazaratzen duen «Fontes Linguae Vasconum, studia et documenta» aldizkari zientifikoak 50 urte bete ditu. Ekaitz Santazilia zuzendariak azaldu ditu haren sorrera, bilakaera eta etorkizunari begirako erronkak, baita ere urteurrenaren harira, herritarrengana zabaltzeko premiaz ohartuta, Nafarroako Artxiboan izango diren ekitaldiak.

1940an sortu eta Nafarroako ondarea lantzen zuen “Principe de Viana” aldizkariaren barnean euskararen aldeko sail bat antolatu zen, bertsolaritza txapelketak eta euskara erabiltzeagatik ume, apaiz zein maisuei sariak (150 pezeta) banatzen zizkiena. Euskararen eremuan, Francoren garaian «dena ez zen zigorra izan», azaldu du Ekaitz Santaziliak (Iruñea, 1987).

1967an, Jose Mari Satrustegi –Antropologia, Etnografia eta euskaran aditua– Vianako Printzea Erakundean sartu zen. 1968ko uztailaren 7an Jose Esteban Uranga erakundearen zuzendariak Satrustegi bisitatu zuen Urdiainen, bertako erretorea baitzen. Bilera horretatik abiatuta, “Fontes Linguae Vasconum” eta “Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra” aldizkarien sorrera adostu zen. Hala ere, euskararen kontuak lantzeko material aski zegoen kezka zuen Urangak, eta Satrustegik “studia et documenta” gehitu zion, testu zaharrak ezagutarazteko xedearekin. Berrogeita hamar urteren buruan, aldizkariak bere ibilbidea etenik gabe jarraitzen du, eta euskal hizkuntzalaritzaren erreferentziazko argitalpenen artean lekua egin du. «Hasieratik euskarari buruzko ikerketak publikatzeko eta euskal testuak ezagutarazteko baliabide bat izan gara», argitu du Santaziliak. 2016an aldizkariaren zuzendaritza hartzea proposatu zioten tesia egiten ari zen euskal filologoari: «Aurreko zuzendariak [Patxi Salaberri] egun batetik bestera aldizkaria utzi eta nire izena proposatu zuen. Nik baino esperientzia gehiago zuten filologoekin hitz egin ondoren eman nien baiezkoa».

Hortik aurrera, Koldo Mitxelenak aldizkarian utzitako arrastoari jarraitzen saiatu da zuzendaria: «Mitxelenak berme zientifikoa eman zion, Euskal Filologia Filologia izatea lortu zuen». Dena den, Santaziliak Euskal Filologia «bihotzean hizkuntza honen kontu erromantikoa» zuelako ikasi zuela aitortzen du, baina Gasteizen ikasketak hasi zituenean, euskara «hizkuntza normala zela» konturatu zen. Beraz, berrogeita hamar urte hauetan, «Nafarroa bezalako leku batean bide zientifikoa irekitzea» izan da aldizkariaren ekarpen nagusia, «Euskal Filologia ikasketarik, Hizkuntzalaritza ikasketarik gabeko» Nafarroan.

Izan ere, 1969tik aurrera sinadura nabarmenak izan ditu “Fontes Linguae Vasconum”-ek. «Ez dut inor kanpoan utzi nahi, baina hasieran atzerriko ekarpen gehiago zituen, Europa mailan hainbat hizkuntzalarik euskararen alde erromatiko horrekiko interesa zutelako. Gaur egun, ordea, ekarpenak lokalagoak dira», azaldu du Santaziliak. Hala ere, Julio Caro Barojaren –argitalpenen ikuskatzailea izan zen 1980-1988 artean– zerrenda berdinean bere burua ikusteak harritzen duela onartzen du Santaziliak.

Herritar guztiengana zabaldu

Zuzendariaren esanetan, egin duten esfortzua nazioarteko estandarretara bideratzea izan da eta, aldizkaria nagusiki komunitate zientifikoari zuzenduta badago ere, urteurrenean «herritar guztiengana zabaltzea» da helburua, beti «kalitatea mantenduz». Nafarroako gizarteak “Fontes Linguae Vasconum” bezalako aldizkari bat badagoela jakin behar duela uste du. Horregatik alderdi dibulgatiboa indartu dute, azken batean, «aldizkaria denona delako».

Gainera, herritar guztiengana gerturatzeko saiakera horretan eta digitalizazioaren garaian murgilduta, Patxi Salaberrik hasitako modernizazioari jarraipena eman diote mugarik gabeko online sarbidea (open acces) eta errebisio sistema abian jarriz. Edukiari begira ere hainbat aldaketa egin dituzte, betiere sei hilabetean behin «kalitatezkoa den aldizkaria» bermatuz. Izan ere, Santaziliak «espektroa zabaldu» dutela argitu du: «Gazteek zer ikertzen duten kontuan hartu behar da, hauek erakartzeko beti euskara ardatz hartuta. Baina neurolinguistika, tipologia, edo literatura jorratzen duten artikuluak sar ditzakegu».

Etorkizuneko erronkak

Begirada geroan duela, Santaziliak paperezko formatua mantentzeko aldarrikapena egiten du. «Ni filologoa naiz, paperzalea, kalitatearen aldekoa. Aldizkari askok paperezko formatua sakrifikatu edo paperaren kalitatea jaitsi dute», azaltzen du.

Euskarri digitalekin zer gertatuko den ziurgabetasunak eta soilik digitalean publikatzeko bete behar diren eskakizunak ase ezin izanak bultzatuta, kalitatezko paperezko formatuari eutsiko diotela iragarri du: «Kalitatezko papera behar dugula kontuan hartuta, Italiatik ekartzen dugu gero aldizkaria liburutegi eta unibertsitate askotara bidaltzeko».

Euskararen inguruko ikerkuntzek gaur egun dituzten erronkei buruz galdetzean, Santaziliak argi azaldu du «Euskal Filologiaren erronkak Filologiak dituen erronkak» direla. «Mitxelenak hasitako ildo horri eutsi behar diogu, hau da, euskal filologoak ez daitezela izan euskal filologoak, baizik eta filologoak. Atzerrian formatzeko eta atzerriko hizkuntzalariekin harremanetan jartzeko aukera izatea», argitu du.

Hala ere, Euskal Filologiak «handicap» bat duela dio zuzendariak: «Guk ez ditugu 5.000 pertsona euskara ikertzen, eta horrela zientziaren aurrerapena baldintzatuta dago».

Ikuspegi zientifikotik, euskararen egoera ere positibotzat jo du. «Goraipatzekoa da aldizkaria argitaratzeko instituzioek egindako esfortzua. Hemendik pasa kolore politiko ezberdinak pasa dira, eta inork ez du dudan jarri Nafarroak aldizkari hau behar zuela. Hori batzen gaituen gauza bat da eta euskararen inguruko zenbait mitoren kontra egiten du», dio Santaziliak.

 

Nazioarteko kongresua: nazioarteko linguistei begira

Ekaitz Santaziliak aipatzen dituen harremanak praktikara eramateko martxoaren 6an eta 7an Iruñeko INAP-en nazioarteko biltzarra egingo dute, aldizkariaren 50. urteurrenaren harira, bi helburu nagusirekin: alde batetik, euskararen inguruko hainbat ikerketa alorretan erdietsi diren azken emaitzen berri izatea eta, bestetik, euskararen ikerketari aplikagarriak zaizkion metodo eta lanabes berriak ezagutzea.

Kongresuak hiru hitzaldi orokor izango ditu Lyle Campbell (Hawaiiko Unibertsitatea), Lola Pons (Sevillako Unibertsitatea) eta Joaquin Gorrochateguiren (Euskal Herriko Unibertsitatea) ardurapean.

Hitzaldi orokorrez gain, bederatzi mintegi tematiko ere antolatu dituzte. Aditu baten hitzaldia izango dute, eta komunikazio proposamenak aurkezteko aukera izango da. Behin kongresua amaitutakoan, ekarpen garrantzitsuenak aurretik errebisatutako monografiko batean argitaratuko dituzte. Ibai AZPARREN

 

«Paperezko altxorrak» bilduko dituen erakusketa

“Fontes Linguae Vasconum”-en edukien artean, ikerketa lanak ez ezik, nabarmentzekoa da aldizkariak sustaturiko euskal testu zaharren bilketa, azterketa eta edizio lana, ikertzaileen eskura paraturik hainbat artxibo eta bildumatan sakabanaturik zeudenak. Testu zaharrak dira, beraz, ikerketa filologiko ororen abiapuntu, fontes edo iturriak; hizkuntzen iragana ezagutzeko ezinbesteko lanabesa. Horratik, «xede horretarako ez dute agiri guztiek garrantzi berdina», dio Santaziliak.

Nafarroako Artxibo Nagusian egingo den erakusketa honetan, aldizkariaren ibilbideari buruzko atala ez ezik, bisitariak gehienbat Nafarroan gordetzen diren dokumentu zahar original esanguratsuen hautaketa bat ikusi ahal izango du, eta konprenitu zer dela-eta diren horren garrantzitsuak Euskal Filologiarako. Gainera, dibulgazio programaren barnean, musika eta irudia jarri zaio Amendux-en epitafio bati eta, bestalde, webgune bat martxan jarri dute: www.fontes50.es I.A.