Iraia OIARZABAL
TOLOSA
ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Galdeketen zikloa itxita, bide berriak bilatuko ditu Gure Esku Dagok

Estatus politikoaren inguruko herri galdeketen zikloa itxitzat eman du Gure Esku Dagok, erabakitzeko eskubidearen inguruan fase berri bat irekitzeko asmoz. Bide horren nondik norakoak finkatzeko ekitaldi bat iragarri dute martxoaren 31rako, Bilboko Euskalduna jauregian.

Kartoizko hautetsontzi zuriak eskuetan zituztela agertu ziren atzo Gure Esku Dago dinamikaren parte diren 200 bat lagun Tolosan, 2014an irekitako herri galdeketen zikloa itxi eta fase berri bat irekitzen dela iragartzeko. Kataluniako preso politikoekiko elkartasun ikur bilakatu diren lazo horiak ere ikusi ziren partaideen artean. Gertutik jarraitu dio Gure Esku Dagok Kataluniako prozesuari, baita hura babestu ere, eta 2017ko independentzia erreferendumaren kontrako epaiketa hastear dela elkartasun keinu bat egin nahi izan zuten atzo ere.

Euskal Herrira etorrita, atzokoa orain arteko ibilbidearen errepasoa egiteko eta aurrera begira jartzeko hitzordua izan zen. Azken bost urteotan Hego Euskal Herriko 208 herritan egin dira estatus politikoaren inguruko kontsultak eta 218.248 herritarrek hartu dute parte.

Lortutako emaitzarekin pozik agertu ziren plataformako ordezkariak, nahiz eta jakitun izan erabakitzeko eskubidearen aldeko babesa zabaldu beharra dagoela. «Emaitzaz harro bagaude ere, oinarria zabaltzen jarraituko dugu; Euskal Herriko lurraldeetan erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, erreferendum bidez, normaltasunez, libre eta demokratikoki, eta berme guztiekin», esan zuten bozeramaile aritu ziren Larraitz Zubeldiak eta Sugoi Etxarrik.

Eragin, eta oinarria zabaldu

Hauteskunde urte bete-betean sartuta, eta politikarekiko «desafekzio» puntu bat sumatzen den garaiotan, Gure Esku Dagok gizartean «eragiteko garaia» dela uste du eta helburu horretan sakontzeko agenda zehazten arituko da martxoaren 31n Bilbon egingo duen ekitaldira bitartean. «Ezer ez dagoenean ziur, dena da posible» lemari heldu zioten atzo, datozen hilabeteetan erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraitzeko. Leloak testuinguru politikoari egiten dio erreferentzia, eta erabakigarriak izango diren hilabete hauetan erabakitzeko eskubidearen aldeko sektoreetan eragitea izango du helburu.

Halaber, aniztasunean irabaztea eta sentsibilitate politiko ezberdinak bidera batzea izango da Gure Esku Dagoren xedeetako bat; «hautetsontzietan gizartearen %100ak du lekua», adierazi zuten atzo komunikabideen aurrean. Zentzu horretan, Bilboko Euskalduna jauregian egingo den ekitaldian parte hartzeko deia zabaldu zuten. «Heldu zein gazte, emakume, gizon ala beste, bateko zein besteko, guzti- guztiak gonbidatuta zaudete hitzordu honetara».

Lurraldetasunari dagokionez ere eragin-esparrua zabaldu nahi luke dinamikak, orain arte ez baitu presentziarik izan Ipar Euskal Herrian.

Aldi berean, orain arteko lanaren balioa nabarmentzeko baliatu zuten atzoko ekitaldia azken urteotan herri galdeketak antolatzen aritu diren herritarrek. Lortutakoari helduta urrats berriak egin nahi dituzte: «Erabakitzeko baldintzak sortzen ari gara. Galdeketen bidez ereindako lurrak eman ditu bere fruituak, eta eman digu herritarroi konfiantza, indarra eta determinazioa bide berean jarraitzeko. Galdeketen bidez lortutako horretan sakontzeko garaia da orain».

2018ko ekainean Donostia, Bilbo eta Gasteiz batu zituen giza kateak ere mezu hori nabarmendu nahi izan zuen. Gasteizko Parlamentuan osatutako Autogobernu Lantaldean izandako eztabaidari so, instituzioak eta alderdi politikoak interpelatu zituen Gure Esku Dagok. Ildo horretan, estatus berriaren gainean Parlamentuan lortutako akordioari «balio handiko» deritzo dinamikak, «erabakitzeko eskubidea jasotzen duelako eta erakundeen eta giza katean mobilizatu ziren herritarren arteko sintonia erakusten duelako».

Hori hala, erakundeei inplikazioa eskatu izan die Gure Esku Dagok azken hilabeteetan. 2018ko urrian, esaterako, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan euskal herritarrek erabaki nahi izateko dituzten arrazoiak biltzen dituen Herritarren Ituna aurkeztu zuten.

Hauteskunde zikloak ekarriko duenaren zain egon gabe, erabakitzeko eskubidean sakontzeko asmo sendoa berretsi zuen atzo Gure Esku Dagok. Hala, hurrengo hilabeteetan Bilboko ekitaldiaren inguruko xehetasun gehiago emango ditu. Datorren astean, berriz, mobilizazioak egingo dituzte, asteartean Auzitegi Gorenean Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten kontra hasiko den epaiketa salatzeko. Asteartean bertan elkarretaratzeak izango dira hiriburu eta herrietan. Otsailaren 17an manifestazioa egingo dute, 12.00etan Donostiako Gros auzoko Katalunia plazan hasita.

208 pueblos, 218.248 votos y mucha experiencia acumulada

Fue Etxarri Aranatz la que abrió el camino a las consultas populares sobre el estatus político de Euskal Herria. Desde aquel 13 de abril de 2014, 208 municipios han puesto las urnas a disposición de la ciudadanía y 218.248 personas han depositado su voto en ellas.

La radiografía de los municipios que hasta ahora han llevado a la práctica su derecho a decidir es variada. Desde municipios muy poblados como Irun o Errenteria, pasando por Donostia, la única capital que ha organizado una consulta sobre el estatus político, hasta comarcas formadas por localidades más pequeñas como son Goierri, Tolosaldea, Sakana o Busturialdea. Los índices de participación alcanzaron cotas más altas en comarcas como Lea Artibai (41,63%), Urola Kosta (31,41%) o Tolosaldea (31,21%), mientras que en plazas grandes como Donostia (13,10%) o Irun (9,15%) se registraron porcentajes más bajos.

«Estas urnas nos han dado la posibilidad de imaginar nuestro futuro, de decidir qué queremos y cómo lo queremos decidir. También nos han brindado la oportunidad de entrelazar nuestras manos, de conocernos y empoderarnos, de aprender, de darnos cuenta de nuestras habilidades técnicas, económicas y colectivas; de profundizar en la democracia y creer en nosotras y nosotros mismos...». Con estas palabras, Gure Esku Dago se declaraba ayer «orgullosa» del resultado logrado, al tiempo que reconocían la importancia de ensanchar la base a favor del derecho a decidir. Una tarea que definirán a lo largo de los próximos meses con la próxima gran cita fijada el 31 de marzo en Bilbo.I.O