Ibon Cabo Itoiz
KOLABORAZIOA

Laneko jazarpena Euskadiko Futbol Federazioko buruari

Euskal Futbol Selekzioak ofizialtasuna izateko eskaera egin zuen EFF Euskadiko Futbol Federazioak duela hiru hilabete. Historian lehen aldia izan denez, beharrezko urratsa eta gertaeren norabide aldaketa nabarmena izan dela deritzot. Aldi berean, ibilbidea hasi baino egin ez denez, hemendik aurrera adi egon behar gara futbolzaleok benetako helburua gal ez dadin: ofizialtasuna lortzea. Hori dela eta, Espainiako Futbol Federazioak martxan jarri du bere laneko jazarpen publikoa Elustondo presidentearekiko. Noraino helduko da Espainiako Futbol Federazioa?

Euskal Selekzioak bere ibilbidea “Euzkadi” izenarekin hasi zuen 1930ean, Montjuicen Catalunyaren kontra jokatuz. Lehen garaipena lortuta ibilbideak jarraitu zuen. Guda ostean, Jose Antonio Agirre lehendakariak “Euzkadiren bira” antolatu zuen nazioartean demokrazia eta askatasuna bultzatzeko. Garai horretan, beste bira batzuk ere antolatu zituen. Euzkadik, esate baterako, Sobietar Batasunean egin zuena edo Mexikon. Talde horretan, izugarrizko jokalariek parte hartu zuten: Egusquiza, Iraragorri, Langara, Gorostiza…

Trantsizio garaian euskal gizartean zeuden indar sozial batzuk saiatu ziren ofizialtasunaren ibilbideari jarraitzen eta euskararen aitzakiarekin partida batzuk antolatu zituzten. Gainera, Gernikako Estatutuaren garaian, kirola eskumen esklusibo moduan agertu zen. Horregatik, bidearekin jarraitzeko, iniziatiba ezin hobea izan zen estatutuan sartzeko, erabaki horrekin estatutuak onar zezakeelako ofizialtasuna legalki. Konstituzionalistak konturatu ziren horrek zein bide har zezakeen eta Nafarroako Foru Hobekuntzari buruzko Legean itxi zuten bidea betirako.

Hori ikusita, jokoz kanpo dago ofizialtasunaren eskaera gaur egungo antolamendu juridikoan? Eta Madriletik datorkigu izaera? UEFAk eta FIFAk estatu barik dauden herriak derrigortzen ditu estatuko federazioaren baimena edukitzera. Gainera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren arabera, posible izango litzateke autonomia erkidegoentzat nazioarteko kirol lehiaketetan parte hartzea espainiar selekziorik ez dagoenean. Beraz, debekua ez dagoen arren, baldintza asko daude mahai gainean futbolean ofizialtasuna lortzeko.

Hala eta guztiz ere, futbolaren ordenamenduan salbuespen asko daude. Azken adibideak Gibraltar eta Kosovo izan dira. Gainera, ligarik ez daukaten kasu asko ere onartuta daude; esate baterako, Monako, Andorra eta Kaledonia Berria. Horretaz gain, aldaketa batzuk ere badaude kontinenteen artean; adibidez, Israelek UEFAn jokatzen du.

Baina hori dena ikusita, benetako galdera izan daiteke zertarako behar dugun ofizialtasuna futbolean. Etorkizunera begira futbola tresna ezin hobea izan liteke gizarte zabalagoa eraikitzeko, zein gizakiaren aniztasuna bermatzeko. Horren hariarekin jarraitzeko, aipatzekoa izan daiteke St. Pauliaren eredua edo gure lurraldean Athletic Cluben filosofia. Euskal Selekzioaren kasua tresna interesgarri bihur daiteke gure nortasuna lau haizeetara zabal dezagun. Hala ere, egia esan, hori lortzeko gauza asko egiteke daude.

Beraz, urrats garrantzitsua eman du Federazioak, Luis Rubialesen izaera ikusi arren. Salto kualitatiboa izan da gure imajinario kolektiboa sendotzeko, baina ibilbide luzea daukagu gure aurrean. Hala eta guztiz ere, Galileok esan zuen moduan... Haatik, mugitzen da!