Idoia ERASO
BAIONA

Pablo Tillacek gerrez, munduaz eta Euskal Herriaz zuen irudia, Baionako Euskal Museoan

Maiatzaren 19ra arte izanen da ikusgai «Pablo Tillac 1914-1945. Gerla batetik bestera», Baionako Euskal Museoan. Urteko erakusketa handietako bat da eta abenduan hasi zenetik arrakasta bildu du.

Okzitanian sortu bazen ere, Euskal Herrian, eta bereziki Lapurdin, eman zuen bere bizitzaren zati handiena Pablo Tillacek. «Gerla batetik bestera» dio izenburuak, eta horrek hiru gerratek artistaren obran izan zuten oihartzuna aditzera ematen du, baina horretaz gain, mundu zabala eta euskal lurraldeak deskubritzen joan zeneko margolanak ere badira ikusgai.

Margolariaren lan gehienak partikularren eskuetan daude (asko familiak gordeak). Hori dela eta, erakusketa egiteko, komisario nagusi Olivier Ribetonek beraiengana jo zuen, denbora baterako utz ziezazkiotela eskatzera. Horiez gain, Tillacek bizitoki izan zuen Kanbo herriko Udalaren jabetzako hainbat obra ere ikus daitezke. Artistaren lan zabala Euskal Museoak berak ere badauka. Azkenik, beste erakustoki batera ere jo dute, aniztasun eta ibilbidearen erakusgarritasuna xede izanik, Reimseko Arte Ederren Museora jo dute.

Lehen eta Bigarren Mundu Gerrez gain, Estatu espainiarreko 1936ko gudua ere agertzen da erakusketan. Lehenean, soldaduen eguneroko bizitza agertzen du, krudelkeriarik gabeko irudiak. Bigarrenean, aldiz, justu kontrako ikuspegia bereganatzen du, alemaniarrek Estatu frantsesa okupatu zuteneko izugarrikeriak erakusten ditu; Baionan ikusgai dagoen “Spectacle de pendus” (Urkatuen ikusgarria) da horren erakusgarri.

1936ko gerratean zehar gorrotoaren hedapena bizi izan zuen. Hego Euskal Herrian zen altxamendu frankistaren garaian manifestazioak ikusi zituen. Errepublikazaleak diktaduratik ihesi Estatu frantsesera heldu zireneko margoak ere baditu. Erakusketan “España 36-37” marrazkian garai hartako basakeriak erakusten ditu.

Munduan zehar bidaiatzea maite zuen, gazterik hasi zen, eta bidean herrialde horietako bizitza islatzea gustuko zuen. Horren adibide, Kubako “Mulatta en la rumba” eta AEBetako “Danseur de jazz, New-Orleans” hautatu dituzte, esaterako.

Euskal tradizioa

Bere lanak dokumentu etnografikotzat jotzen ditu hainbat jendek, Euskal Herriko nekazaritza eta itsas inguruko bizitza tradizionalak erakartzen baitzuen; zesta-puntan ari den “Pilotari” horren adierazgarri. Bilboko industrializazioari eta Biarritzeko bainuetxeetako turismoari, aldiz, ez zien garrantzirik eman.