Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

New Castlekoak garaile elkarte australiarren arteko txapelketan

Aurten WSL erakundeak Australiako elkarteen arteko finala babestu du, ondorioz ohikoa baino oihartzun handiago izan zuen Nudie Australian Boardriders Battle txapelketak. New Castlen egin zuten finala igandean eta bertakoek irabazi zuten.

Atzo goizaldean, Australian igande gaua zela, amaitu zen Australiako surf elkarteen arteko finala. Urtean zehar, Australia osoko 70 elkarte elkarren artean lehiatzen dira. Elkarte bakoitza hilean behin lehiatzen da kategoria desberdinak biltzen dituen taldekako lehiaketan eta talde irabazleak jasotzen dituen 22.000 dolar australiarrak ez dira lehiakideentzat, ordezkatzen duten elkartearentzat baizik.

Australian surf elkarte gehienak sorospen elkarteak ere badira, eta haietako asko 60ko eta 70eko hamarkadetatik ari dira lanean, beraz, prestigio handiko elkarteek hartzen dute parte lehiaketan. Horrez gain, elkarte batzuetatik mundu mailako lehiakideak eta munduko txapeldunak atera izan dira, eta hauek ere haien elkartea sostengatzen lehiatzen dira; beraz, ez da edonolako itzulia.

Zirkuitu hasieran lehiatzen diren 70 elkarteetatik, 24 elkarte iristen dira finalera, eta final hori da, hain zuzen ere, pasa den asteburuan Sydneytik 162 kilometrora dagoen New Castleko hondartza batean egin zutena. Bertan izan ziren Australia osoko elkarteetako surflariak. Lehiakideen artean giro ona izan arren, lehia gogorra izan zen, batez ere, azken txandan izan ziren taldeen artean. Izan ere, munduko leku guztietan bezala, Australian ere badituzte eskualdeen arteko norgehiagokak.

WSL babesle

World Surf League erakundeak mundu mailako ohiko zirkuituetatik harago, urtero txapelketa «bereziak» babesten ditu. Hau da, nesken zein mutilen CT, QS, longboard eta olatu handien zirkuituetatik aparte, bere ustez interesgarriak diren txapelketak egiten laguntzen du, eta modu horretan, lekuko txapelketek mundu mailako oihartzuna izaten dute, eta aldi berean, WSL erakundeak ohiko formatutik aldentzen den zerbait eskaintzen du.

Gauzak horrela, aurtengo sasoian bost dira mundu mailako erakundeak babesten dituen txapelketak: uztailean, Baliko Padang-Padang urautsian egingo duten lehiaketa; abuztu hasieran, Maldiva uharteetan egingo dutena; abuztua amaieran Angelun gauez egingo duten txapelketa; urte amaieran Hawaiin egiten den Triple Crown itzuli laburra; eta atzo goizean Australian amaitu zen elkarteen arteko txapelketa.

Etxekoak garaile

Metro bateko olatu bihurriak izan ziren New Castlen, alegia, taldeen arteko txapelketa bat egiteko baldintza ederrak izan ziren eta, lehiakideek gozatu ahal izan zuten. Taldekako kategorian, urtero bezala, izan ziren uretatik atera ostean korrika egitea kosta egiten zitzaien lehiakideak, baina urertzean jende mordoa pilatu zen hondartza korrika zeharkatu behar zuten surflari akituei animoak emateko.

Azkenean Merewether Surfboard Club izan zen Australiako elkarteen arteko txapelketako irabazlea, 36.000 punturekin. Elkarte honen berezko izena «Merewether Surf Life Saving Club» da, baina elkarteek batzuetan izena aldatzen dute lehiarako. Edonola ere, etxean irabazi zuen taldeak eta pozarren ziren lehiakideak.

Jesse Adam, elkarteko lehendakariak honako adierazpenak egin zizkion WSLko erreportariari: «Taldekide guztiak kondairazko surflariak dira, oso harro nago haietaz, zeren aurten bi kidek lesioa izan zuten eta ez genuen espero titulua irabaziko genuenik, baina hainbeste bider hain gertu egon ostean, aurtengoan lortu dugu, eta etxean gainera, hau eromena da».

Bigarren postuan, 32.000 punturekin, North Shelly Boardriders taldea geratu zen. Sydneyko elkarte honek Manly hondartzan du egoitza, baina ez da hondartza hartako klub bakarra.

Hirugarren postua, 27.900 punturekin, Gold Coasteko North Shore taldearentzat izan zen. Elkarte honen berezko izena ere bestelakoa da, «Sunshine Coast Surfing Club», eta egun 100 kide dituen elkartea 1969. urtean sortu zen.

Azkenik, laugarren postua, Snapper Rocks talde ospetsuak eskuratu zuen, 25.10 punturekin. Talde honek bi bider irabazi zuen Australiako elkarteen titulua azken urteetan.

Sophie McCulloch, North Shore taldeko lehiakideak emakumezko lehiakide onenaren saria jaso zuen eta saria Layne Beachley zazpi bider munduko txapeldun izandakoak eman zion.

Liam O’Brien Burleight Headseko taldekideak ostera, gizonezko lehiakide onenaren saria irabazi zuen eta Rabith Bartholomewren domina jaso zuen. Bartholomew, munduko txapeldun izan zen 1978an eta Australiako surflari ospetsuenetako bat da.