Andoni ARABAOLAZA
BOULDER TXAPELKETA

Ikuskizuna eta maila hitzordu nagusian

Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Boulder Txapelketa jokatu zen joan den larunbatean, Iruñeko Bihatz rokodromoan. 70 lehiakidek hartu zuten parte eta lau kategoriatan banatuta lehiatu ziren.

Dagoeneko, eskalada lehiak erritmoa hartzen ari dira. Urtearen lehen bi hilabeteotan baten batzuk jokatu dira. Hori bai, denak proba herrikoiak edo eskolartekoak izan dira. Joan den larunbatean, berriz, beste lehiaketa batek aipatutakoari plus bat eman zion. Aurrekoak ez gara gutxiesten ari, baina Iruñeko Bihatz rokodromoan antolatu zena, berez, hitzordu nagusitzat har genezake. Bederen, Euskal Mendizale Federazioarentzat.

Erakunde honek urteko Boulder Txapelketari ateak zabaldu zizkion. Batzuek Euskal Herriko edo Euskadiko Txapelketa deitzen diote. Baina, agian, egokiagoa da esatea Euskal Mendizale Federazioaren Boulder Txapelketa dela; izan ere, soilik federazio horren txartela dutenek har dezakete parte. Argibide gehiago emateko, esan behar dugu nafar federazioaren lizentzia dutenek Bihatzeko proban parte hartu zutela, baina Open edo Irekia atalean.

Zehaztapen hauek guztiak aurreratu ondoren, blokeko lehia nagusi horrek eskaini zuena jorratuko dugu. Lehenik eta behin, aipatu behar dugu 70 lehiakidek hartu zutela parte. Eta hauek guztiak lau kategoriatan banatu ziren: 16, 18 eta 20 urtez azpikoak, eta seniorrak. Jakina, neskak eta mutilak lehiatu ziren. Hala eta guztiz ere, 20 urtez azpikoen mailan ez zen emakumezko bat bera ere agertu.

Oro har, EMFren zein Bihatz rokodromoaren beharginek eginiko lana txalotzeko modukoa da. Batetik, lehia luzea bada ere (goiz eta arratsaldez jokatzen da), erritmo bizia izan zuelako. Eta, gainera, ordutegi guztiak bete egin ziren; hots, ez ziren batere luzatu. Bestetik, den-dena ondo baino hobeto atondu zutelako; besteak beste, lehiakideei dagozkien atalak. Eta hirugarrenik, ekipatzaileek bloke ederrak asmatu zituztelako. Lehiakide ia gehienentzat oso egokiak izan ziren, eta publikoak ere eskertu zituen. Lan horretan jardun zutenak Sergio Verdasco eta Lucas de Jesus izan ziren. Izaera ezberdinetako korapiloak ekipatu zituzten: dinamikoak, oreka mantentzekoak, klasikoak...

Agian, “akats” bakarra sailkapenetako blokeetan izan zuten. Hain zuzen ere, gazteenentzako zuzendutako korapiloetan; izan ere, morfologia kontuak direla eta, ez da oso egokia izaten bloke bera jartzea 10 urte gazte bati eta 15 urtekoari. Horregatik, agian, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen kategoriei (horientzat antolatu ziren lehiaketak) 12 eta 14 urtez azpiko mailak ere gehitu beharko zaizkie.

Lehia estuak

Ohi den bezala, goizez, sailkapen txandak izan ziren. Bi multzotan banatu ziren. Alde batetik, 16 (neskak eta mutilak), 18 (neskak) eta 20 urtez azpikoak (mutilak). Eta bestetik, 18 urtez azpikoak (mutilak) eta seniorrak (neskak eta mutilak). Multzo bakoitzak bi ordu izan zituen hamabosten bat korapilo askatu ahal izateko.

Sailkapenak jokatu ondoren, final ezberdinetara sailkatutakoen zerrenda argitu zen. Oro har, lasai asko esan dezakegu ezustekorik ez zela izan. Faboritoen artean lehia gogor zein estuak izan ziren. Ezustekorik ez, baina hutsune garrantzitsu batzuk izan ziren. Batez ere mutil nagusien kategorian.

EMFren lehia nagusira Mikel Linazisoro, Bittor eta Andoni Esparta anaiak eta Eneko Carretero ez ziren azaldu. Hots, egungo lehiakide sasoikoenetarikoak. Hauek guztiek Fedmek antolatutako topaketa izan zuten. Beraz, modu batera edo bestera esanda, ezin izan zuten parte hartu.

Lehiakideek eskainitako ikuskizunari, bestalde, publikoaren berotasuna eta txaloak gehitu behar zaizkio. Arratsaldean, bederen, ikusle andana bertaratu zen lehia jarraitzera.

Senior mailan, nesketan, Itziar Zabalak ez zuen hutsik egin. Eta, beste behin, txapela etxera eraman zuen. Faborito nagusia zen, baina sailkapenetan ez zen onena izan. Hala eta guztiz ere, dimoztarra eraginkorragoa izan zen finalean: «Sentsazio aldetik ez da izan txapelketarik onena. Entrenamendu gutxirekin joan naiz, baina emaitzarekin oso pozik nago». Bigarren postua Irantzu Porresentzat izan zen, eta hirugarrena Irati Zabalarentzat.

Mutiletan, berriz, aipatutako hutsuneak ondo baino hobeto baliatu zituen Isaac Estevezek. Eskalatzaile hau ere ez zen sailkapenetan buru jarri, baina finalean txapela eskuratu zuen. Ander Mendietak zilarrarekin behar izan zuen konformatu. Podiumaren hirugarren kutxara Iñaki Arantzamendi igo zen.

20 urtez azpikoen kategorian soilik mutilak lehiatu ziren. Nahiz eta lehiaketetarako oso sasoiko ez egon, Tasio Martinek erakutsi zuen eskarmentu aberatsa duela. Eta horrek garaipena eman zion. Beste bi eskalatzailek oso maila ona eman zuten: Joanes Aranburuk eta Xabier Murgiondok. Bigarren eta hirugarren izan ziren, hurrenez hurren.

18 urtez azpikoetan, Aitziber Urrutia eta Martzel Vicario gailendu ziren. Bigarren postuak Izaro Azkue eta Mikel Cuerdarentzat izan ziren. Eta hirugarrenak Ilia Uriarte eta Haitz Gisasolarentzat.

Azkenik, 16 urtez azpikoetan, Haizea Oses nagusitu zen nesketan. Haren atzetik Uxue Marquez eta Lucia Arlanzon sailkatu ziren, hurrenez hurren. Eta mutiletan, Joanes Espartak irabazi zuen, bigarrena Borja Bernalte izan zen, eta hirugarrena Aimar Uson.