Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Biarrizko auzapezak ez du aintzat hartu G7koen bilkura eteteko egin dioten eskaera

Michel Veunac eta G7aren kontrako plataformako kideak lehen aldiz bildu ziren Biarrizko udaletxean. Alde bakoitzak bereari eutsiko dio. Segurtasun arazoak dira guztien kezka iturri. Gazteek Oldartu! sortu dute.

Lehen aldiz, G7koen gailurraren kontrako plataformako bost ordezkari Biarrizko auzapezarekin bildu ziren atzo goizean. Hots, Euskal Herri osoko 36 talde biltzen dituen plataformak «Biarrizko egiturak G7a egiteko ez erabiltzea» eskatu zioten Michel Veunac auzapezari, baina honek G7aren aldeko jarrera irmoa erakutsi zuen.

Abuztuaren 24 eta 26a bitartean mundu osotik etorritako mandatariak bilduko dituen gailurra gaitzesteko dituzten argudioak azaldu zizkioten auzapezari plataformako kideek, baina bilkura amaitu ostean egin zuten prentsaurrekoan salatu zutenez: «Veunac jaunak ez du entzun nahi».

Segurtasun neurriak

Bi aldeen jarrerak zeharo kontrajarriak izan arren, izan zen alde batekoak zein bestekoak arduratzen zituen afera bat, «segurtasunaren arazoa», alegia. Hartzea Lopez Arana, G7 Ez plataformako kideak jakinarazi zuenez, «Veunacek onartu du manifestatzeko eskubidea dugula, baina isilik».

Danielle Nopal biarriztarrak herritarrek dituzten kezken berri eman zuen; esaterako, gailurrak inguruko errepideetan sortuko dituen auto pilaketak edo dendariek istiluei dieten beldurra aipatu zituen, eta «halako herri txiki batean tamainako ekitaldi bat egiten bada», herritarrentzat gogaikarria izango dela abisatu zuen.

Astelehenean kargua hartu zuen Eric Spitzek, Pirinio Atlantikoetako prefet berriak, mobilizazio oro debekatuko duela iragarri duen arren, G7aren kontrakoek ez dute atzera egiteko asmorik. «Guk ez dugu utzi nahi gailurra egiten eta mobilizazioak egingo ditugu», nabarmendu zuen Lopez Aranak.

G7 Ez plataformako kideek gogor salatu zuten prefeta iragartzen ari den neurriekin giroa gaiztotzen ari dela. Lopez Aranek honako hausnarketa luzatu zuen: «10.000 polizia ekarriko dituztela diote eta atxilotu asko izango direla aurreikusten dutenez Baionako auzitegia hartuko dute; halako adierazpenek giroa ozpindu egiten dute».

Herritarrekin bilkurak

Egoera honen aurrean, «herritarrak informatu eta guk eskaintzen ditugun alternatiben berri emateko, aurrez egiten den lana zinez garrantzitsua da», ohartarazi zuen Dominika Daguerre G7 Ez plataformako bozeramaileak, eta horretan ari direla gaineratu zuen.

Baina ez dira herritarrekin bilduko diren bakarrak, Veunac auzapezak eta Herve Jonathan suprefetak sei bilkura egingo baitituzte Biarrizko auzo desberdinetan, eremu bakoitzeko egunerokoan gailurrak nola eragingo duen azaltzeko.