GARA
GASTEIZ

Naturaren gaineko ikuspegi artistikoa

Blanca Abajo Alda artista gasteiztarrak naturaren gaineko bere ikuspegia islatzen duten hogeita hamar lan bildu ditu Gasteizko Luis de Ajuria aretoan. Martxoaren 7ra arte izango dira ikusgai.

Blanca Abajo Aldak naturari buruz duen «ikuspegi berezia» darama Gasteizko Luis de Ajuria aretora. “Mihisi eta kartoi artean” izenpean, artista gasteiztarrak neurri askotako hogeita hamar lan inguru batu ditu, erakusketarako berariaz eginak. «Erabili diren bolumen eta testura ugariek haitz baten trinkotasuna eta gogortasuna edo mendi handi baten indarra ematen diete koadroei», azaldu dute Vital Fundazioaren erakusketa aretotik, eta koadro horiek kartoi gainean eta teknika mistoa erabilita egin dituela zehaztu dute. Erakusketa martxoaren 7ra arte egongo da ikusgai, Gasteizko Luis de Ajuria aretoan.

Obra horietan, harea, hartxintxarrak, porlana edo latexa erabiltzen ditu Abajo Aldak, euren artean nahastuta; «bolumen gogorra eta sendoa ematen diete, gero akrilikoz eta ur-kolorez margotzen dituen piezei, eta burdinazko pintura oxidanteekin ere erabiltzen du», zehaztu dute aretoko ordezkariek.

Lanak tamaina ezberdinetan egin izanak –neurri ertaineko hamabost obra eta beste hamabost txiki– erakusketari «dinamikotasuna» ematen diola ere gaineratu dute. Egilearen hitzetan, «lan batzuk bolumen handikoak dira, oso materikoak, eta beste batzuk lauagoak; horietan ur-koloreak eta pinturaren mugimenduak natura hutsari buruz hitz egiten ari dira, estetika japoniarrak nigan duen eragin sakonari buruz, baita denboraren higaduraz eta edertasun ez-perfektuaz, ez-permanenteaz eta ez-osoaz ere».