M.U.B.
BAIONA

Sorzabal eta Albisuren prozeduren emaitzak apirilean jakingo dira

Parisko dei auzitegiak atzo aztertu zuen Auzitegi Nazional espainolak Iratxe Sorzabalen aurka aurkeztutako hirugarren euroagindua. Lehenengo biak ontzat eman zituen frantses justiziak, defentsak Istanbulgo Protokoloan oinarrituz Sorzabalek salatutako torturak frogatutzat ematen zituen txostena aurkeztu arren. Fiskala eskaera onartzearen alde azaldu zen. Sorzabalen abokatuak, ordea, giza eskubideen urraketa tartean izanik horrek prozedura gelditzera eraman behar lukeen jakiteko Luxenburgoko auzitegiari aurretiazko galdera egitea eskatu zuen. Jujeak apirilaren 17an jakinaraziko du erabakia.

Bestalde, Mikel Albisu preso ohiak frantses lurraldean izateko debekua kentzeko aurkeztu zuen eskaerari buruzko erabakia apirilaren 11n ezagutaraziko da.