Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Ekonomia produktiboa garatzeko erasoa joko du Euskal Elkargoak

Euskal Hirigune Elkargoak ekonomia garatzeko eskema aurkeztu zuen atzo, jarduera produktiboen aldeko apustu argia eginez. Baionako Technocite teknologia-parkean eginiko ekitaldian «begirada estrategikoa atxikiz, erasoa jotzeko nahikeria» agertu zuen Jean-Rene Echegaray tokiko erakundeko buruak.

Parisek agindutako Deszentralizazioaren III. Aktak garapen ekonomikoaren eskuduntza eskualde eta herri elkargoen artean banatu ondoren, bi eremu horiek elkarlanean jardutea ezinbestekoa da. Horretaz jabeturik, Euskal Hirigune Elkargoak, alde batetik, eta Akitania Berria eskualdeak, bestetik, paper osagarria dutela argi du Mixel Etxebest Mauleko auzapezak eta Iparraldeko elkargoko lehendakariordeak. Atzo Baionan azaldu zuenez, «garapen ekonomikoaren alorrean, guri hurbileko eremua dagokigu, eta eskualdeari, eremu estrategikoa».

Iparraldeko eragileekin landutako garapen eskema iragan otsailaren 2an onartu zuen herriarteko kontseiluak. Izan ere, Jean-Rene Etchegaray presidenteak oroitarazi zuenez, «enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa sortuko duen ekonomia produktiboa sustatzeko nahikeria» izan zen erakundea sortzeko arrazoi nagusietariko bat.

Parioa ez da nolanahikoa, are gehiago aintzat hartzen bada Ipar Euskal Herrian dauden 48.243 enpresen eta 143. 440 lanpostuen bi herenak “ekonomia erresidentziala” deritzonari (eraikuntza, zerbitzuak eta turismoa) lotuta daudela.

Ekonomia produktiboaren aldeko apustua «lurraldearen jasangarritasunarekin» lotu zuen Etchegarayk, Ipar Euskal Herrian garapen soziala eta gizarte ekimeneko ekonomia bultzatzeko elkargoak harturiko konpromisoa lehen lerroan jarriz. Bere erranetan, Ipar Euskal Herriak bere alde du, alde batetik, lurraldearen tamaina, eta bestetik, bere egoera ekonomiko iraunkorra. «Konplazentzian erori gabe, gaur-gaurkoz adierazle ekonomiko guztiak berdean ditugu eta horrek ematen digun lasaitasuna behar dugu baliatu», gehitu zuen.

Punta-puntako sektoreak

Sylvie Durruty Ekonomia eta Berrikuntzarako Euskal Elkargoko lehendakariordeak garapen eskemak jasotzen dituen lehentasunak laburbildu zituen. Azaldu zuenez, lurraldearen erronka «sozial eta ekologikoak» bere baitan hartu dituen garapen eskemak zortzi eremu edo jarduera estrategiko lehenetsiko ditu.

DAS akronimopean bildutako zortzi sektoreak hauek dira: aeronautika, nekazaritzako elikagaien sektorea, eraikuntza jasangarria, industria numerikoa, itsasoari loturiko jarduerak edo «ekonomia urdina», artisau ekoizpena, osasuna eta garraio logistika. Euskal Elkargoak zehazturiko eskeman arreta berezia jasoko dute ondoko urteotan zerrendaturiko zortzi sektore horiek.

Teknologia guneak sustatzeari ere garrantzi berezia emango dio tokiko erakundeak. Egun, lau teknologia-parke daude Ipar Euskal Herrian. Bidarten kokatuta dagoen Izarbel teknologia-parkeak industria numerikoa eta digitala ditu ardatz. Bertan dago Estia ingeniaritza eskola. Aeronautika eta robotikari loturiko jarduerak Baionan eraikitako Euskal Herriko Technopole industriagunean kokatuta daude. Eraikuntza eta lurralde-antolamendu jasangarriaren eremuak uztartzen dituen Arkinova parkea Angelun dago eta itsas jardueren edo ekonomia urdinaren babes portua, Ocean Start gunea, berriz, Biarritzen.

Lau industriagune horiek sustatzeaz gain, Euskal Elkargoak bosgarren baten sorrera aurreikusten du, laborantza eta nekazaritza-elikagaien industriaren beharrak aseko lituzkeena.

Mixel Etxebesti egokitu zitzaion Iparraldeko erakundeak enpresa jarduera sustatzeko hobetsiko dituen ekimenak zerrendatzea. Zazpi ardatzez osaturiko bilduma horretan garrantzi berezia du elkargoak industria-zoru eskasia gainditzeko hartuko duen «jokabide irmoak».

Are, Etchegarayen ustez, garapen ekonomikoa galgatzen duen arazoa konpontzeko «erasoa jotzeko» ordua da. Durrutyk ere arazoaren larritasuna nabarmendu zuen; egun 26 hektarea baizik ez dira eskuragarri Iparralde osoan «industria egitasmoak berehala plantatzeko». «Industria-zorua oso murritza izanik, metro karratuko prezioa altua da, eta baldintza horietan ez da arraroa proiektuak beste lurralde batera, hots, Landetara ihes egitea».