Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Roma

Bederatzi izendapen jasota, Oscar sarietarako faboritoen artean dago Alfonso Cuaronen azken filma, “Roma” (2018). 1970eko hamarkada hasieran Mexiko Hiriko Colonia Roma auzoan bizi den klase ertaineko familia baten eta haren zerbitzari indigenaren arteko harremana azaltzen duen lanak kritikaren laudorioak jaso ditu. Indigenen presentzia ikusgai egiteari begira aurrerapausotzat jo dute, Mexikon oraindik gai arantzatsua dena modu baikorrean jorratzen duelako. Hala ote da, ordea? Indiar amerikar eta indigenen ikasketa arloan dabiltzan askok ikuspegi berritzailea eskaini baino Roma betiko topikoetan erortzen dela argudiatzen dute. Yalitza Apariciok jokatzen duen Cleo pertsonaiaren rola zerbitzatzen duen familiaren testuinguruan bakarrik existitzen da: azken horrentzat baliagarria da lan fisiko eta emozionala eskaintzen duen aldetik. Lan hori, ordea, ez da lan moduan azaltzen, funtzio bezala baizik: filma zabaldu eta ixten duten eszenetan lanean agertzen da Cleo, horixe da bere tokia familiaren barruan. Bera bezala indigena den beste zerbitzari batekin duen harremana kenduta, familia nukleotik kanpoko existentziarik ez du. Haurdun uzten duen gizonak, hura ere indigena, abandonatu egiten du, gizonezko indigenen indarkeria eta hari kontrajarrita azaltzen den familia zuriaren izaera babeskoia naturalizatuz. Filma zuri-beltzez izateak indartu egiten du istorioari darion ukitu nostalgikoa: zer pozik bizi ziren garai batean klase ertaineko familia zuriak eta beren zerbitzari indigenak; hori bai, bakoitza bere tokian.