25/02/2019

5G sareak eta gailu tolesgarriak, aurtengo Mobile azokako izarrak

5G sareak, mugikor tolesgarriak eta adimen artifiziala izanen dira gaur hasiko den Bartzelonako Mugikorren Munduko Kongresuko (MWC) protagonistetako batzuk. Samsungek zenbait egun lehenago aurkeztu zituen bere harribitxiak, eta gainerakoek atzo.

GARA|BARTZELONA
0225_eko_mobile2

5Garen Mobile-a da aurtengoa, horretan bat datoz adituak. Huaweik, iaz telefono adimendunen salmenta gehien handitu zuen konpainiak, P30 terminal berria aurkeztuko du, 5Grako prestatua. LG korearrak, Nokiak eta Xiaomik ere erakutsiko dituzte beren azken nobedade tentagarriak. Hurrengo hilabeteetan, Deloittek aurreikusten duenez, hogei bat enpresak merkaturatuko dituzte teknologia berri honetara egokitutako mugikorrak eta 25 operadorek eskainiko dituzte 5G zerbitzuak.

Adimen artifiziala kongresuko ohiko osagaietako bat da. Horren omenez, “Konektibitate adimenduna” leloa hartu du aurten ekitaldiak. Industrian, nekazaritzan eta garraioan aplikatua ikusiko dute bisitariek, besteak beste. Seat-ek, adibidez, gidaritza autonomo eta seguruaren ahalmena jarriko die parez pare, hirirako pentsatutako bere ibilgailu berriaren prototipoarekin. Clinic ospitaleak, berriz, bere lehendabiziko ebakuntza eginen du streamingean 5Garekin.

107.000 bisitari baino gehiago espero dituzte gaur hasi eta ostegunera bitarte, Fira de Gran Viako erakustazokan hasi eta Montjuic aldera zabalduz (4YFN eginen da bertan, hazten ari diren enpresen erakusleihoa), eta Fraga de L’Hospitalet-era ere bai (YoMo ikasle eta irakasleei zuzendutako jaialdia eginen da). Asteburuan jada hasi zituzten ekintzak konpainia batzuek eta ongietorri ekitaldia eta agintarien afari ofiziala ere egin zituzten. Quim Torra Generalitateko presidentea, Ada Colau Bartzelonako alkatea, Pedro Sanchez espainiar presidentea eta Felipe Borboikoa ziren joatekoak, beste batzuen artean. Joan den urtean bezala, aurten ere erregeari eskuan musu emateko ekitaldian parte hartzeari uko egin dio Colauk, «praktika zaharkitua eta ia Erdi Arokoa» dela iritzita.

Meatzetik zabortegira

Mugikorren Munduko Kongresuarekin batera, Mobile Social Congress (MSC) izeneko beste bat eginen da, Setem GKEak antolatua. Asteartean eta asteazkenean izanen da, Pati Manning gunean, Bartzelonako Karitatearen Etxearen erakustazokan.

«Anti-Mobile World Congress» etiketatik ihes egiten dute antolatzaileek, eta MWCren adar sozial gisa ikustea ere ez dute nahi. Jardunaldi batzuk egitea da asmoa, tailer praktiko, nazioarteko hizlari eta eztabaidekin. Gaur egungo eredua salatu eta alternatibak erakutsiko dituzte, subiranotasun teknologikoaren eta bidezko elektronikaren alde egiten dutenak. Izenburu deigarria dute jardunaldiek: “2.0 Esklabotza: meatzetik zabortegira”.

Adibidez, parte-hartzaileek beren gailu elektronikoak eramaten ahalko dituzte eta aditu talde batek horien bizitza luzatzen irakatsiko die, hala, zaharkitze programatuaren zikloa puskatzeko. Gogoetarako eta eztabaidarako gune independente bat eraiki nahi dute, industria elektronikoak ingurumenean eta jendartean dituen inpaktuei, Mobile kongresuan «isiltzen diren» horiei, helduz.

Setemeko kideek adierazi dutenez, teknologien ekoizpen eta kontsumo ereduak «giza eskubideen urratze larriak ekartzen ditu, bereziki lan arloan, baita ingurumenaren gaineko inpaktuak ere». Izan ere, «zoritxarrez, produktuak kontsumismoa bultzatzeko eta kontsumo arduratsua oztopatzeko daude diseinatuak». Hitzaldietako batean Europar Batasunaren barneko Ekialdeko Europako herrialdeetako «lan eskubideen atzerakadaz» hausnartuko dute. Beste batzuetan, Txile, Armenia eta Zambiako meatzeetan izaten ari diren inpaktuez eztabaidatuko dute. Eskulan elektronikoko lan baldintzak ere aztertuko dituzte, Txinako lantegietako suizidioekin duten loturari helduz.

Kongresuan, administrazio publikoko praktika onen esperientziak erakutsiko dituzte, eta software libreko programak nola instalatu ere azalduko dute.

Bestalde, Mobile World Capital Barcelona Fundazioak –Generalitatea, Bartzelonako Udala eta Gobernu espainola dira partaideak– iragarri du 2019 bukaeran edo 2020 hasieran mundu mailako foro bat egin nahi duela teknologiaren inpaktu sozialaz. Teknologiaren erronka handiez eztabaidatzea da helburua, ikuspuntu sozialetik. Bizpahiru egun iraunen luke ekitaldiak eta ez litzateke Mobile kongresuaren egunetan eginen.

Emakumeak, %30

Mobile World Congressera itzuliz, gizonen nagusitasuna da oraindik hitzorduaren beste ezaugarrietako bat, nahiz eta antolatzaileek diotenez pixkanaka-pixkanaka emakumeak leku handiagoa hartzen ari diren. Aurtengo edizioan bisitarien %30 emakumeak izanen direla kalkulatzen du GSMA erakundeak, 2018an baino sei puntu gehiago.

Exekutiboen kopuru handia ere aipagarria da. Stand artean ibiltzen diren pertsonen erdiak konpainietako exekutiboak dira, 200 herrialdetatik etorriak. Zeintzuk diren produktuak eta zerbitzuak erakusten dituzten hamar etxe nagusiak? Ordena alfabetikoan, Ericsson, Facebook, Google, Huawei, LC Electronics, Nokia, Qualcomm, Samsung, Sony eta ZTE.

Egun mugituak datoz, beraz, Bartzelonara eta Metroko enpresa batzordeak grebari eutsiko dio, asteazkenean Lan Sailak deitutako bitartekaritza akordiorik gabe amaitu ondotik. Metroko langileek bi orduko lanuzteak eginen dituzte txanda bakoitzean, astelehenetik ostegunera, MWCko egunetan hain zuzen, beren aldarriak entzun daitezen, amiantoak kaltetutako langileen kasuak hobeki kudeatzeko eskaria tartean.

Zenbakitan

107.000

bisitari izan zituen iaz Bartzelonako Mugikorren Munduko Kongresuak (MWC), eta aurten zifra hori gainditzea espero du antolatzaileak, GSMA elkarteak.

473

milioi euro inguru sortuko ditu kongresuak. 2006an egiten hasi zenetik, Bartzelonan 4.800 milioi inguru utzi dituela kalkulatzen dute.

13.000

lanpostu sortuko ditu ekitaldiak, aldi baterakoak. Zerbitzariak, sukaldariak, muntatzaileak, gidariak, zurginak, azafatak, garbitzaileak, segurtasun pribatuko langileak, arkitektoak eta ingeniariak behar dira, besteak beste.

2.400

enpresak erakutsiko dute beren lana. 200 herrialdetatik etorriko dira.

120.000

metro karratuko azalera izanen du erakustazokak. L’Hospitalet de Llobregateko gunea txiki gelditzen ari da eta 2024rako 60.000 metro karratuko bertze pabiloi bat gehitzea espero dute.