Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

«Kontrako eztarritik» botatako bertsoak, kezkak eta beldurrak

Emakume bertsolariek jasaten dituzten eraso sexistak bildu ditu Uxue Alberdik «Kontrako eztarritik» saiakera liburuan. Hamabost bertsolari elkarrizketatu eta haien kezkak multzokatuz 22 mekanismo izendatu ditu. Hauek bertsolaritzara aplikatu baditu ere, edozein arlotan aurkitu ohi ditugunak dira, eta beraz, edozeinek irakurtzeko moduko liburua da.

Garai batean emakume bertsolariak egon baziren, baina ez egun bezainbeste. Gizonen mundua zelako edo, haien presentzia ia ezkutuan pasatu zen gainera, eta pixkanaka plazetan botatako bertso bakar batzuk berreskuratzen ari badira ere, ez dakigu zeintzuk ziren orduko haien kezkak. Egungo emakume bertsolarienak, ordea, Uxue Alberdik bildu ditu “Kontrako eztarritik” saiakera liburuan, Susa argitaletxearen Lisipe saileko bosgarren alean.

«Ilusioa egiten dit pentsatzeak hemendik 50 urtera nola begiratuko diogun honi», esan zuen Alberdik liburuari begira, bertan biltzen baitira belaunaldi desberdinetako hamabost emakume bertsolariren testigantzak. Bertsolaritza oinarrian duen liburua bada ere, feminismoari buruzko testu bat da. Orokorrean. Bertsolaritza gustuko ez duen edo ezagutzen ez duen edonork irakurtzeko aproposa, jorratzen diren gaiak edozein egoeratara aplikatu ahal direlako. Liburuaren editorea Jule Goikoetxea feminista izan da eta berak egin zituen aurkezpen lanak atzoko ekitaldian. «Ilusio handiz nator, ez bakarrik bosgarren ale hau zoragarria delako, baizik eta Uxue lagun eta borrokan kide dudalako», aipatu zuen.

Bertsolaritzarekin izan zuen lehen harremana Lasarte-Orian izan zuen, “Erradikalak gara” saioan, non Alberdi bera ibili zen kantatzen beste batzuen artean. Gustura sentitu eta ordutik gehiago jarraitu du, «eta ez bakarrik jorratzen diren gaiak interpelatzen nautelako», gehitu zuen.

Liburuari dagokionez, aipatu zuen testuan patriarkatuaren dimentsio desberdinak azaleratzen direla, ahots desberdinen bitartez: «Harritu egin nau eta disfrutatu egin dut bertsolari gazteen diskurtso mailarekin», esan zuen pozez idazleari hitza eman aurretik. Alberdik erantzun zion nabari dela «emakume bertsolariak artikulatuta daudela eta genero borroka ekartzeko gai izan direla».

Biolentzia motak

Jarraian kontatu zuen gaur egun plazetan aritzen diren hamabost bertsolariren testigantzetan oinarrituta idatzi duela saiakera hau, adierazteko nola sentitzen diren. Zaharrena 1977an jaioa da eta 25 urte eman ditu plazetan; gazteena 1996an jaioa da eta dozena bat urte daramatza kantatzen. Ahalik eta adin tarte handiena hartzen saiatu da, esperientzia handia dutenen artean «orainari tenperatura» hartzeko asmoz. «Bertsolaritza tradizionalaren definizioa zabaldu nahi dut, beste bertsolaritza bat ikusten dut hemen, beste eztarri batetik kontatua», aitortu zuen Alberdik, gehituz emakume bertsolariak gorpuztu egin direla gorputz maskulinoen alboan.

Emakume bertsolariekin izan dituen elkarrizketetan hainbat galdera planteatu dizkie eta horien inguruan hausnartzeko aukera eman die. Gerora, errepikatzen ziren gaiak pilatu egin ditu 22 mekanismotan. Horietako batzuk dira, adibidez, gizonen kidetzat hartuak izatea eta ez emakume bertsolari bezala; deserotizatzea edota hipersexualizatzea; gizonen artean sortzen diren aliantzak; paternalismoa; eta askotan sentitzen duten gutxiespena. «Mekanismo hauek ez dira bertsolaritzan bakarrik gertatzen, errepikatu egiten direnak dira», gogoratu zuen.

«Izugarrizko indarra dago, zenbat gustatzen zaien bertsotan aritzea eta nola antolatu duten euren bizitza horren inguruan. Biolentziak inpaktatu nau», esan zuen idazleak eta kontatu zuen nola “bertsolari intermitenteak” deitu dien horiek, bertsolaritza aldi baterako utzi duten horiek, nola ez ziren kontziente bertsolaritza uzteko erabakia biolentzia hori guztia jasanezina egin zitzaielako hartu zutela.

Elkarrizketatuek gizon zehatz batekin gertatutakoak kontatzen dituzte, baina izen horiek ezkutatu egin dituzte liburuaren helburua gogoeta delako eta ez inor seinalatzea. Elkarrizketatu guztiek, ordea, euren izenarekin sinatzea erabaki dute. Hauek dira: Amaia Agirre, Ainhoa Agirreazaldegi, Maialen Akizu, Miren Amuriza, Maider Arregi, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Alaia Martin, Eli Pagola eta Jone Uria.