GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Fernandez Iradi espetxetik ateratzeko eskatu dute

Sortuk azaldu zuenez, Ibon Fernandez Iradi larriki gaixo den euskal presoaren etxeratzearen aldeko adierazpena onartu zen atzo aho batez Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Bartzordean.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean, EAJ, EH Bildu, PSE eta Podemosen aldeko botoekin, Ibon Fernandez Iradi larriki gaixo den presoaren etxeratzearen aldeko adierazpena onartu zen atzo. Testuan azaltzen denez, Batzar Nagusiek «eskumena duten agintariei eskatzen diete indarrean dagoen legedia eta nazioarteko estandar zorrotzenak aintzat har ditzatela gaixotasun sendaezin oso larriak dituzten presoak, Ibon Fernandez Iradiren kasuan bezala, espetxetik ateratzea ahalbidetzeko, arrazoi humanitarioak eta duintasun pertsonala dela eta».

Hala, dei egiten diote Parisi eta «bereziki Espetxe Erakunde zein dagokion epaitegiari eskatzen diete espetxe populazio osoaren bizitza, segurtasun eta osasun eskubideen errespetua babes dezatela, botere publikoek sentsibilitate berezia adierazi behar dutelako espetxe politika zuzendu behar duten printzipioak eta, zehazki Zigor Prozedura Kodeko 720-1-1 artikulua aplikatzen».

Fernandez Iradiren ama eta emaztea egon ziren atzo batzordean, Sareko kideekin batera. Horiek positiboki baloratu zuten onartutako adierazpena eta presoen auziari aterabidea emateko instituzioen babesa eta bultzada beharrezkoa dela azpimarratu zuten. Duela urtebetetik atzeratzen ari den epaiketaren zain direla ere adierazi zuten, eta presoaren egoeraren larritasunaren berri eman zuten. Espetxean ugaltzen diren birusak hartzeko erraztasuna du eta edozein gaixotasunek esklerosiak sortzen dion mina areagotzen dio. Inaxio Oiartzabal Sareko eledunak egun larriki gaixo 21 preso daudela esan zuen.

Elkarretaratzeak

Bestetik, atzo euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak izan ziren: Mutrikun, 50 lagun bildu ziren; Ondarroan, 113; Lekeition, 71; Bergaran, 45; Zarautzen, 131; Oñatin, 47; Lazkaon, 68; Beran, 19; Gasteizen, 420; Oreretan, 111; Arbizun, 47; Berriozarren, 30; Lezon, 22; Iruñean, 158, Etxarri Aranatzen, 62; Donostian, 71; Añorgan, 23; Getarian, 33; Andoainen, 32; Lizarran, 35; Deban, 37; Agurainen, 43; Usansolon, 18; Galdakaon, 134; eta Zornotzan, 64.