Nagore BELASTEGI
DONOSTIA
Interview
JOSEBA LOZANO
IDAZLEA

«Harrigarria izan daiteke gorpu bat larrutzea eta odolustea, baina egunero gertatzen dira halakoak»

Joseba Lozanok (Gasteiz, 1962) Euskal Filologia eta Filologia Hispanikoa ikasi zituen. «Argiaren erreinua» (Alberdania, 2012) du lehen eleberria, eta haren atzetik «Herioren mandataria» (Erein, 2016) etorri zen, nobela beltzak. Ildo beretik doan «Larrutik ordaindua» idatzi du orain.

Pariseko Komunan kokatzen da Joseba Lozanoren “Larrutik ordaindua” (Alberdania). Nobela historikoaren azala du, baina nobela beltzaren bihotza. Egunero, gatazkaren ondorioz dauden ehunka hildakoen artean larrututako eta odolustutako gorpu batzuk aurkitzen dituzte. Hiltzaile baten lana da, dudarik gabe. Komunako gobernuak, hilketa horiek iraultza kaltetu dezaketelakoan, ikertzea erabakitzen du. Ohiko ikerketa polizialak porrot egiten duenean hasiko dira lanean eleberriko protagonistak.

Eleberri historikoa atze-oihal modukoa da «Larrutik ordaindua»-n, baina thrillerra da eta maitasun istorio baten tantak ere baditu.

Liburu bat idazten hasten naizenean ez dut pentsatzen zer genero erabili behar dudan. Nahikoa dut buruan ditudan ideiak paperera eramatearekin. Egia da kasu honetan nobela beltza idatzi dudala eta thriller normala izan beharrean, nobela historiko baten barruan dagoela, eta erdian badago maitasun istorio bat. Baina ezin da esan maitasunezko liburua denik.

Hasieran ez nuen pentsatuta halakorik gertatzea. Pertsonaia horien hasierako harremana pixka bat tirabiratsua da eta istorioak aurrera egin ahala harremana sendotu egiten da. Maitasun istorio bat gertatzen da gatazka baten erdian. Gatazketan dena bortitzago bizitzen da; uste dut maitasunak kontrapuntu ona egiten ziola matxinadari.

Genero beltza hautatu izana ez da sorpresa izan...

Orain arte idatzi ditudanak thrillerrak dira, baina bakoitzak bere ukitua du. Lehenengoa bada pixka bat esoterikoa; bigarrena eleberri gotikoa da, nobela beltza, edo behintzat gris iluna; eta hau nobela historikoa. Ez da lehen aldia nobela historikoa eta nobela beltza nahasten direna. Hor ditugu “Il nome della rosa” edo “El asedio”. Nik garai historiko bat aprobetxatu dut, Pariseko Komuna. Nahiz eta hemen ondoan gertatu eta duela gutxi gainera, esango nuke nahiko ezezaguna dela. Horren berri emateko eta kontatu nahi nuen istorioa kontatzeko aprobetxatu dut.

Ez dizu beldurrik ematen datu historikoekin hanka sartzeak?

Bai. Aldez aurretik datu asko bildu behar izan ditut. Orokorrean, edozein liburu idazteko datuak batu behar dira, baina kasu honetan gehiago. Kanoi batek jaurtiketa egin behar badu, jakin behar duzu nola egiten den hori. Nik ez nekien. Edo opio erretegi batera sartzen bazara, jakin behar duzu nola funtzionatzen zuten.

Garai hartako liburu asko dago. Gurean gertaera ezezaguna den arren, garai hartako kronikak, liburuak, egunkariak eta argazkiak ugariak dira. Liburu honetan zailena izan da datu askoren artean egia ateratzea. Iraultzaileek modu batera kontatzen dute historia, eta kontserbadoreek beste batera. Gertaera bera bi modu oso desberdinetan kontatzen da. Zaila izan da jakitea non dagoen benetako egia.

Baina abantaila bat ere badauka: seguru nago behin baino gehiagotan hanka sartu dudala, baina jendeak nik baino datu gutxiago ditu horri buruz.

Hala ere, nobela historikoa izateak ez du esan nahi kontatzen den guztia benetakoa denik. Benetako datuak erabiltzen ditut, testuingurua, baina gauza batzuk asmatu egiten ditut istorioa osatzeko.

Gertaera ezezaguna izateagatik aukeratu al duzu Pariseko Komuna?

Ez. Niri XIX. mendearen amaiera oso garai polita iruditzen zait. Koktelera batean sartzen ditut hipnosia, hildakoekin egiten ziren esperimentuak elektrizitatearekin –garai hartan idatzi zuen Mary Shelleyk “Frankenstein”–, koktelera horretan ere badaude droga berriak, espiritismoa, sortzen ari den psikologia, osatzen ari diren nazio berriak... mugimendu politiko oso potenteak ere garai hartan hasi ziren. Oso garai interesgarria da, gauza asko gertatzen dira, uztartu egiten dira mundu moderno eta zientifikoa sineskerien munduarekin. Oso erakargarria suertatzen zait hori guztia, eta garai hartan bizi izan zen jendea eta gertaerak.

Irakurlea kokatzeko idatzi behar izan al duzu hitzaurrea?

Zalantza asko izan nituen hitzaurrearekin, nire ustez hori delako egin behar ez den gauza bat nobela bat idazten denean. Nire obsesioa da irakurlea harrapatzea lehenengo paragrafotik. Kasu honetan, arazo handi bat nuen, zeren ez banuen kontatzen gertaera historiko hori oso zaila zen istorioa ulertzea. Zergatik zeuden prusiarrak Parisko kanpoaldean? Zergatik sortu zen matxinada? Zergatik ari ziren frantsesak frantsesen kontra? Zergatik ejerzitoa batetik eta iraultzaileak bestetik? Beraz, erabaki nuen bi orriko hitzaurrea idaztea. Ez da luzea, beraz, pazientzia pixka bat eskatu behar zaio irakurleari. Testuingurua ulertu gabe oso zaila da aurrera egitea.

Eleberriari misterioa ematen dion osagaia modu makabroan hilda agertzen diren gorpuak dira.

Horrelako gaiak jorratzen direnean jendeak uste du esajeratuak direla, baina aste honetan bertan emakume bat agertu da zatituta tipo baten hozkailuan. Egunero gertatzen dira horrelako basakeriak eta handiagoak. Baten batentzat harrigarria izan daiteke gorpu bat larrutzea eta odolustea, baina egunero gertatzen dira halakoak eta jarraituko dute gertatzen gizakia horrelakoa delako.

Pertsonaiei dagokienez, Sophie Blanchet dugu heroia, erizaina, detektibe lanetan aritzea tokatzen zaiona.

Hiru protagonista daude, baina liburua irakurtzean konturatzen zara garrantzitsuena Sophie dela. Gaixotasun mentaletan espezializatutako ospitale batean egiten du lan. Berari hiltzaileen burmuinaren mekanismoak interesatzen zaizkio, batez ere gaur egun serieko hiltzaileak deitzen diegunak. Hau da, aldian-aldian eta ageriko arrazoirik gabe pertsona bat baino gehiago hiltzen dutenak.

Erizain modura hasten da, baina erizaina baino gehiago da; zientzialaria da. Garai hartan oso zaila zen halako lanpostuak eskuratzea. Gerora gobernuak proposatzen dionean hiltzaile bati buruzko ikerketa poliziala bere gain hartzea, ausarta da eta aurrera egiten du. Lehen aldiz aukera dauka ikerketa zientifikoa egiteko eta hiltzaile baten hurrengo urratsei aurre hartzeko.

Emakume miresgarria da. Garai hartan konturatzen ari ziren jendea ez zela hiltzen zauriaren larritasunagatik, baizik eta gero sortzen ziren infekzioengatik, eta Sophiek badaki eskuak ondo garbitu behar direla ebakuntzak egiterakoan. Lehen uste zuten hiltzaileak egitura fisiko batekin jaiotzen zirela. Sophie haiekin hizketan konturatzen da beste zerbait badagoela, eta segur aski traumak izan daitezkeela. Oso emakume modernoa da.

Aurkitu dituzu halako emakumeak zure ikerketan?

Beti izan dira horrelako emakumeak, baina zoritxarrez beti izan dira ezkutuan. Askotan gizonek eraman dute saria, baina atzetik beti egon dira emakume artista, musikari, zientzialariak. Nik nolabaiteko omenaldia egin nahi nien ezkutuan egon diren emakume hauei.

Sophiek ba al du «Bildotsen isiltasuna»-eko («The silence of the lambs») Clarice Starling-ez zerbait?

Omenaldi bat egin nahi izan diot. Clarice asko gustatzen zait. Badago eszena bat, non Sophie presondegi batean dagoen hiltzaile batekin hizketan, eta hori “Bildotsen isiltasuna”-tik dago hartuta, argi eta garbi. Hiltzailea alde batean, emakumea bestean. Badaude beste omenaldi txiki batzuk ere. Adibidez, momentu batean ihes egiten dute Pariseko katakonbetatik. Hori “Miserableak” (“Les misérables”) liburutik hartuta dago.

«Miserableak» aipatu duzunez, iraultzaile idealista dugu Fabian. Marius pertsonaian oinarrituta al dago?

Bai, dudarik gabe eragina izan du. Baina Mariusek ez du aurkitzen Sophie bezalako emakume bortitz bat. Fabian familia aberatseko tipo bat da, artista. Ez du familiarekin bizi nahi, ez zaio bizimodu hori gustatzen eta bat egiten du langileen eta iraultzaileen ideiekin eta Parisera doa bizitzera. Komuna aldarrikatzen denean, Guardia Nazionalean sartzen da eta erabakitzen du miliziaren alde borrokatzea, eta beharrezkoa bada bere bizitza ere iraultzaren alde ematea.

Sophie ez da horrelakoa. Bortizkeria eta borroka ez zaizkio gustatzen, ez du ulertzen, baina nahi gabe borrokaren erdian ikusten du bere burua, jende askori gertatu zitzaion bezala. Kontuan hartu behar da gatazkak iraun zuen bi hilabeteetan 30.000 lagun hil zirela, eta horietatik soldaduak 1.000 ere ez ziren, beste guztiak zibilak izan ziren. Errepresioa izugarria izan zen. Azken asteari Aste Odoltsua deitzen diote Frantzian.

Fabianek, beraz, familiaren kontra egiten du.

Aitak lantegi bat dauka eta ez ditu ondo tratatzen langileak. Fabian konturatzen da bera mundu eroso batean bizi dela: ikasteko aukera dauka, Europa osoan zehar bidaiak egiten ditu, kirola egiten du… eta aldamenean ikusten du bere aitarentzat lan egiten duen jendea, eta ez zaio gustatzen. Idealista da, iraultzan sinesten du, eta erabakitzen du mundu eroso hori alde batera uztea eta jendearekin borrokatzea.

Horiekin batera badago hirugarren pertsonaia bat, Leo.

Sophierekin eta Fabianekin triangelu nahiko kuriosoa osatzen du. Bera ere iraultzailea da, baina ez hain idealista. Adinekoa da, esperientzia handikoa. Ez du borrokarik egiten lehenengo su lerroan, baizik eta erretagoardian. Espezialista da gobernu iraultzaileak eskatzen dizkion gauza berezi horiek egiten. Badaki iraultzaren erdian noiz egin behar duen atzera, noiz gelditu.

Fabian eta Leo taldean sartzen dira gobernuak Sophie aukeratu duelako ikerketaren buru izateko eta haren ondoan bi gizon jartzen dituelako laguntzeko. Baina hasieran inork ez du istorio horretan sartu nahi. Fabianek nahiago du barrikadetan egon, Leok uste du denbora galtzea dela baina diziplinatua da eta gobernuak eskatzen diona egiten du, eta Sophiek ez du iraultzan sinisten baina lehen aldiz aukera du horrelako hiltzaile baten atzetik ibiltzeko. Hasieran, bakoitzaren interesa desberdina da.