Jon GARMENDIA
Idazlea

Elkartuz gero

Zain egonda denbora baino ez da pasatzen; eta zerbaiten lortzeko haren xerka joatea da biderik laburrena. «Hay quienes esperan condiciones, nosotros las creamos», idatzi zuen Jenniley Bonilla Kubako poeta gazteak. Maitasunez betetako poemak ziren bizitza laburrean onduak, Habanan gaitz sendaezin batekin sortu eta 24 urterekin zendu zenarenak. Itxoin ordez behar da abian jarri, ibili. Hala ekarri dit gogora ia ahantzia nuen kantu batek, Kanbon 2000. urtean ospatu zen Gazte Topaguneko “Gurea”-k. Hitzak idazteko parada ukan nuen; Igor Arzuagaren doinua zen ardatza, eta Xabi eta Kristina Solano, Gorka Urbizu, Ander Barrenetxea, Amaia Oreja, Koldo Soret eta Haritz Harreguy artistekin osatu zen. «Euskal gazte herria, euskal gazteria, zatikatu gabeko euskal aberria, gazteon batasuna, gazteon freskura, guztion desioa guztion eskura» esaldia maite dut kantutik, urteetako zatiketak bazter utzita, Hegoa eta Iparra norabide berean elkartzen zituen gazte antolakundea sortu baitzen, Haika. Poz uneak ziren, ilusio berrituak lur zaharraren gain. Gerora zatikatu egin da batasun hori, eta ez dut oraino ulertu zergatia, Aitzina eta Ernai gurdi bereko gurpil ulertzen ditut. Eta hala etorri zait burura, esperantza noiz piztuko zain gauden honetan, gazteek dutela zer erran anitz. Elkartuz gero, zer?