GARA
SEBASTOPOL

Putinek Krimea Errusiara batu zeneko 5. urteurrena bedeinkatu du

Krimeak –eta Sebastopolek– Errusiarekin bat egin zuen 2014ko martxoaren 18an erreferendum baten ondoren. V. urteurrenean Vladimir Putin bertan izan da, eskualdeak argindarra bermatzeko zituen zailtasunei aurre egingo dieten bi zentralen inaugurazioan.

Vladimir Putin Errusiako presidentea Krimean izan zen atzo, Moskuk penintsula bereganatu zuen V. urteurrenean.

Kremlineko maizterrak bi zentral elektriko inauguratu zituen bere bisitan, «eskualdea bere argindarra izateko gai dela aldarrikatuz», azaldu zuen presidentearen eledun Dimitri Peskov-ek. Horrela bada, Balaklavskayako eta Tavricheskayako zentral berriekin, Krimeak bikoiztu egingo omen du bere argindar-produkzioa (1.100 megawattetik 2.070era).

Putinek berak azaldu zuenez, «orain arte Krimeak ezin zuen eskolek, ospitaleek eta etxebizitzek behar zuten adina argindar produzitu. Orain, ordea, egoera guztiz aldatu da eta industria eta turismoa garatzeko beste argindar sortzeko gai da».

Are gehiago, bere esanetan, «Krimea gai izango da, beharrezkoa denean, inguruko eskualdeei argindarra emateko». Krimea, jada, Errusiako kontinenteari lotuta dago 2018an Kertx-eko itsasartean zabaldu zuten zubi erraldoiari esker.

Ondoren, Putin Sebastopoleko portura abiatu zen eta Krimeako Gerran (1854-1855) eta II. Mundu Gerran hiria defendatu zuten errusiarren eta sobietarren ohorez eraiki zen Malajov Kurgan izeneko gerra-oroimenezko zentroa bisitatu zuen.

Kremlineko maizterrak, jakinik Krimeak eta Sebastopolek Errusiarekin bat egitea «munduan askok» ez dutela onartzen, 2014ko martxoaren 16ko erreferenduma ekarri zuen gogora, zeinean botoen %95 Ukrainarekin harremanak haustearen aldekoak izan ziren. «Herriaren nahia printzipio demokratikorik garrantzitsuena baldin bada, horra hor», esan zuen.

Lege zorrotzak

Bitartean, Errusiako buletin ofizialak Putinek atzo bertan sinatutako bi legeen berri eman zuen. Lehenak fake-news direlakoak plazaratzea zigortzen du eta bigarrenak, «aberriaren sinboloak» iraintzea.

Giza eskubideak defendatzen dituzten hainbat erakundek gogor gaitzetsi dituzte bi legeok, zentsurari atea zabalduko dioten beldur.

Lege zorrotzak

Krimeara bueltatuz, krimearren %89k Errusiarekin bat egitea babesten du; %88ek errusiarren kasuan. Biztanleen %10 osatzen duen gutxiengo tartaroa da anexioaren aurka dagoen bakarra. Hala ere, Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak Krimea berandu baino lehen «berreskuratuko» duela agindu zuen atzo, hauteskunde kanpaina bete-betean.

NATO ere Krimearen anexioaren aurka azaldu zen.